
Artistei buruz
XX. mendearen bigarren erdialdeko euskal sortzaile garrantzitsuenen ibilbide laburra egingo bagenu, sorkuntzari eskainitako dedikazioagatik ezagunak diren dozenaka artista ezagun aipatu beharko genituzke. Hala ere, gutxi izan ziren eremu ezagunago batzuetara hurbildu zirenak, hala nola liburuen eta aldizkarien ilustraziora, kartelen diseinura edo, nola ez, diskoen azal eta karatulen sorkuntzara. Hurrengo orrialdeetan belaunaldien araberako sortzaile garrantzitsuenetako batzuk aipatuko ditugu. Hautaketa ez da egin diskoen edo interpreteen kalitateari, garrantziari edo ospeari lotutako alderdiak kontuan hartuta; aitzitik, proposamenen kalitate grafiko eta artistikoekin lotutako alderdiak soilik hartu dira kontuan.
7 irudia – Néstor Basterretxea
Benito Lertxundi “Zenbat gera” diskoaren azala, 1967
Cinsa, 1967
Eresbil G13-0348
8 irudia – Néstor Basterretxea
Benito Lertxundiren “Gure bide galduak…” diskoaren azala, 1967
Cinsa, 1967
Eresbil GA107-D019
Nestor Basterretxea (1924-2014) XX. mendearen bigarren erdiko euskal sortzaile garrantzitsuenetako bat izan zen, zalantzarik gabe. Bere ekoizpen artistikoaz haratago sortzaile moldakor honen talentua interes-eremu anitzetan islatzen da. Horren erakusgarri dira zuzendari, ekoizle, Euskadiko Filmategiaren sortzaile eta 1978an Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren zuzendarikide gisa zinemarekin izan zuen lotura, altzarien, eszenografiaren eta jantzien diseinuan eta karteletan egindako lanaz gain. Basterretxea, gainera, Ez Dok Amairu kultur mugimenduko kidea izan zen, eta horrek harreman estua eragin zion musikaren munduarekin, eta hori argi ikus daiteke taldeko kide batzuen diskoetarako sortu zituen karatuletan. Benito Lertxundiren Gure bide galduak eta Zenbat gera (Cinsa, 1967) lanetarako asmatutako azalak [7. eta 8. irudiak] Basterretxeak diseinu grafikoaren mundura hurbiltzean erakutsi zuen senaren adierazle garbia dira.
Hondo urdin eta beltz indartsuen gainean fotomuntaia erabiltzea, eremu zuri eta urdinak itsatsitako paper-zatien sentsazioa sortzea, eta informazioa modu argi eta zuzenean ematen duen makila lehorreko tipografia, lan horien ikusgarritasunaren ezaugarrietako batzuk dira.
Era berean, aipatutako Xabier Leteren diskoaz gain, nabarmentzekoak dira honako lanak: Karraxiz (Xoxoa, 1979), Euskal Serie Kosmogonikoan oinarritutako poema korala, Basterretxearen beraren testuekin eta Sara Soto Gabiolaren musikarekin; Eskifaia abesbatzaren XX. mendeko eliz musika (IZ, 1988); Ozenki otxotearen Aita Madina: zortzikoentzako kantak (Kea, 1996); edo, Jean Mixel Bedaxagarren Auñamendi (Elkar, 2009) diskoak. Lan horietan bere eskultura batzuen argazkiekin, pinturarekin eta irudiekin esperimentatu zuen.
1948an Basterretxeak Jorge de Oteiza (1908-2003) eskultorea ezagutu zuen, eta lagun minak bilakatzeaz gain, eragin handia izan zuen bere lanean. Biek Oskarbi taldearen disko eponimorako (Edigsa/Herri Gogoa, 1969) karatula oso moderno bat sortu zuten [9. irudia]. Bere planteamendu minimalistaren abiapuntua hondo zuri bat erabiltzea eta oinarrizko forma geometrikoak euskal tipografiarekin konbinatzea izan zen, modernitatearen eta tradizioaren arteko kontraste bitxia sortuz.
Oteiza ez zen oso emankorra izan arlo horretan, baina beste lan batzuk ere nabarmendu behar dira, hala nola Euskal kantu zaharrak diskoaren azala (OTS, 1972), Xenpelar bertsolari eta idazlearen bustoaren irudi eskultorikoa edo Oskarbiren Hitz urri batzuk (Edigsa/Herri Gogoa, 1976). Disko horren karatularen barruko diseinuan beste sortzaile aipagarri batzuek parte hartu zuten, hala nola Antonio Valverde “Ayalde” pintore eta grafistak, Oteizaren lagun mina, eta Felix Garridok.
9 irudia – Jorge de Oteiza eta Néstor Basterretxea
Oskarbi taldearen izen bereko diskoa, 1969
Edigsa/Herri Gogoa, 1969. © Elkar
Eresbil GA107-D003
10 irudia – Félix Baragaña
“Bertsolari Doñuak, 1”, 1967, diskoaren azala
Usandizaga, 1967
Eresbil G11-5798
Felix Baragaña artistak (1925-2017) Usandizaga zigilu donostiarrarekin hirurogeiko hamarkadaren amaieran eta hirurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran egindako kolaborazioak dira, artista plastiko batek bere ekoizpenaren zati garrantzitsu bat sorkuntza aplikatuaren mundura nola bideratzen duen erakusten duten beste adibide nabarmen bat. Margolaria, ilustratzailea eta kartelgilea izateaz gain, Baragañak euskal arte garaikidea bultzatzen lagundu zuen Donostiako B Galeriatik. Espazio hori Carmen Bandres (1936-2017) emaztearekin batera zuzendu zuen 1975 eta 1979 artean . Disko-azaletarako irudiek potentzia handia dute, oroimen kubista eta espresionisten nahasketa konplexu baten emaitza. Kolore bizia eta marra mota bat elkartzen ditu, eta xilografiaren teknika gogorarazten du maiz.
