HISPANOAMERIKAR BALTZUA

Inurrieta eta Konpainia Hispanoamerikar Baltzua 1917ko urtarrilaren 30ean eskrituran eratu zen merkataritza-sozietate kolektiboa bezala. Bertako bi bazkideak Juan Inurrieta, industrialaria eta Eugenio Insausti, merkataria (1), ziren. Xede soziala “piano, pianola, harmonium, organo, biribilki, idazteko makina eta beraien osagarri eta antzekoen salmentaren ustiapena eskura eta epeka” zen.

1917ko irailaren 1eko Jabetza Industrialaren Buletinean, 31.105 zenbakiarekin, “Sociedad Hispano Americana” merkataritza-markaren eskaria egin zuten. Halaber, hilabete bat beranduago, 3.712 zenbakiarekin, “La Hispano Americana” merkataritza izenaren baimena eman zieten.

Kapital sozialaren ekarpena zati berdinetan egin zuten, nahiz eta administrazioa, kontabilitatea eta beste barne-araudiak Eugenio Insausti-aren ardurapenean geratu; salgaien eskaerak eta izaera teknikoa zuen guztia, ostera, Juan Inurrietaren agindupean gelditu zen. Bestalde, administrazio-kudeaketa biek betetzea erabakitzen dute.

Juan Inurrieta bere negozioarekin jarraitzeko baimena (2) estatutoetan jasota geratu zen, baina “W.W. Kimball eta Konpania etxearen piano, harmonium, organo eta biribilkiekin merkataritzan jardun gabe” beste mugapenen artean; Hispanoamerikar Baltzuak Espainian esklusiban zuen izen handiko amerikar marka bat baitzen.

Baltzuak sozietate-egoitza Askatasun etorbideko 27. zenbakian zuen eta berehala 65 eta 88 notako piano automatikoentzat “Ideal” pianolako biribilkien merkaturatzearekin hasi zen. 1918. urtean Madrilen eta Bartzelonan, Fuencarral eta Jose A. Clave kaleetan agentziak bazituen hurrez hurren. Garaiko aldizkarietan eta egunkarietan txertatzen zen publizitatean, salmentaren 20 hilabeteko epeka eta eskurako ordainketaren %15 beherapena iragartzen zuten.

Bere errepertorio zabalean, mila biribilki baino gehiagokoa, musika espaniar eta klasikoa orokorraz gain, euskal musika ere azaltzen zen; hala nola, Marcos de Alcorta-ren Ezpata dantza, Aurresku eta San Inazioaren martxaEmilio Arrieta-ren Marina operaren zatiak, Bartolome de Ercilla-ren AnhelosJuan Guelbenzuren MamitaJose Mª de Iparragirre-aren Guernikako arbolaSebastián Iradier-aren La PalomaJoaquin Larregla-ren zenbait mazurka, fantasia eta jota, Antonio Peña y Goñi-ren BasconiaPablo Sarasate-aren Capricho vascongado eta beste lan, Ignacio Tabuyo-ren La del pañuelo rojo zortziko ospetsua, Jose Mª Usandizaga-ren Las Golondrinas operaren Pantomima eta Damaso Zabalza-ren Aritzari zortzikoa.

1920an bazkide biak estatutuak aldatzeko biltzen dira, sozietatearen iraupenaren epea 1925eko abenduaren 31 arte handitzeko asmoarekin; hauek sozietatea “ezin izango da disolbatu edo desegin inolako kausengatik” zioten. Honen arrazoia Filomeno Acia y Urrarekin sinatutako akordioan zegoen. Honek sozietate komanditario moduan diru kopuru inportantea sartu baitzuen.

1922an beste aldaketa bat gertatu zen, bi bazkide kudeatzaileek Baltasar Reparaz Arizpe jaunari botere handi bat eman zioten; hau, une horretatik aurrera, ahalordedun bezala, finantza-eragiketaz arduratuko zen. Urte honetan 6.005 zenbakiarekin “Sociedad Hispano Americana” markaren beste bertsioa erregistratu zuten, non Espainia osoko ordezkariak agertzen ziren (Madril, Bartzelona, Zagagoza, Bilbao, Valentzia, Sevilla, Kordoba, Cádiz, Malaga, León, Palentzia, Oviedo, Gijon, Almeria, Granada, Murtzia, Coruña, Vigo eta Santander). 1923an etiketa angeluzuzen bat 51.619 zenb. marka bezala erregistratu zuten, etiketa honetan Hispanoamerikar baltzuaren (3) salgaien publizitate-afixak bere eskuetan heltzen zituen mandatu-mutilaz jantzitako mutikoa azaltzen zen.

