ERESBIL-Musikaren Euskal Artxiboak bere funtsen artean Euskal Herriko musikaren soinu-ondarearen zati handi bat gordetzen du, gure lurraldeko disko-industriaren hastapenetatik gaur artean. Soinu-grabazioak hainbat euskarritan merkaturatu izan dira historikoki, baina diskoa da, hainbat bertsiotan, LP, single edo konpaktuan, edozein musika-produkzioren merkaturatze komertzialerako erreferentziazko euskarria eta banaketa-formatu nagusia.
Hasieran, diskoa kartoi leuneko zorroekin merkaturatzen zen, kasu batzuetan argitaletxearen izenarekin; hala ere, berrogeita hamarreko hamarkadatik oraintsu arte, zorroak objektu ikonografiko garrantzitsu bilakatu dira, eta horiek, entzuleentzako aurkezpen-gutuna izateaz gain, musikaren eta arte plastikoen arteko interakzioaren erakusgarri ere izan dira, eta ikusleen soinu-esperientzia osatu dute. Argazkilariak, diseinatzaile grafikoak eta talentu handiko marrazkilariak izan dira, askotan, estalki horietako askoren diseinuaren arduradunak.
Bigarren mailako materialak izan daitezkeen arren, soinu-grabazio komertzialekin batera doazen euskarri fisiko horiek eskubide osoko kultura-objektuak dira, eta, gehienetan, zalantzarik gabeko balio akademiko, kultural eta artistikoa dute; beraz, edozein babes-planetan sartzea merezi dute.
Hori dela eta, Eresbilek 4000 karatula baino gehiago babesteko proiektu berri bat jarri du martxan. Karatula horiek joan den mendean Euskal Herrian hasi ziren zigilu diskografikoetako katalogoetakoak dira eta Euskariana Euskadiko Liburutegi Digitalaren bitartez kontsulta daitezke. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak diruz lagundutako proiektu honek material horiei balioa eman nahi die. Euskal diskoetxeek beren diskoen argitalpenetan erabilitako adierazpen ikonografikoen lagin adierazgarri bat eskaini nahi dio publikoari, berrogeita hamarreko hamarkadatik gaur arte, deskarga digitalek eta streaming bidezko musikaren kontsumoak euskarri gisa jarraitzeko etorkizun zalantzagarria iragartzen duten unera arte.
Azterketa historiko-artistikoa Mikel Bilbao Salsiduak egin du, Euskal Herriko Unibertsitateko Artearen eta Musikaren Historia Saileko irakasleak.