Bereziki adierazgarriak dira arlo honetan egindako diseinuak: Bertsolari Doñuak, 1 (Usandizaga, 1967) eta Guridi, Fernando Remacha, Usandizaga, Aita Donostia, Zubizarreta eta Iruarrizagari eskainitako diskoak, Euskal Abesbatza Antolojia seriekoak (Usandizaga, 1971-1974)
Rafael Ruiz Balerdik (1934-1992) diskoen karatulen ilustrazioaren esparruan ez zituen lagun ugari egin, baina bere unibertso bisual bereziak Imanolen Iratze okre geldiak (Kea, 1982) diskoaren karatularen kanpoaldea edertzen du [11. irudia]. Irudia sormenezko eferbeszentzia handiko garai batekoa da, non artistak olio-pintura utzi zuen argizari eta klarion-pastela lantzeko. Balerdiren trazuaren, kolorearen, formaren eta keinuaren bat-batekotasunak ikusizko kontraste eta erakargarritasun handiko sorkuntza abstraktuak ekarri zituen. Lan hau, beste adibide batzuekin batera, Oskorriren Aita Semeak (1975) single ezagunaren azala esate baterako, artistaren unibertso piktorikoa disko baten karatulara zuzenean eraman izanaren erakusgarri argia da.
11 irudia – Rafael Ruiz Balerdi
Imanolen “Iratze okre geldiak” diskoaren azala, 1982
Kea, 1982. © Elkar
Eresbil G11-1014
Aitzitik, Trikitixa diskoaren azalean eta kontrazalean (IZ, 1981) Iñaki Garmendia «Laja» trikitilariaren eta Ramon Zubizarreta «Landakanda» trikitilariaren erretratuak, bitxikeriatzat jo behar dira bere ekoizpenean; izan ere, bere lehen etapa figuratiboan izan ezik, abstrakzio lirikoarekin eta informalismoarekin lotuta egon baitzen gehienbat.
12 irudia – José Luis Zumeta
Mikel Laboaren “Haika mutil…”, 1969, diskoaren azala,
Herri Gogoa, 1969. © Elkar
Eresbil G13-0765
Jose Luis Zumetak (1939-2020) disko-karatulen sortzaile gisa izan zuen ibilbidea hirurogeiko hamarkadaren amaieran hasi zen, eta hil baino lehentxeago arte iraun zuen. Arlo horretan egin zuen lana Mikel Laboa kantautorearen ibilbideari lotuta egon zen ezinbestean, eta haren diskoetarako hamar proposamen baino gehiago sortu zituen 1969 eta 2005 artean. Horiek guztiek ez dute soilik Zumetak artista gisa izan zuen bilakaera adierazten, baizik eta katalogo esperimental moduko bat osatzen dute, non bere talentu poliedrikoaren fede ematen duten teknika, hizkuntza eta unibertso bisualen bilduma zabala zabaldu zuen. Bere lehen lan batzuk Zumeta margolari peto-petoa erakusten dute. Horren adierazgarri dira 45 b/min-ko Haika mutil disko ezaguna (Herri Gogoa, 1969) eta iraupen luzeko Bat Hiru (Edigsa/Herri Gogoa, 1974) diskoa. Bi disko-azaletan, artistak kolorez eta margoz gainezka dauden forma biribilak eta abstraktuak islatzen ditu. Hala ere, beste adibide batzuetan, hala nola Lau bost (Autapen, 1980) edo 6 (Elkar, 1985), mundu figuratibo, surrealista eta postmoderno batera hurbiltzen da. Ondoren, berriro ere pinturaren esentziara itzultzen da, keinu-marrazketa naifera. Horren erakusle dira Lekeitioak (Elkar, 1988), 12 (Elkar, 1989), 14 (Elkar, 1994) eta Xoriek 17 (Elkarlanean, 2005) lanak, besteak beste.
Mikel Laboarekin izandako lankidetza estu eta emankorrari lotutako adibideez gain, Zumetak beste artista batzuen diskoen karatulen diseinuan parte hartu zuen. Honakoak nabarmenduko genituzke: Amaia Zubiria eta Pascal Gaigneren Kolorez eta ametsez (Elkar, 1986), Txerokee (Mikel Laboaren kantak) diskoa (Elkar, 1990), Juan Carlos Perezen Bitakora cahiera (Esan ozenki, 1992) eta Delorean zarauztarren Mikel Laboa (Elkar 2017).
Zumetaren sormen eta adierazpen erregistro anitzen erakusgarri dira guztiak, abstrakziotik surrealismo onirikora, neoespresionismotik edo naif estiloetatik igaroz. Proposamen horiek eta beste askok erakusten dute euskal artista ospetsu honek sorkuntza hutsaren mundua diskoen karatula edo kartel moduan aplikatutako sorkuntzarekin hibridatzeko zuen grina, medio horretan ekoizpen interesgarri eta oparoa garatu baitzuen.
Pintore eta eskultore lanaz gain, Tomás Hernández Mendizabal artista plastikoak (1940-2021) lan oparoa egin zuen hainbat arlotan, hala nola kartelen eta logoen diseinuan, baita liburu eta diskoen azaletan ere. Manuel García Mercadalen akademian eta Gipuzkoako Arte Elkartean ikasia, Ascensio Martiarena margolaria izan zuen irakasle, arte grafikoen munduarekin lotura etengabea izan zuen, Donostiako Industrias Gráficas Valverde enpresan lan egin baitzuen hirurogeiko hamarkadaren hasieratik 2003an erretiroa hartu zuen arte. 1970eko eta 1990eko hamarkaden artean izan zuen mundu diskografikoarekin harreman hestuena, garai horretan ilustratzaile eta disko-karatulen diseinatzaile gisa zuen talentua erakutsi baitzuen.
