“José Luis Ansorena hil zela jakin bezain laster, bere omenez zerbait egin nahi izan nuen”

José Luis Echechipía

Maiatzaren 18an, larunbata, Andra Mari abesbatzak euskal musikagileen obrak interpretatuko ditu Andre Mariaren Zeruratzea Parrokian, eta zuk organoz lagunduko diezu.

  • Nolakoak dira D. Preciado, E. Arriaga eta J. M Guelbenzuren obrak?

Euskal musikagileen obrak dira. José Preciado bera, ez zen jaiotzez euskalduna baina bere obrak gehitu nahi izan ditut Tafallako Santa María Parrokiako organista izan zelako. Oso autore interesgarria da. Duela urte batzuk, Aragoiko organo historikoen bildumarekin diskoa grabatzeko aukera izan nuen, eta oso musika interesgarria du. Zentzu honetan, Tafallako organoa oso interesgarria da. Han egon zen, oso ezaguna den Felipe Gorriti. Baina hain ezagunak ez diren beste hainbat autore ere egon ziren, eta ezagutzera ematea ere interesgarria da. Autore hauek ikasi izan ditugu, baina beraien musika interpretatzea ere interesgarria da. Eta horrexegatik barneratu dugu autore hau. Bestalde, Dionisio Preciado musikologo kaputxinoa zen, baina nik ez nuen bere musikagile alderdia ezagutzen. Iruñean bizi izan zenean ia ezagutzeko aukera izan nuen eta bere obra bat interpretatzeko zorretan nengoela sentitzen nuen, hain gertu egonik azkenean ezagutu ezin izan nuen arren. Baina tira, horrelakoa da bizitza.

  • Bai, hala da. Juan Ambrosio Arriolaren obrak ere interpretatuko dituzu.

Bai, organorako bakarrik idatzitako obrak dira. Arriola, Hilarión Eslavaren ikasle kuttuna zen. Jaiotzez euskalduna eta Eslavaren hitzetan, etorkizun oparoa izango zuela zirudien, baina askotan gertatzen den bezala, Juan Crisóstomo Arriagarekin adibidez, oso gazte hil zen. Eta kasu hauetan esaten denez “hain gazte hil ez balitz, nora helduko ote zen….”. Eta hori pasa zitzaion Arriolari, oso gazte hil zela, eta Hilarión Eslavarentzat oso gogorra izan zen.

  • Emakumeen obrak ere badaude, Marie-Bernadette Dufourcet esaterako.

Hala da. Dufourcet-ek idatzitako suite baten zatia da. Nik iaz arte, ez nuen bere obrarik interpretatu. Eta orain musika hau interpretatzeko aukera izan dut, frantziar estilokoa, oso interesgarria, autore garaikidea eta idazteko oso modu interesgarria duena.

  • Ba al dago Frantzian konposatzeko moduaren eta hemengo konposatzeko moduaren artean alderik?

Bai, bai. Zalantzarik gabe. Alde handia dago Frantziak konposatzeko duen moduan, gainerako herrialdeekin alderatuz. Estatu zentralista da, eta hori ere XVII. eta XVIII. mendeetako barrokoko organogintzan nabari da. Frantziako organoaren modeloa, erdialdeko Europa edo modelo iberiarrarekin alderatuz, estandarizatuagoa dago. Frantziako estiloa nabaria da, zaharra nahiz berria izan, berehala ezagutzen den estiloa da. Kontuan hartu behar da interpretatuko ditudan Marie-Bernadette Dufourceten obrak egungoak direla, eta Arriola edo Preciadorenak, ordea, zaharragoak dira, eta Eslavaren musikaren ukitua dute.

  • Uztailean 100 urte beteko zituen, eta apirilaren 3an zendu zen Ignacia Olaizolaren obra bat ere interpretatuko da.

Mezan zehar, Santo obra interpretatuko dugu. Pena ematen du hain gutxigatik ehun urte ez bete izana. Baina horrelakoa da bizitza, eta obra honen interpretazioarekin omenalditxoa egingo diogu. José Luis Ansorenaren antzera, bere heriotzaren berri izan nuenean, bere omenez zerbait egiteko gogoa izan nuen, baina hain denbora gutxirekin ezinezkoa egin zait.

  • Bueno, modu batera edo bestera, Ansorena gure artean egongo da, ez da?

 

Bai, noski. Gure artean egongo da ziur.

  • Bidasoa-Nafarroako ondarea ondo ezagutzen duzunez, zein da ondare honen egoera?

Oso ondare interesgarria da. Horrexegatik egin nuen “Haizea eta ura, organoaren artea Bidasoan zehar” dokumentala. Bertan Lesakako adibidea azaltzen dut, edo Berakoa (egia esateko, errepasotxoa behar du…) eta Narbarte edo Arantzako organoei buruz hitz egiten dut, oso ildo onak izan dituztenak. Gipuzkoako Cavaillé-Coll organoek beti itzala egin diote ondare honi, baina iberiar tradiziotik datorren organo erromantikoa denez, interesgarria da. Dokumental honetan, organo hauek guztien atzean dagoen giza ondarea jaso nahi izan dut, eta horregatik, elkarrizketak egin dizkiet inguruko organistei, koruko zuzendariei, eta modu batera edo bestera organoaren munduarekin eta ondarearen kontserbazioarekin eta difusioarekin lotura duten pertsonei.

  • Gure kultura gordetzeko lan garrantzitsua da

Bai. Saiakera egin beharra dago. Nik, betidanik miretsi izan dut, Bidasoa inguruan, eta zer esanik ez Gipuzkoan, organoaren munduak duen  indarra. Eta Bidasoan organoren ohitura oso errotua dago, eta ahalegin guztiak egin behar ditugun gure ondare hau gal ez dadin.

  • Maiatzaren 18an Andre Mariaren Zeruratzea Parrokiara gerturatzen denak zer entzuteko aukera izango du?

Niretzat oso musika interesgarria da, ohikoa ez den musika ezberdina. MUSIKASTEko José Manuel Tiferekin hitz egin nuen, eta berak esan zidan sekula MUSIKASTEn interpretatuak izan diren autoreen lanak entzungai izango ditugula maiatzaren 18an, José Preciado Fourniers eta Juan Ambrosio Arriola, esate baterako, eta oso pozik nago horregatik. Bestalde, beti da plazera Errenteriako Andra Mari Abesbatza entzutea eta gainera, berriki eraberritua izan den Errenteriako organoa ere oso garrantzitsua da. Dena den mezarako idatzitako musika, mezaren testuinguruaren baitan entzutea beti da interesgarria.