JUAN AMBROSIO ARRIOLA  (1833-1863)

Juan Ambrosio de Arriola eta Jáuregui, Elorrion (Bizkaia) jaio zen 1833ko abenduan. Lehen musika ikasketak Pedro Lucas de Bengoa fraide frantziskotarraren eskutik jaso zituen, Arantzazuko komentutik kanporatuta izan zena.

1854an Madrilera joan zen Kontserbatorio Errealean ikasketak sakontzera, eta Hilarión Eslavaren ikasle izan zen. Elorriora itzuli zenean, organista bezala ezarri zen berriz ere. Bere ogibidean oso trebea izan zen, eta Murtziako katedraleko organoa ere inauguratu zuen. Batzar Nagusien babesarekin, Parisen denboraldia eman zuen baina gaixorik jarri zen eta Elorriora itzuli behar izan zuen. Bere jaioterrian zendu zen 1863ko apirilaren 8an, hogeita bederatzi urterekin.

Ahotserako musika erlijiosoa idatzi zuen, horietako bat Misa solemne 1860an idatzi zuen Bizkaiko jaurerriko Batzar Nagusien omenez. Organo bakarrerako obrak, pianorako obrak eta El firmante izeneko zarzuela idatzi zituen. Azken honi Ricardo de Zamacois-ek jarri zizkion letrak eta Madrilgo Jovellanos Antzokian estreinatu zen.

Organorako idatzi zituen bere obretako batzuk Bonifacio Eslavaren argitaletxeak argitaratau zituen. Resurrección Mª de Azkuek Arriolaren zenbait zortziko argitaratu zituen Euskaltzale aldizkarian. Lazcano y Mar argitaletxeak zenbait obra argitaratu zituen 1909an, eta Corazón de María argitaletxeak 1930ean.

BIBL.:

Eduardo de Urrutia. “Galería biográfica de vascos ilustres: Juan Ambrosio de Arriola”. Euskalerriaren alde, p. 5424-543.

Arriaga, José de. “Artistas vascos: Ambrosio de Arriola”.

Berguices, Ángel. “Arriola Jauregui, Juan Ambrosio”. En Diccionario de la Música Española e Hispanoamericana, vol. 1, 1999, p. 757-758.

Abaunza, Fernando. Diccionario de músicos vascos. Autoedición, 2017.

LANAK