13 irudia – Tomás Hernández Mendizábal
Schola Cantorumen “Donostiko kantu zarrak”, 1975 diskoaren azala
Donostia: IZ, 1975. © Elkar
Eresbil G11-0097
Bereziki garrantzitsuak dira Schola Cantorum-en Donostiko kantu zaharrak (IZ, 1975) izenekoak [13. irudia], IZ zigiluaren lehen erreferentzia, Tolosa ‘ko Iñauterik (Ots, 1976), 1976ko Tolosako inauterietarako diseinatutako kartelaren irudia erreproduzitzen duena, XV Nazioarteko Abestaldeentzat Lehiaketa Tolosa (IZ, 1984), 1986ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko goiz eta arratsaldeko saioak biltzen dituzten bi diskoak (Elkar, 1986). Sortzaile honek irudi iradokitzaileen zerbitzura jarri dituen baliabideetako batzuk kolorearen erabilera adierazkorraz gain, marrazketa sintetikoa eta trazu lodikoa menderatzea dira, diskoetako edukia azpimarratu eta edertzen dutenak. Adibide diskografiko horiez gain, aipagarria da Donostiako kultura eta musika munduarekin zuen lotura grafikoa; Donostiako Zinemaldiaren, Jazzaldiaren edo Musika Hamabostaldiaren ekitaldietarako kartelak ere berak egin izan zituen.
14 irudia – Daniel Txopitea
Iokin eta Iosuren “Nire Herria bezala”, 1977 diskoaren azala
IZ, 1977. © Elkar
Eresbil G11-1154
Daniel Txopitearen (1950-1997) unibertso piktoriko eta bereziak, hirurogeita hamarreko eta laurogeiko hamarkadetan sortutako hainbat diskoren karatuletarako diseinuetan proiekzioa izan zuen. Bere ekoizpen gehiena pinturaren esparruan garatu zuen arren, bere aldakortasunak eta sortzaile gisa izan zuen bilakaeragatik literatura, argazkilaritza, grabatua edo sorkuntza aplikatua bezalako beste esparru batzuk jorratu zituen. Azken eremu horretan, sormenaren arloan zituen askotariko interesen fede ematen duten hainbat obra diseinatu zituen. Horrela, Iokin eta Iosuren Nire herria bezala (IZ, 1977) diskoko karatula [14. irudia] grabatu moduko bat bezala sortu zuen. Paper urratu batek izenburua agerian uzten du, Courier motako tipografia mekanografikoa duen buklez inprimatua, tinta beltzezko atzealdearen gainean.
Erregistro guztiz desberdin batean, Big Band Pamplonaren (Soinutek, 1981) izen bereko diskoaren azala, margolan moduan gauzatu zuen. Bertan, musikarien eta instrumentuen irudiak marrazki zuri fin batek mugatzen ditu, eta modu errazean modelatzen dira. Gama kromatiko urria erabili zuen, okre, marroi, urdin eta txuria, eta multzoari zein eskuz idatzitako errotulazioari aplikatzen zaio. Era berean, Erramun Martikorena abeslariaren Primaderari (IZ, 1986) diskoaren azalak ilustrazio grafikoaren tankera du eta Daniel Txopitearen erregistro askotariko eta originalen beste adibide bat da. Esperimentazioa eta etengabeko aldaketa izan ziren artista horren ibilbidearen mugarriak, 46 urterekin bere heriotza goiztiarraren ondorioz, eten zena.
Martin Romero artistak 1968 eta 1975 bitartean Herri Gogoa zigilurako egin zituen kalitatezko lanez haratago, bere ibilbideari eta obrari buruzko oso informazio gutxi dago. José Luis Martín Romero margolari izan daitekeela uste da, eta soilik Euskal Artearen Erakusketa herrikoi eta eztabaidagarrian parte-hartu zueneko informazioa baino ezin izan dugu lortu. Erakusketa hori Barakaldon egin zen 1971ko abenduaren eta 1972ko otsailaren artean. Haren karatulek arreta berezia merezi dute, diktadura garaiko azken urteetan ilustratu zituenen kantitatea eta kalitatea kontuan hartuta. Deigarrienetako batzuk Benito Lertxundiren Irripar Bat eta Ez kanta beltza (Edigsa/Herri Gogoa, 1968 eta 1970), Julian Lekuonaren Errege baltaxarren balada (Edigsa/Herri Gogoa, 1968), Xabier Leteren Maiteaz galdezka (Edigsa/Herri Gogoa, 1969) eta Oskarbiren (Edigsa/Herri Gogoa, 1970) diskoetarako asmatu zituen.
15 irudia – [José Luis] Martín Romero
Benito Lertxundiren “Ez kanta beltza” 1970, diskoaren azala
Edigsa/Herri Gogoa, 1970. © Elkar
Eresbil GA110/0025
16 irudia – [José Luis] Martín Romero
“Euskal musikalarien uhin Berria“, 1970 diskoaren azala
Edigsa/Herri Gogoa, 1973. © Elkar
Eresbil GA135-1348
Era berean, bereziki garrantzitsuak dira Maite Idirinen Solatxi (Goiztiri, 1970) albunerako diseinatutakoak, Tomas Garbizuren Euskal Dantzak (Edigsa/Herri Gogoa, 1972), Aita Donostiaren Euskal Preludioak (Edigsa/Herri Gogoa, 1973), Mikel Arbearen Euskal doinuak gitarraz (Edigsa/Herri Gogoa, 1973), Juan Manuel Gómez Edetaren Adarraz eresaldia (Edigsa/Herri Gogoa, 1975), baita Herrikoi Musika Sorta bildumako dozena bat disko baino gehiago ere (Edigsa/Herri Gogoa, 1971-1972), Euskal Herriko hainbat toki eta jai-ekitaldirekin lotutako musikak biltzen zituztenak. Ia guztietan, Martin Romerok oinarrizko forma geometriko eta bolumen murritzetako irudietan oinarritutako lengoaia indartsu bat erakutsi zuen, marra zorrotzekin eta kolore planoko eremuekin islatu zuena, bere diseinuei arrasto grafiko indartsu eta deigarri bezain modernoa ematen dietenak. Era berean, arreta berezia merezi du bere berezitasunagatik Euskal musikalarien uhin Berria (Edigsa/Herri Gogoa, 1973) diskoaren karatulak, Anton Larrauri, Algustín González Acilu, Tomás Marco eta Carmelo Bernaolaren konposizioak biltzen dituenak. Erabilitako irudiak (16. irudia) Provocative Percussion, III. liburukiarekin (Command Records, 1961) arrazoizko antza du, hamarkada bat lehenago artista alemaniarra eta Bauhauseko irakaslea, Josef Albersek sortu zuena.
