MUSIKASTE 1973 oso ideia sinplearekin hasi zen: musika-aste bat egitea. Proiektuek gorputza hartu ahala, ideia nagusia sendotzen hasi izen: MUSIKASTEk euskal musikaren azoka edo erakustoki izan behar zuen.
Irekiera-ekitaldian Tomas Marcoren hitzaldi bat (“Gaur egun tradizio bati eusteko ahalbidea”) eta euskal musikaren problematikari buruzko mintegi bat egin ziren.
Abangoardiako musikari eskainitako egunean, Diabolus in musica ganbara-orkestrak sortzaile hauen obrak interpretatu zituen: Anton Larrauri, Carmelo Bernaola, Maria Luisa Ozaita, Luis de Pablo, Tomas Marco eta Agustin G. Acilu.
Abesbatzen egunean Francisco Escuderoren izena nabarmendu zen; haren Gizon dantza eta Canción festiva interpretatu ziren.
RTVEko Laukote Klasikoak J. C. Arriagaren 1. kuartetoa interpretatu zuen, besteak beste. Astea kontzertu sinfoniko-koral batek itxi zuen. Bilboko Orkestra Sinfonikoak Guridiren Hamar euskal melodia obra interpretatu zuen, eta, Andra Mari abesbatzarekin batera, Mozarten Requiema, aste osoari amaiera emateko.
Musikasteren lehenengo edizioan, aste osoan zehar euskal musika eman zen Madrildik Radio Nacionalen bidez, eta azpimarratzekoa da Donostiako irrati-etxeek arretarik handiena eskaini ziotela Musikasteri.