Select Page

Pello Zabala frantziskotarrak eman zuen irekiera-hitzaldia, XX. mendean zehar Arantzazuko komentuko bizitzan musikak izan zuen garrantziaz; ondoren, Bandak jo zuen Foruen Plazan.

Ensemble Kuraia izan zen abangoardiako musikari eskainitako egunaren ardura izan zuena, eta Enfedaque, Fdez. Gerenabarrena, Bernaola, Torre eta Lucen lanez osatutako kontzertua eskaini zuen. Ganbera-kontzertuan Rezler laukoteak Sabino Ruiz Jalón eta Jesús Aranbarriren obrak interpretatu zituen.

Antzinako musikako kontzertua ere, Peñaflorida kaperak emana, Arantzazuko musikari eskaini zitzaion. Barrokoko hainbat egileren lanak entzun ahal izan ziren, hala nola Arriola, Etxeberria, Egiguren, Axpe, Ibarzabal, Larrañaga, Sostoa eta Larrañagarenak.

Txisturako musikari eskainitako egunean, Donostiako Udalaren Txistulari Taldeak hartu zuen parte, eta, abesbatzen egunean, Adixkideak (Angelu), Nuestra Señora de las Nieves (Faltzes), Samaniego (Gasteiz), Hodeiertz (Tolosa) eta Doinuzahar (Durango) abesbatzen bisitak jaso genituen.

Amaierako kontzertuan Aranbarri, Erkoreka eta Ruiz Jalónen lanak entzun ziren, Maite Arruabarrena mezzosopranoaren, Iñaki Alberdi soinu-jotzailearen, Andra Mari abesbatzaren eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren eskutik, guztiak Jose Antonio Pascualen zuzendaritzapean.

 

Jesús Arámbarriren Castilla (zatia) . Int.: Maite Arruabarrena, mezzosopranoa; Errenteriako Andra Mari Abesbatza. (zuz. José Manuel Tife); Euskadiko Orkestra. Zuz. José Antonio Pascual.

María Eugenia Luc-en Lamiak (zatia). Int.: Kuraia, Marieanela Leon dantzaria eta Juan Crego bideoa.