17 irudia – Vicente Ameztoy
Antton Valverderen “Lauaxeta”, 1978 diskoaren azala
Ots, 1978. © Elkar
Eresbil G11-1022
Bere ibilbide luze eta oparoaz gain, Vicente Ameztoy donostiarrak (1946-2001) lotura berezia izan zuen sorkuntza aplikatuarekin. Hirurogeita hamarreko hamarkadaren amaieran Euskadi Sioux eta Zeruko Argia argitalpenetan ilustratzaile gisa egindako lana edo 1992an Julio Medemen Vacas filmaren zuzendaritza artistikoan egindako lankidetza dira berak egindako hainbat lanen adibideak; Donostiako Nazioarteko Zinemaldirako (1991) edo Musika Hamabostaldirako (2000) kartelak ere diseinatu zituen. Karatulen ilustratzaile gisa egindako lanari dagokionez, Antton Valverderen Lauaxeta (Ots, 1978) diskorako egindakoa nabarmentzen da [17. irudia]. Karpeta hirukoitz batean garatutako diseinu ikusgarria da, eta, Estepan Urkiaga Basaraz olerkariaren argazki-erretratu ezagun batetik abiatuta, haren hizkuntza surrealista original eta bereziaren fede ematen duen irudi-multzoa garatzen du.
Aipatzekoak dira, halaber, Oskarbi taldearen Euskara eta txakolina (Elkar, 1979) diskorako sortutako lana, non bere margolaneta presente dagoen euskal nekazaritzaren interpretazio bitxia egiten duen, bai eta Euskal Musika 80 postmodernoa (Soinutek, 1981) edo Sakanatik Arbaila Ttipira (Elkar, 1999) diskoaren azaleko ilustrazio bitxi eta eskematikoa ere, bere ohiko iruditeriatik oso urrun dagoena.
Carlos Zabala Madina “Arrastalu”-ren ekoizpen oparoak (1952) arreta berezia merezi du. Gaspar Montes Iturrioz eta José Gracenea margolariekin ikasi zuen, eta Vicente Ameztoy eta José Luis Zumetarekin batera Lemoiz Gelditu (1980) mural ospetsua egin zuen. Murala gaur egun Bilboko Arte Ederren Museoko bilduman dago eta Nuklearrik ez eskerrik asko: Lemoiz gelditu (Tic-Tac, 1980) diskoaren kontrazalean azaltzen da. Bere ibilbide sortzaile eta profesionala pinturaren eta IZ zigilurako eta Elkar argitaletxerako disko eta liburuen azalen ilustratzaile gisa egindako lanen artean igaro da. Halaber, laurogeiko hamarkadaren hasieratik, Donostiako jai eta musika-ekitaldiak iragartzeko zenbait kartel egin zituen, Jazzaldiaren XVII. ediziokoa (1982) esate baterako.
18 irudia – Carlos Zabala Madina “Arrastalu”
Txomin Artolaren “Olaxta”, 1975 diskoaren azala
Edigsa/Herri Gogoa, 1975. © Elkar
Eresbil G11-4085
Diskoen karatulak diseinatzerakoan lengoaia grafiko ezberdinak erabili izan ditu. Batetik, Txomin Artolaren Olaxta (Edigsa/Herri Gogoa, 1975) [18 irudia], XV. Trikitixa txapelketa (1988), eta José Inazio Ansorenaren Txistu Hotsak (IZ, 1993) diskoetako margolanek arrasto modernoa dute. Bestetik, irudi freskoak eta karikatura tankerakoak erabili izan ditu Golden Apple Quartet-en (IZ, 1991) edo Egan taldearen Erromerian (IZ, 1990) diskoetan, eta azkenik, behar bezala baloratua ez den haurrei zuzendutako ilustrazioa, 1990 eta 1993 urteen artean Txirri, Mirri eta Txiribitonen disko batzuetarako diseinatu zituen azaletan agertzen dena.
19 irudia – Sara Soto Gabiola
“Lurdes Iriondo”, 1974 diskoaren azala
Arte y Ciencia, 1974. © Elkar
Eresbil G11-3981
Sara Soto Gabiola (1941-1999) musikagile polifazetikoak beste adierazpide artistiko batzuetarako interesa azaldu zuen, literatura edo pintura adibidez. Lurdes Iriondoren disko eponimorako (Artea eta Zientzia, 1974) egindako azalen diseinu puntualean ikus daiteke [19. irudia]. Konposizio honen funtsa haritzezko zura da eta Soto Gabiolak marra zuri fin baten bidez marraztu zituen betak, Lourdes Iriondo kantautorearen izena euskal tipografiarekin grabatua azaltzenen den bitartean. Osatu zuen irudiak naturarekin eta tradizionalarekin zerikusia duten balioen nahasketa bat erakusten du, eta hainbat euskal eskultore garaikideren iruditeriarekin lotzen da, Nestor Basterretxea kasu; izan ere, Soto Gabiolak artista horrekin hainbat aldiz kolaboratu zuen konpositore gisa, eta, une horretan, Serie Cosmogónica Vasca sortzeko lanean murgilduta zegoen.
