Select Page

MUSIKASTE 2003ri hasiera emateko, Musikene – Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiaren zuzendaritza-taldeak “Musikene: goi-mailako musika hezkuntza Euskal Herrian” aurkezpena egin zuten.

Bi berritasun izan ziren: haurrek interpretatutako kontzertu sinfoniko-korala eta Errenteriako ikastetxe eta ikastoletako lehen hezkuntzako ikasleei zuzendutako hiru kontzertu didaktiko.

Musika garaikidearen egunean, Oiasso Novis eta Proxima Centauri taldeek Joel Merah, Isabel Urrutia eta Ramon Lazkanoren obrak interpretatu zituzten, besteak beste.

Musikeneko hari-laukoteen taldeak Juan Crisóstomo Arriaga, José María Usandizaga eta Pablo Sorozábalen hiru kuarteto interpretatu zituen.

Antzinako musikari eskainitako egunean, Peñaflorida kaperak Juan García de Salazarren Officium et Missa pro defunctis obra interpretatu zuen.

Sei abesbatzak bete zuten parrokia, abesbatzen egunean: Landarbaso, Durangoko Orfeoia, Sine Nomine musika-tailerra, Loinatz, Vocalia eta Andra Mari. Javier Busto, Francisco de Bengoa, Lorenzo Ondarra, Guillermo Lazkano, Eva Ugalde, Tomás Aragüés Bayart eta abarren obrak interpretatu zituzten.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Andra Mari abesbatzak, Musikasteren edizio horri amaiera emateko, Peio Zabaleteren La porte d ‘airain eta Tomás Aragüés Bayarteren Sinite parvulos venire ad me meza interpretatu zituzten.

Eva Ugalderen Iratxoa (zatia).Int.: Kantika (Zuz. Basilio Astúlez), Gaudeamus (Zuz. Julia Foruria) ; Leioako Kontserbatorioko Orkestra. Zuz. Margarita Lorenzo de Reizabal.