JUAN DE ANCHIETA (1450/60-1523)
500 urte igaro dira Iberiar penintsulako musika-pertsonarik garrantzitsuenetako batek utzi gintuenetik. Gipuzkoako probintziaren bihotzean jaio zen, Iraurgi bailaran.
Azken ikerketen arabera, Juan de Anchieta Azpeitian jaio zen 1450-60 hamarkadan. Ez dago bere formazioari buruzko datu ziurrik, baina Salamancako unibertsitatean musika ikasi zuela uste da. Garaiko usadioaren arabera, familiako bigarrena zenez, eliz-karrera egitera bideratua izan zen. Bere musika jarduerarekin lotuta ezagutzen dugun lehen data 1489ko otsailaren 6koa da, egun horretan Isabel Katolikoa erreginaren Kaperako Kantore izendatu baitzuten.
Hispaniako gortearekin harreman luze eta estua izan zuen, eta gorteak egin zituen bidaietan parte hartu izan zuen. Errege Katolikoen seme Don Juan Printzearen kapera-maisu izan zen, eta, ondoren, haren emaztearena Flandesko Margarita printzesa. Gaztelako Juana erreginaren zerbitzura egon zen, Ingalaterra eta Flandesko bidaietan lagunduz. Aurrerago enpreadore bilakatuko zen Karlos V.enaren eta Leonor eta Isabel printzesen “eskola-maisu” kargua bete zuen. Fernando erregearen kaperako kantari gisa amaitu zuen bere ibilbide profesionala.
Garai hartako musikagileen obren egiletzari dagokionean, ohikoa da ikerketek aurrera egin ahala bere konposizio-katalogoa handitzen eta sendotzen joatea. Aurkitzen diren partiturak eskuz idatzitako kopiak direnez eta bertan egileari buruzko erreferentziarik azaltzen ez denez, aldian-aldian, autorearen egiletzari buruzko aldaketak egon ohi dira.
Bere konposizio-obratik hogei obra ziurtzat ematen dira, gehienak erlijiosoak, bi meza barne, eta lau kantu profano ere kontserbatzen dira; beste bederatzi obra erlijioso ere bereak izan daitezke, eta hamahiru konposizio zalantzazkoak dira. Bere estiloari buruz honako hau idatzi zuen Aita Donostiak: “Antxietaren mezak, moteteak, magnificats-ak idazkera errazekoak dira, zuzenak, eta ez du zailtasunik bilatzen, hura garaitzeko gustuagatik. Agian ez da iristen Josquin des Prés bere garaikidearen mailara, egia esan, baina Antxietaren musikaren espresibismoa lege onekoa da eta oso interesgarri egiten du”.
Juan de Antxietak Azpeitian bizi izan zituen bere bizitzako azken urteak, erretiratuta eta gaixorik, eta bertan hil zen 1523ko uztailaren 30ean.