Aipamen berezia merezi dute hainbat belaunalditako Valverdetarrek, pinturarekin, arte grafikoekin eta musikarekin izan zuten loturagatik. Alde batetik, Antonio Valverdek, “Ayalde“, (1915-1970) pintore gisa egindako lana Industrias Gráficas Valverde familia-enpresaren zuzendaritzarekin tartekatu zuen, eta bertan ilustrazio eta argitalpen-lanez gain, produktuen kalitatea zaintzeaz ere arduratu zen. 1961az geroztik Euskaltzaina eta 1962az geroztik Gipuzkoako Elkarte Artistikoaren lehendakaria izan zen eta, gainera, 1966an GAUR talde artistikoaren aurkezpen hitzaldia eman zuen. Gainera, Irungo El Bidasoa eta Errenteriako Oarso aldizkarietako kolaboratzailea izan zen Ayalde, eta 1950eko eta 1960ko hamarkadetan programa, azal eta liburu-barnealde ugari ilustratu zituen, baita kartel gutxi batzuk ere.
20 irudia – Rosa Valverde
“Antton Valverde”, 1975 diskoaren azala
Edigsa/Herri Gogoa, 1975. © Elkar
Eresbil G11-1023
Zalantzarik gabe, euskal artearekin eta kulturarekin konprometitutako gizona izatea erabakigarria izan zen seme-alabak sormenaren munduan hainbat arlotan aritzeko. Rosa Valverdek (1953-2015) eta Javier Valverdek (1956), Esther Ferrer eta Jose Antonio Sistiagak zuzentzen zuten Academia Libre de los Jueves-en lortu zuten prestakuntza artistikoa, eta, ondoren, ibilbide oparoa egin zuten pintore gisa. Ibilbide horretan, Rosak irakasle lan handia egin zuen Donostian eta Baionan. Aitak eta bere bi seme-alabek Antton Valverde, kantautoreak grabatutako zenbait diskoen karatulak egin zituzten, Antonioren semea eta Rosa eta Xabierren anaia baitziren. Adibide gisa, Antton Valverderen 45 bira/minutuko Utsa diskoa ( Herri Gogoa, 1969) aitak ilustratu zuen, eta Antton Valverde izeneko (Edigsa/Herri Gogoa, 1975) iraupen luzeko diskoaren azala [20. irudia] Rosak egin zuen, bere margolanen ezaugarri ziren energia, berezkotasuna eta naif izaera duen irudia. Era berean, aipagarriak dira Anttonentzat Javier bere anaiak Urte-giroak ene begian (Elkar, 1986) eta Gaua, ausentizaren itzala (Elkar, 2020) diskoetarako egindako diseinuak.
Diskoen karatulen ilustratzaile gisa ekarpen gutxi egin zituen arren, Juan Luis Goenagak (1950) hirurogeita hamarreko hamarkadatik euskal artearen esparruan izan zuen garrantziak nahitaez aipatu beharreko artista bihurtu zuen. Hizkuntza, teknika eta material ugarirekin esperimentatu izan zuen, eta ondorioz, bere ekoizpenetan indar espresibo handia lortzen zuen. Ruper Ordorikaren Ni ez naiz Noruegako errege (Elkar, 1983) diskoaren karatularen ikuskera piktorikoa [21. irudia] laurogeiko hamarkadako bere obraren zati handi bat markatu zuten ezaugarrietan oinarritzen da. Garai hartan, izaera espresionista, keinuzkoa, kolore bizia eta testura trinko eta materikoak baliatu zituen irudi iradokitzaile eta modernoak osatzeko, interpretazio eta gozamen egokia izateko behaketa pausatua behar dutenak.
21 irudia – Juan Luis Goenaga
Ruper Ordorikaren “Ni ez naiz Noruegako errege” diskoaren azala, 1983
Elkar, 1983. © Elkar
Eresbil G11-1056
Lan hau disko-karatulen diseinuaren arloan egin duen adibide urrietako bat da, nahiz eta musikaren munduarekin izandako lotura beste ekarpen batzuetan ikus daitekeen, Donostiako Musika Hamabostaldiaren 79. edizioaren (2018) publizitatea egiteko balio izan zuen kartelean, esaterako.
Aipatzekoa da, halaber, Juan Luis Goikolea (1954) Arrasateko pintoreak diskoen azalen ilustratzaile gisa egin zuen lan puntuala; bere ekoizpenaren zati garrantzitsu batean, sortze-prozesu aske eta espontaneo batetik abiatzen da, eta trazuari, keinuari eta koloreari garrantzi berezia ematen die. Bere lan piktorikoak espresionismo adierazpen kutsu argia badu ere, bere diskoetako diseinuetan espresionismo hori abstrakzioaren eta figurazioaren artekoa da, Xabier Leteren Lore bat, zauri bat (Ots, 1978), Bad F-Lineren Gris plata (Elkarlanean, 2004) eta Gose taldearen Gosariak (2014) diskoetan ikus daitekeen bezala. Azken lan horretan Iñigo Arregi artista eta diseinatzailearekin lankidetzan aritu zen. Hiru adibide horiek lehenengoaren azalean dagoen arrasto eskultorikoaren abstrakzioaren artean daude, Bad F-Lineren diskoaren marrazki espresionista eta figuratibotik pasatuz, Gosariak-en irudietan dagoen erro abstraktu indartsuko espresionismora iritsi arte.
Erramun Landak (1958) sorkuntza aplikatuaren munduarekin izan zuen harremana etengabea izan da bere ibilbide profesionalean. Pinturaren eta grabatuaren alorrean egindako ekoizpenaz gain, artista eta EHUko Arte Ederren Fakultateko irakasle honek kartel ugari diseinatu ditu kultur ekitaldietarako, eta ilustratzaile gisa aritu da Bernardo Atxaga, Itxaro Borda, Koldo Izagirre, Edorta Jimenez, Mariasun Landa, Txema Larrea, Xabier Monasterio eta Joseba Sarrionandia idazle garrantzitsuen liburuetan, besteak beste.
