Ez dok 13 hitzez hitz

«Ez Dok Amairu» Musikasten

guide-4Itziar Zubizarreta

Euskal kulturgintzan “Ez Dok Amairu”  taldeak leku berezi bat hartu zuen bere garaian eta haren ospea eta oihartzuna ezinbesteko erreferentzia bilakatu da gaurdaino. Euskal musikaren eta kantugintzaren alde egin zuten apustuak ikusgarritasuna eskaini zion oso baztertuta zegoen hizkuntza eta kultura musikalari. Batetik, tradiziozko kantu ederrak hedatu zituzten Euskal Herriko herri eta plaza asko eta askotan. Bestetik, aipatu partaideek gizakiarekiko eta gizartearekiko gorde zuten konpromiso sendoa. Garaiko gizartearen kezkak eta tradiziozko musika abangoardiko adierazpenez interpretatu zuten beren kantugintzan, eta euskal musikari plano berezi bat eskaini zioten diktaduraren azken une haietan, tradizioari abangoardiko leku bat eskainiz.

Taldea 1965ean hasi zen osatzen, partaide bakar batzuen ekimen eta eraginari esker. Hainbat kultur pertsonek ere babesa eta laguntza eskaini zieten beren hastapenean. Baina, batez ere, kantari eta poeta  haiei zor diegu euskal poesia eta kantugintzaren alde hartu zuten konpromisoa; herriz herriko ibilbide bihurri batean, jendearen aurrean agertzen zuten kulturarekiko harrotasuna. “Ez Dok Amairu”k folklorearen egokitze eguneratuak sortu zituen, kultura unibertsaleko hainbat autoreren lanak eskaini eta taldearen hainbat partaideren ekarpen poetikoak gizarteratu zituzten kantuan. Euskal gizartea harritu egin zuten beren ibilbidean euskal kulturaren balio eguneratua eskaini ziotenean eta aldi berean  gizartearen aldarrikapenak azaltzeko adierazpen tresna kolektibo bat sortu zutenean.

1970ean, taldeak “Baga, Biga, Higa, Sentikaria” estreinatu zuen; ikuskizun kolektibo batean biltzen zuten musika, kantugintza, errezitaldiak eta dantza, abangoardia adierazpide estetiko baten barne. “Baga, Biga, Higa, Sentikaria”k taldearen gailurra jo zuen eta, aldi berean, ikuskizun horrek markatu zuen talde-ekimenaren bukaera. Handik aurrera, artista haietako batzuek jarraitu egin zioten beren ibilbide artistikoari; beste hainbat gelditu egin ziren.

Egitaraua DSS2016 Kultura Hiriburuarekin koprodukzioan aurkezten da.

ERESBIL-Musikaren Euskal Artxiboaren eskutik “Ez Dok Amairu” mugimendu eta zigiluarekin argitaratu ziren hamabi kanturen emanaldi hau aurkezten du MUSIKENEn azaroaren 27an eguerdiko 12etan.