Leioako San Juan Bautista abesbatza 1968an sortu zuen Jose Ignacio Sarriak, parrokia-koru gisa, eta hortik hartu zuen herriko parrokiako patroiaren izena. 50 urte baino gehiagoko ibilbide bikaina izan du, eta kontzertu ugari eskaini ditu Espainian eta Europan, orkestra eta zuzendari garrantzitsuekin lan egiteaz gain, estatu mailako abesbatzen testuinguruan erreferentziazko abesbatza izatera iritsi da. Hainbat grabazio egin ditu, eta Basilio Astúlezen zuzendaritzapean, estatuko eta nazioarteko sari garrantzitsuak lortu izan ditu.
2008an osorik berritu zen, eta Leioako Udal Kontserbatorioan sartu zen. Gaur egun, Leioa Kantika Korala haur abesbatzan trebatutako 40 abeslari gaztek osatzen dute. Aro berri honetan, kontzertu asko eskaini ditu Euskal Herrian eta Estatuan ere, eta sari garrantzitsuak jaso ditu estatuko abesbatza lehiaketa guztietan.
Hainbat erakunde eta orkestrekin kolaboratu du, hala nola Sevillako Orkestra Barrokoarekin Claudio Monteverdiren L´orfeo-ren muntaian Arriaga Antzokian, Conductus Ensemblerekin Dietrich Buxtehuderen Membra Jesu Nostri-ren interpretaziorako, edo Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin bere 100. urteurrenaren inauguraziorako Jesus Guridiren Eusko Irudiak interpretazioarekin.
Leioako San Juan Bautista Abesbatza gaur egun, talde aktibo eta dinamikoa da, eta koru-musikan trebatzeko, eboluzionatzeko eta sakontzeko grina duten abeslari gazteen interesak eta ilusioak gauzatzeko gunean bilakatu da.