Diskografiaren esparruan egindako sorme-proposamenetatik Oskorri taldearen Eta gero hau! (Elkar, 1987), Jabier Muguruzaren Ja, ja (Kea, 1989) eta Gontzal Mendibilen Bilbo euskaldun dezagun (Hilargi Records, 1991) karatulak aipatuko ditugu
22 Irudia – Erramun Landa
Oskorriren “Eta gero hau!”, 1987 diskoaren azala
Elkar, 1987. © Elkar
Eresbil G11-1188
Lehen bien marrazki leunak eta irudi atseginak, laurogeiko hamarkadaren amaierako eta laurogeita hamarreko hamarkadaren hasierako ilustratzaile eta kartelgile gisa egindako lanaren zati handi baten unibertsoarekin bat egiten du. Bi adibideetan, pertsonaiek azaleko markoa gainditzeko mehatxua egiten dute; Mendibilen diskoko irudia, berriz, eskola-munduarekin lotutako elementuen amalgama gisa planteatzen da, eta hori bat dator Bilbo Euskaduntzen koordinakundearen ereserki gisa euskaraz ikastera eta bizitzera bultzatzen gaituen musika-edukiarekin.
23 Irudia – Álvaro Machimbarrena
M-ak taldearen “MMM” , 1983 diskoaren azala
IZ, 1983. © Elkar
Eresbil G11-1329
Alvaro Machimbarrena artistak (1958) disko-karatulen sorkuntzari egindako ekarpenak urriak izan badira ere, aipatzea merezi duten bi adibide daude gutxienez. Sortzaile honen hizkuntzaren bilakaeraren eta ekoizpenean antzeman daitekeen arazketa formalaren prozesuaren gako batzuk agerian uzten dituzte. Alde batetik, 1983an klabe postmodernoan M-ak taldearen MMM (IZ, 1983) diskoaren karatula diseinatu zuen [23. irudia]; Judas Arrietarekin (1971) elkarlanean Lluís Vidalen Vermeer diskoarako (Jazzle, 2003) sortutako lanean dagoen espiritu minimalistarekin zerikusirik ez du. Azken horretan, geometria hutsetik igarotzea proposatzen digu, kolore-eremu moduan eta inolako gehigarririk gabe islatuta, eta hori ere makila lehorraren tipografiari aplikatzen zaio.
Aipatutakoez gain, disko-azalak ikuspegi erabat abstraktu batetik sortu dituzten beste artista askoren ere badira nahiz eta euren ekoizpena oso urria izan. Horixe da Ricardo Ugarte (1942) eskultore eta margolariaren kasua, arrazionalismoa eta geometriarekiko zaletasuna, bere eskultura-ekoizpenaren zati handi batean nabarmentzen dena, Ozenki otxotearen Tolosa 1993:25 Nazioarteko Abesbatzen Lehiaketa (Kea, 1993) eta Donostia (NB, 2009) diskoetako karatulen diseinuan ikus daitekeen bezala. Javier Sagarzazu (1946) margolariak Eskifaia abesbatzaren Sor lekua (IZ, 1985) diskoaren azala egin zuen. Erabilitako irudia, paisaia-pintura izan arren, sortzaile honen obran ohikoa ez den abstrakzio-maila handi batera iritsi zen.
Fernando Illanaren (1950) ekoizpen artistikoak euskarri eta baliabide ugari izan ditu. Hirurogeita hamarreko eta laurogeiko hamarkadetako bere margolanekin gertatu zen bezala, Nahikoren Suizidio legal (Elkar, 1985) diskorako egin zuen azalak irudi ez-figuratiboa du, zeinetan garrantzi berezia ematen baitzaio keinuen arloari eta teknika eta material desberdinen konbinazioari. Antzeko ildoan Ricardo Azkargortak (1958) Iñaki Salvadorren Zilbor Hestea diskoko karatula (Elkar, 1992) egin zuen, diseinu abstraktu nahiko originala eta paisaiaren pinturan oinarritutako ohiko erregistro figuratibotik oso urrun dagoena. Era berean, aipagarriak dira Xabin Egañaren (1958-2006) jakin-mina eta aldakortasuna. Ikerketa artistikoaren arloan egindako lanaz gain, arte eszenikoen eta musikaren munduarekin lotutako diseinuan ere sartu zen Egaña.
24 irudia – Xabin Egaña
Gariren “Eguzki berritan zaude”, 1997 diskoaren azala
Elkar, 1997. © Elkar
Eresbil G21-00717
Azken eremu horretakoak dira Gariren Eguzki Berritan zaude (Elkar, 1997) diskoaren karatula [24. irudia], indar handiko irudi abstraktu bat eskuz idatzitako errotulazioarekin bateratzen duena; 7 Eskaleren Bertso berriak pobreziari jarriak (Gor, 1995) aldarrikatzailearena, fotomuntaketaren teknikan oinarritua; eta baita Joxean Artzeren Oihana Arauhenka (Jazzle 2001) liburu diskoko ilustrazio ederrak ere.
25 Irudia – Alfredo Álvarez Plágaro
Hertzainak taldearen “Salda badago”, 1988 diskoaren azala
Elkar, 1988. © Elkar
Eresbil G11-1267
Bestalde, sortzaile askok, laurogeiko hamarkadatik aurrera, ikuspegi guztiz figuratibo batetik heldu zioten lanari, eta beren irudi artistiko berezi eta askotarikoak islatzeko, diskoaren karatula euskarri aproposa bilakatu zen. Horixe izan zen Javier Mina (1950) idazle eta artista iruindarraren kasua (1950). Josean Soutoren Parto (Kea, 1986) lanaren karatula prentsa eta underground komikiaren artean dagoen lengoaia erabiliz egin zuen. Alfredo Álvarez Plágaroren (1960) laurogeiko hamarkadako margolanen unibertso bisual berezia ere Hertzainak taldearen Salda badago (Elkar, 1988) diskoaren azalean islatuta geratu zen [25. irudia]. Egungo Cuadros iguales ekoizpenetik oso urrun, lan honek egilearen beste lan garaikide batzuen espiritu plastikoa du, hala nola Suicidio creativo (1987) edo Las cuatro momias (1988).
