Conchita Martínezek eta José Antonio Lainezek 1969ko martxoaren 19an inauguratu zuten balet-akademia, eta Unidad egunkariak senar-emazteei egindako elkarrizketa hau jaso zuen:

– Nola erabaki zenuten horrelako akademia bat sortzea?

Bost urte eta gehiago eman genituen Holandako Errege Baletaren konpainian; gure hirira behin betiko itzultzean, dantzaren falta sumatzen genuen; gainera, dantza klasikoaren joera berri eta modernoak eman nahi dizkiegu ikasleei.

– Asko aldatu da dantza klasikoa?

Izugarri! Baletaren funtsa bere horretan gordetzen bada ere, gaur egungo arte plastikoekin guztiz bat datozen aldaketak eta gauza berriak daude.

 

– Nola bideratu duzue dantza akademia-estudioa?

Haurrek eta gazteek dantza ikas dezaten. Gaur egungo balet-talde bat sortzeko asmoa dugu, eta arestian aipatutako joera berriak sartuko ditugu.

– Balet horren helburua?

Donostian eta probintzian antolatzen diren ongintzako jaialdi guztietan parte hartu eta jardutea besterik ez da. Otxoteak, orfeoiak, antzerki koadroak eta abar dauden bezala, guk dakigula, ez dago balet multzorik. Gurea izango da lehena, eta, gure lana behar duten guztien eskura egongo da, atsegin handiz lagunduko dugu behar gaituzten tokian eta orduan.

-Ideia bikaina, oso txalogarria eta eskuzabala. Hitz egin dezagun, beste behin ere, balet talde horretaz: Telebistako programetan ikusten dugunaren antzekoa izango da?

Ez, ez, inola ere ez!

– Nola orduan?

Joera modernorik zorrotzenaren barruan egongo da, klasikotik erabat kanpo. Dantzan ildo klasikoei jarraitzen zaie eta aldaketa modernoak sartu nahi ditugu, edertasun plastikoarekin. Gure baleta beti abangoardian egotea nahi dugu, modernismoaren ildoan.

– Programazioaren inguruan zerbait aurreratu dezakezue?

Gauza klasikoak ere muntatuko ditugu klasikoak eta modernoak konbinatuko diren programetan, hau da, ez da egongo ikuskizun klasiko garbirik, ezta ikuskizun guztiz modernoik ere; ongi elkarbanatzeak beti onura dakar.

– Zein adinetatik onartuko dira ikasleak akademian?

Lau urtetik aurrera

La Voz de España, 1969ko martxoaren 20a

– Zuen lehen akademia da?

Bai, hau da lehenengoa; ilusio handia jarri dugu bertan, eta ikusleak zoragarri erantzuten ari dira; Gure hiri baleterako zaletasun handia dagoela argi ikusten da.

– Nola banatzen dira dantza klasiko eta modernoaren klaseak?

Biok  arituko gara lanean; Jose Antonio modernoekin ariko da batez ere, eta ni klasikoekin, baina esan bezala, biok bi alorretan egingo dugu lan.

-Zorte ona opa dizuet. Zorionak Donostiako eta probintziako ongintza-jaialdietan parte hartzeko balet-talde bat antolatzeko ekimen zoriontsuagatik. Oso eskuzabalak zarete!

Mayor Lizarbe