Disko-karatulak

Euskal Herriko ekoizpen diskografikoan

XX. mendearen erdialdetik

Mikel Bilbao Salsidua

UPV-EHU

Itzulpena, Jaione Lizarazu

XIX. mendearen amaieran lehen disko komertzialak argitaratu zirenetik, esperimentazioa, aldaketa eta egokitzapena izan dira industria diskografikoaren bilakaera historikoaren berezko ezaugarriak. Mende bat baino gehiagotan zehar, ikerkuntzak eta esparru zientifikoko aurrerapenek eragin nabarmena izan dute grabazioen kalitatean, eta, aldi berean, biltegiratzeko euskarri eta formatu berriak ekarri dituzte. Artista kopuru kontaezin batek, hamarkada askotan zehar, diskoa bisualki objektu erakargarri bihurtzeko karatulen diseinuan lan egin izan dute.  Hurrengo ataletan, Euskal Herriko hainbat diskoetxek argitaratutako dozenaka erreferentzien karatulak aipatu eta azalduko dira, hala nola  Elkar, Gaztelupeko Hotsak, Aus_Art_records, Gor, Esan Ozenki, Oihuka, Baga-Biga Musika Ideiak, Hilargi Records, Herri Gogoa, Metak, Cinsa, DDT, Soñua, TX, Autapen, Mil A Gritos Records, Usandizaga, Discos Suicidas, NB, Ots, Goiztiri, Xoxoa, IZ, Jazzle, Club du disque Basque eta Arte y Ciencia, hurrenez hurren.

 

XX. mendearen bigarren erdialdetik aurrera argitaratutako lau mila erreferentzia baino gehiagoren artean aukeratu ditugun disko azalek erakusten dute, packaging diskografikoetan garaiko korronte artistiko eta diseinu grafiko ezberdinek eragin nabaria izan dutela.  Hala ere, ikusiko dugun bezala, aipatuko ditugun adibideen talentua eta lan ona ezin dira diskogintzaren historia osora zabaldu. Izan ere, lehen hamarkadetan argitaratzen ziren diskoek ez zuten azalik, eta soilik biltegiratzeko euskarriak ziren, horietan  musikaren edo soinuaren edukia nagusituz.