AZPIROZ, Mikel
Mikel Azpiroz Garmendia (Donostia, 1971) sei urte zituela hasi zen pianoan, eta Donostiako Kontserbatorioan musika klasikoko ikasketak egin ondoren, jazz eta bluesera bideratu zen. Industria-ingeniaritzan lizentziatu bazen ere, beti izan du musikarekiko grina, eta, horregatik, interpretatzaile, konpositore eta ekoizle gisa ibilbidea garatu du, bai bere proiektuetan, bai beste artista batzuekin lankidetzan.
1995ean Lau Behi taldean sartu zen eta hurrengo urtean Parafünk taldearekin kolaboratzen hasi zen. 2006an Elkano Browning Cream proiektua sortu zuen. Hirukote horretan Hammond organoa interpretatzen du eta zortzi album argitaratu ditu orain arte.
Aldi berean, The Waifs, Duncan Dhu, Negu Gorriak, Triz3ps eta Travellin´Brothers taldeekin kolaboratu du, baita Jabier Muguruza, Mikel Erentxun, Anari, Xabier Montoia, Txuma Murugarren, Fermin Muguruza, Imanol, Anje Duhalde eta Elena Setien bakarlariekin ere.
Halaber, bakarlari gisa hiru disko argitaratu ditu: Gaua (2013), Zuri (2016) eta Islak (2020).