Urte berean, 1923ko ekainaren 16an, Eugenio Insausti hil zen. Hurrengo hilabetean, Juan Inurrietak sozietatearen deuseztearen akordioa Ramona Arriola (4) bere alargunarekin sinatu zuen. Baltzuak 1923ko uztailaren 3an bere jarduera bertan behera utzi zuen. Aipatutako deuseztearen arrazoiak Kapital sozialaren erabateko galera izan zen, ekainako 10ean egindako azken balantzearen emaitzaren arabera; gainera, Ramona Arriolak baltzuaren partaide ez jarraitzearen desioa jakinarazi zuen. Halaber, Juan Inurrietak bere aktiboa eta pasiboarekin geratuz, sozietatearen likidazioaren ardura hartzea adostu zuten; horrela “Pasibotik egiteko gelditzen diren eta aktiboa gainditzen duten betebehar sozialak bera bakarrik betetzea, Insausti jaunaren jaraunsle eta eskubidedunei erantzukizunetatik salbuetsita geratuz”. Era berean, Filomeno Acía jaunari sozietatean sartutako dirua, mozkinekin batera itzuli zioten.

Sozietatearen desegitearen eskritura 1923ko irailaren 27an erregistraturik geratu zen eta, tertzio onean, ez zen inoiz aurreko hilabetetan, 1923ko urtarrilaren 17an, Londreseko Columbia Graphophone Company Ltd. etxearekin sinatutako akordioa aipatu. Are gehiago, denboraldian deuseztutako sozietatearen izena erabiltzen jarraitu zuen. 1924an Juan Inurrietak, Hispanoamerikar Baltzuaren zuzendari kudeatzaile bezala, su-armak bereizteko Bristoll marka 54.022 zenbakiarekin eta Columbia Graphophone Company sozietate anonimoaren zuzendari kudeatzaile bezala, mintzodun makinak, diskoak, orratzak eta osagarriak bereizteko 54.921 zenbakiarekin “Regal” marka eskatu zituen.

1925eko otsailaren 10ean, 4.050 m2 eta 89 dm2ko lursail baten 2/3eko zatiaren jabe indibisoan bezala, Columbia G.C. sozietatearen izenean, Eduardo Vega de Seoanek Donostiako Udalari zuzendutako dokumentua sinatu zuen. Lursaila Antiguoko Baldaren lursailetan kokatutako gunea zen, proiektatutako hiri-zabalgunearen gunea hain zuzen ere (beste herenaren jabea Andres Peña Elosegi zen, 1921eko uztailaren 22 an Salustiano Loinazek bere zatia saldu egin ziona). Zalantzarik gabe, 1917an Pathefonoaren ustiapenerako Loinaz eta Inurrietak erositako lursaila zen. Sozietatearen 2/3 zati horien gainean “Banco Español de Río de la Plata” eta “Banco Urquijo”erakundeekin hipoteka azaltzen zen, banku horiekin egindako zorren berme bezala. Donostiako Antiguo auzoko hiri-zabalgunearen proiektua (5) lursaila honi zegokion. Eustasio Amilibia Etorbidearen proiektuak zati bat hartu zuen eta Plaza Biribilak eta beste kaleetako trazadurak beste zatia, planaren beharren kanpo lursail txiki bat geratuz. Vega de Seoanek lursai osoaren desjabetzea eskatu zuen, proiektutik kanpo geratzen zen lursail txiki hori edozein jarduerako erabilgaitza geratuko baitzen.

(1) Eugenio Insausti, Leclercq jaunarekin batera, “La Cantábrica” enpresa gailetagilearen jabea zen.
(2) 1919ko urtarrilean, Inurrieta eta Konpainiak Askatasunaren ibilbideko 27an “Chevrolet” beribilaren salmentarako agentea zela iragarki zuen.
(3) 1924an 53.307 zenbakiarekin Sozietate honek, baina Madrilen egoitzarekin, marka honen aldaera erregistratzen saiatu zuen. 1927an eskaera ukatu zen.
(4) Ramona Arriola, Inchaustiaren alarguna, Passaman Fundazioaren ugazaba eta administratzailea izan zen. 1936ko estatu-kolpearen ondoren joan zen eta ez zen inoiz itzuli. In: Zapirain, David ; Irixoa, Iago. Pasaia : desarrollo urbano. Pasaia : Udala, 2011. 88-89 orr.
(5) Lursail honen azpian, Udalaren jabetza izatera pasatu zena, legez kontrako moduan bai izotz-lantegia bai diskoena hornitzen zituzten putzu bat eta hoditeria bat zeuden. Honek gatazka handi bat sortu zuen, 1935ko El Día egunkarian “El Expediente Inurrieta” izenburuarekin argitaratutakoa.