MUSIKASTEk, Errenterian ospatzen den euskal musikaren asteak, 51. edizioari ekingo dio 2023an. Urrezko ezteien ondoren, erronka da jaialdiaren helburuak betetzen jarraitzea, besteak beste, sortzaileei eta interpreteei laguntzea, gure konpositoreen musika aurkitzea, antzinako musikatik hasi eta egile klasikoen musikara, egungo konpositoreei laguntza berezia emanez.

MUSIKASTEk Johannes Antxietari (ca. 1450-1523) eskainitako kontzertu batekin hasiko du ibilbidea bere heriotzaren 500. urteurrenean. Jatorriz azpeitiarra, eta Errege Katolikoen Kapera Maisua izan zenaren obra eta haren garaikideena entzungo ditugu. Carlos Mena kontratenorra eta Manuel Minguillón vihuelista arduratuko dira bere ahots eta vihuelarako transkribatutako lana ezagutarazteaz.

Hurrengo egunean, ahots eta pianorako errepertorioa izango da protagonista. Olatz Saituak, Ainhoa Zubillagak eta Iñaki Salvadorrek jazz modura moldatutako gure kantutegiko doinu ezagunen errepasoa egingo dute.

Ganbera-musikak hartuko du lekukoa ostiralean, hilak 19, Aita Donostiaren, Jesus Guridiren lanekin eta, ziur asko, harrituko gaituzten bi emakume musikagileen lanekin: Anita B. Idiartborde eta Emma Chacon. Maite Arruabarrenaren ahotsak, Aitzol Iturriagagoitiaren biolinak eta Susana G. de Salazarren pianoak interpretatuko dituzte obra hauek.

Larunbatean, Kilometroak egitasmoaren barruan, Orereta Ikastolak antolatuta, Errenteria, Hendaia eta Ziburuko ikastolen ahotsak eta instrumentuak batuko dira Errenteriako Arte Eskolarekin eta Thierry Biscary eta Sua Enparantza artista gonbidatuekin batera, Jon Mayaren gidaritzapean eta Maddalen Dorronsororen musika zuzendaritzapean.

Igandeko jardunaldiari hasiera emateko, Errenteriako Udal Txistulari Taldeak ohiko Diana eskainiko du, eta, ondoren, kontzertua eskainiko du Udaleko arkupetan. Parrokian, Gerardo Rifonek Manuel Gamarra, Nicolas Maria de Tolosa eta Eduardo Mocoroaren obrak interpretatuko ditu organoan. Ondoren, Luis de Elizalderen errepertorio liturgikoa aurkeztuko da Mariaren Bihotza Abesbatzaren ahotsen bitartez. Amaitzeko, Errenteriako Bandak Marcelino Amenabar, Tomás Aragüés, Tomás Asiain, Félix eta Julián Lavilla eta Florentino Peñafielen obrak joko ditu.

Aipamen berezia merezi dute jardunaldi pedagogikoek, Anitz Musikaren produkzioan Maribel Oiloa fabula musikalaren estreinaldiarekin, eta Errenteriako Herri Arte Eskolak Xabier Olaskoaga plazan antolatutako kontzertuekin.

Maiatzaren 24an musika garaikidearen txanda da, oraingo honetan Luis Fernández Castellók klarinetean eta David eta Carlos Apellanizek txeloan eta pianoan, hurrenez hurren, osatutako hirukotean.

Hurrengo egunean jazza izango da protagonista Mikel Azpiroz pianistaren Islak izeneko azken lan diskografikoaren aurkezpenarekin, Karlos Aranceguik baterian eta Fernando Neirak kontrabaxuan lagunduta.

Abesbatzen egunean Euskal Herriko hainbat lurraldetako taldeak izango dira. Bizkaiko Akelarre abesbatza, Gasteizko Suessatio Taldea, Barañain Abesbatza nafarra eta Errenteriako Andra Mari Abesbatza entzun ahal izango ditugu. Jon Sáenz, Juan García de Salazar, Mariano Jiménez, Urtzi Iraizoz, Laida Otaduy eta Xabier Sarasolaren obrak interpretatuko dituzte, besteak beste.

Amaitzeko, egun sinfoniko-koralak amaiera emango dio aurtengo edizioari. Euskadiko Orkestrak eta Andra Mari abesbatzak, Juan José Oconen zuzendaritzapean, askotariko errepertorioa ezagutzera emango dute. Felix Ibarrondo, Anita B. Idiartborde, Francisco Escudero, Gabriel Pierné, Miguel González Bastida eta Pablo Sorozabalen obrak entzun ahal izango dira.