Santos Iñurrietaren (1950) lan koloretsu eta dardaratia izaera ironiko, zorrotz eta kritikoz blai dago. Trazu lodiko marrazkiarekiko eta kontraste kromatikoarekiko zaletasuna ekoizpen askotan antzematen da, non eragin espresionistak eta surrealistak eta artearen historiako lan handien edo aldien erreferentziak ohikoak diren. Zeinua, ikurra eta kolorea dira Korroskadaren Sigo (Hilargi Records, 1990) diskorako sortutako karatularen protagonistak [26. irudia]. Lan horretan Iñurrietak erreferentzia ugari eta ezberdinen artean dabilela dirudi.
26 Irudia – Santos Iñurrieta
Korroskadaren “Sigo”, 1990 diskaren karatuala
© Hilargi Records, 1990
Eresbil G11-1939
Irudiaren esentziak antzinako Egiptoko pinturaren irudikapen formalak ditu, eta arrasto plastikoak, berriz, Henri Matisseren gouaches decoupées delakoetara garamatza; bere lanaren zati bat proiektatzen duen komikiaren mundutik hurbil dagoen itxurazko bizitasun eta naif irudiaren azpian, askoz ere mundu konplexuagoa ezkutatzen da, kaustikoa eta konpromiso sozialarekin.
27 Irudia – Iñaki Cerrajería
Joselu Anayak “Araiatik Jaliskora”, 1989 diskoaren azala
Kea, 1989. © Elkar
Eresbil G11-1362
Iñaki Cerrajería (1957) margolari eta ilustratzaile gasteiztarrak hainbat arlotan garatu du bere ibilbide profesional oparoa. Sevillako eta Euskal Herriko unibertsitateetan arte ederren arloan hezia, bere ibilbide artistikoa beste alderdi batzuekin uztartu du, hala nola liburu-ilustratzaile eta egunkari eta aldizkarietako kolaboratzaile izatearekin. Bere lanik ezagunenetako bat Marizoro, eguneroko tira komikoa izan zen, 1980tik 1987ra Deia egunkarian argitaratua. Ilustrazioaren arloko lan honek eta beste askok agerian uzten dute, sinergiak sortzetik urrun, sortzaile gisa zuen dimentsio bakoitzean argi eta garbi bereizitako perspektiba eta lengoaiak hartzeko ahalegina egin zuela Cerrajeriak.
Izan ere, laurogeiko hamarkadaren amaieratik bere pintura-lanean agertzen den abstrakzioarekiko loturak zerikusi gutxi du ilustratzaile gisa egiten dituen lanekin, askotan komikigintzan hain ohikoa den tratamendu satiriko eta kritikora jotzen baitu. Joselu Anayaken Araiatik Jaliskora (Kea, 1989) diskoaren karatulan agertzen den umore, hurbiltasun eta sormen neurri zuzena horren adibide garbia da.
Erramun Landaz gain, EHUko Arte Ederretako Fakultateko beste artista eta irakasle batzuek diskoen karatula puntualak diseinatu zituzten. Horixe izan zen Alfonso Gortázarren kasua (1955), laurogeiko hamarkadaren hasieran Alen jazz taldearen disko eponimoarena sortu zuena (IZ, 1981). Proposamen deigarri eta baikor horretan, Gortazarrek trebetasun eta originaltasun handiz uztartzen ditu argazki-irudia, marrazkia eta pintura, arte bakoitzaren arteko mugak lausotzen dituen ikusizko joko bitxi bati bide emanez. Iñaki Bilbaok (1956) eta Josu Rekaldek (1959) esparru horretan egindako lanak ere bitxiak dira. Lehenengoak Bertsolari Txapelketa Nagusia 93 (Elkar, 1994) diskoko azala egin zuen, paisaia-pinturaren forma hartu zuen, eta haren izaera idilikoa sutan dagoen mikrofonoak hausten du. Elementu horrek bertsolaritzari datxekion eztabaida dialektikoa islatu nahi du. Bigarrenak, berriz, kitsch gustua eta ukitu surrealistak dituenak, karatula berezi bat diseinatu zuen Irula taldearen Sakarra diskorako (1996, DDT). Era berean, Jose Antonio Azpilicueta (1961) irakasle eta ibilbide luzeko artistak Los Incansables (Elkar, 1985) disko eponimorako azal dibertigarri bat egin zuen, karikaturagile gisa duen trebetasun izugarria agerian utziz.
Atal honi amaiera emateko, beste adibide nabarmen batzuk aipatuko ditugu, hala nola Rafael García Tejero (1958) polifazetikoak ikuspegi futuristatik sortutako Oihuka 90 (Ohiuka, 1990) bildumaren azala; Jokin Larrearen eta Iñigo Goikoetxandiaren borroka eta hiri-estetikatik nahiko urrun dagoen diseinua, Iruñeko zigilu honetako 1989 eta 1991ko bildumen egileak, hurrenez hurren. Arantza Abaigar irundarrak (1960), Bartzelona eta Berlin artean sortutako artistak, arlo honetan aurkitutako ekarpen bakarra ere oso interesgarria da, Les Mecaniciens-en Ia xoragarria (Elkar, 1992) karatularen egilea [28. irudia]. Jabier Muguruzak sortutako ibilbide laburreko talde honen bigarren diskoaren azala ilustratzeko balio izan zuen irudiak Bauhausen imajinario estetikoarekin bat egiten duen planteamendua du.
