Errenteriako Udal Txistulari Taldea
Errenteriako Udal Txistulari talde berria 2003ko ekainean eginiko oposaketen ondoren sortu zen. Txistu taldea honako hauek osatzen dute: Xabier Vesga (1. txistua eta zuzendaria), Olatz Oliveri (2. txistua), Josu Izagirre (silbotea) eta lñaki Letamendia (atabal). Txistu taldeak eginkizun desberdinak ditu: igandero herriko auzo desberdinetan bere hots gozoaz esnatzen gaituzte, hilean behin kontzertua eskaintzen dute Udaletxeko arkupetan, Inauterietako diana goiztiarrak, korporazioak, San Juan bezperako aurreskua, Madalenetako prozesioak, buruhandi eta erraldoiak, eta abar luze bat. Ekintza horietaz gain, herriko beste ekintza eta festetan parte hartzen du. Gainera, Euskal Herriko Txistulari Elkarteak antolatzen dituen ekitaldietan parte hartzen du beste herrialdetako udal txistu eta txistulariekin batera.