Junkal Gerrero musikagilea da ‘Arimen Besarkadan’ lanaren egilea, eta pandemiaren mina oso gogoan izan du lana aurrera eramateko

– Zerk bultzatu zintuen ‘Arimen besarkadan’ obra sortzera?
– Andra Mari abesbatzaren enkargua izan da. Bere zuzendaria den Andoni Sierrak proposatu zidan organu eta korurako Requiem bat idaztea. Lan sakona egin behar izan dut. 30-35 minutuko musika da. Obra osoari bateratasuna ematea izan da niretzat zailena. Presio handia sentitu dut hain ezaguna zaidan eta hainbestetan abestu dudan textuekin sormen lan berria planteatzean. Sakratua den materialarekin ari nintzela iruditzen zitzaidan. Andra Mari bezelako koru baten ibilbide luze ta oparoan ondo enkajatzen duen zerbait eskeintzea izan da nire ardura handiena. Espero dut expektatibak beteta geratzea. Garbi neukan pandemia nolabait azalduko zela sortze prozesuan. Idaztean nik sentitutako pertsona maiteen galerak tekla eta pentagrama tartean egon dira. Nik sortutako bi poema tartekatu ditut: ‘Absentziari lo kanta’ eta ‘Arimen besarkadan’. Azken honek eman dio izena Requiem osoari. Barruko lan sendagarria izan da niretzat. Debekatuta izan ditugun besarkadak obra honen bidez bideratu eta abeslari eta entzuleen artean biderkatuta sentiarazi nahi nituzke. Bereziki senitarteen besarkadarik gabe hil direnak eta azken momentura arte beraiekin egon diren erizain eta medikuak izan ditut gogoan obra hau sortzeko.
– Zer esan nahia dauka zuretzat obra hau Musikasteren barruan irudikatzeak?
– Musikasten lan bat estrenatzea benetako ohorea da euskal konpositore batentzat. Eresbilek garatzen duen ‘sukalde’ lan ixila estimatzekoa da. Ziur nago ahalik eta baldintza egoki eta seguruenak izango ditugula denok estrenaldian. Andoni Sierra zuzendaria, Alize Mendizabal organujolea eta Andra Mari abesbatzaren eskuetan konfidantza osoz uzten dut nire ekarmena. Eresbilen bidean berriro ere gurutzatzeko aukera izatea oso ederra da niretzat.
– Nola ikusten duzu euskal konpositoreen etorkizuna?
– Euskal Herrian konposatzeko aukerak pixkanaka irekitzen ari dira, baina oraindik bakanak dira konposizioaz bizitzeko aukera duten artistek. Munduan arazo hau orokorra dela esan genezake. Zuzendari eta talde ezberdinen enkarguei esker ari gara aurrera egiten gehienok. Bestalde, alderdi artistikoak ez dauka mugarik eta gizarteak musika behar duela garbi geratu da pandemiako une zailenetan. Beraz, alde hortatik etorkizuna oso naturala eta irekia ikusten dut. Munduko edozein puntutik ari dira gure partiturak erosten eta lantzen. Aipatzekoa da bide hori hobetze aldera euskal editoreek burutzen duten lana. Nik CM Ediciones Musicales-ekin editatzen ditut nire lanak, adibidez. Edizio dijitalak on-line egin ahal izatea ezinbestekoa da gaur egun. Etorkizunari askatasunez begiratzeko aukera duten musikariekin bidea egiten ari naiz, beraiekin eta beraiengandik ikasten.