28 irudia– Arantza Abaigar
Les Mecaniniens “Ia xoragarria”, 1992 diskoaren azala
© Elkar, 1992
Eresbil G11-1433
Abaigarrek paradigmatzat hartu bide dituenak, eraikuntza arrazional eta geometrikoa, fotomuntaia eta makila lehorreko tipografiak erabiltzeaz gain, eragin handiko eskola honek sustatutako diseinu grafikoaren ezaugarrietako batzuk dira.
29 irudia – Dora Salazar
Belladonarem “Las mujeres y los negros primero”, 1986 diskoaren azala
Soñua, 1986. © Elkar
Eresbil G11-1794
Dora Salazar (1963) artista plastikoak karatulen diseinuan egindako ekarpenak puntualak izan diren arren, Matrakaren Gure Salaketa (Oihuka, 1990) eta Las mujeres y los negros primero (Soñua, 1986) lanetarako egindako lanak aipatzea merezi du, azken hau Belladona laukote femenistaren disko bakarra izan zena [29. irudia]. Azken horretan, marrazkiaren, argazkiaren eta ur-kolore ukituen bidez, Dora Salazar ikusmen-inpaktu handiko irudi bat sortzeko gai izan zen, eta, bere ekoizpenean ohikoa den bezala, izaera kritikoa ere izan zuen. Emakumeak hartzen du protagonismo osoa; emakume garraiolari eta beltza da, eta bere presentzia osoa eta zatikatua, bai azalean, bai kontrazalean, primeran egokitzen da diskoaren izenburuarekin.
Azken batean, artistak proposamen horrekin konektatu eta pentsarazi nahi digu, bere lana interpretazio bakarreko pieza gisa planteatu beharrik gabe. Era berean, Bilboko Estibaliz Sádabak (1963) arte sorkuntza garaikidean duen garrantziak ezinbesteko sortzaile bihurtzen du, teoria eta aktibismo feminista batzen dituen ekoizpen artistikoaz gain, Sádabak fanzineak eta diskoen karatulak ere egin izan baititu. Termostatoren Parole (DDT, 1997) diskoaren azala edo La Paramerarekin egin dituen azken lanak dira horien adibide.
Mauro Entrialgo (1965) artista moldakor eta polifazetikoa izan zen Iruñako Balerdi Balerdi taldearen lehen bi diskoen karatulen egilea. Alde batetik, Gor zigiluak 1991n argitaratutako disko eponimoa, zeinetan marrazki eskematiko eta deigarrietan oinarritutako bere iruditeria berezia islatu baitzuen, bere komikigile alderdiarekin bat egiten dutenak. Bestetik, Ez gara galdu (Gor, 1994) lanaren azala pop estetika batetik planteatu zuen artistak. Estetika horretan, taldekideen zuri-beltzeko argazkiaren eta atzealdeko kolore deigarrien arteko talkarekin jolasten da; karatularen barruko marrazkien bizitasuna eta freskotasun, bat datoz azalarekin.
Esperimentazioarekin jokatzen duen Itziar Barrioren (1976) diseinu urri baina txundigarriek ere aipamen berezia merezi dute. Bere proposamen artistikoen ikusizko hizkuntza liluragarria disko batzuen karatuletan ere islatzen da. Karatuletan, barne-logika orotatik aldentzen diren parametroekin jokatzen du, nahiz eta azalek gordetzen duten musika produktuaren edukiarekin koherenteak izan. Elfo negro (DDT, 2001) [30. irudia] eta Euskal Primate School (DDT, 2014) hardcore diskoetarako sortutako diseinuek, Elfo Negro eta La Hora del Primate taldeenak hurrenez hurren, artista honen erregistro anitzen berri ematen dute, edozein sailkapen-ahaleginetatik kanpo dagoena.
30 Irudia – Itziar Barrio
“Elfo Negro”, 2001 dikoaren azala
© DDT, 2001
Eresbil G21-LG-2001-BI-032
Uek taldearen Eskarne Ajubita Ganbaratik (Gaztelupeko Hotsak, 2002) diskoaren eta Keu Agirretxearen Denbora vs kantuak (Gaztelupeko Hotsak, 2010) lanen sintaxia guztiz kontrajarria da, eta pinturaren eremua gainditu eta bi disko intimo eta dotoreren irudi bihurtu dira. Horretarako, pintoreak joera abstraktu handiko hizkuntza erabiltzen du. Keinu kementsu eta dinamikoa eta kolorea dira bere komunikazio-tresna nagusiak.
31 irudia – Juanjo Eguizábal
Cicatriz taldearen “Inadaptados”, 1986 diskoaren azala
Soñua, 1986. © Elkar
Eresbil G11-1855
Azkenik, arte ederren esparruan hezitako sortzaile eta musika taldeetako kide edo kolaboratzaile gisa, hainbat taldetako diskoetarako oso interesgarriak diren azal batzuk sortu zituzten izen batzuk aipatuko ditugu. Horren adibide da Juanjo Eguizábal (1961-2022), eskultore gisa ezaguna izanik, Cicatriz taldeko hainbat abestiren letren egilea eta karatularen sortzailea ere bada, Inadaptados (Soñua, 1986) [31. irudia] diskoa adibidez. Azalak musika edukiari bikain erantzuten dio, eta Pablo Cabeza eta Jon Iraundegiren barruko argazkiek jarraitutasuna ematen diote.
Txus Alday (1966) The Flyineko Rebolloseko taldekideak, Verano de perros (Gor, 1993) diskoaren azala egin zuen. Claus Groten-ek (1967) Reincidentes taldearen Ni un paso atrás (Hilargi Records, 1991) eta Distorsión taldearen Para kitar el stress (Hilargi Records, 1995) diskoen azalak diseinatzeaz gain, Vómito taldearen A un paso de la locura (Hilargi Records, 1990), El Ejercicio del crimen (Hilargi Records, 1993) y La circulación en el laberinto (Hilargi Records, 1995) diskoen karatulak ere diseinuatu zituen, bertako kantaria eta bajista ere izan baitzen.