Select Page

Musika garaikidearen egunarekin hasi zen Musikasteren 45. edizioa, zeinean Ensemble Kuraiak honako musikagile gazte hauen lanak estreinatu baitzituen: Brais Novoa, Luis Fernández Bañuelos, José Angel Babiano, Paloma Vírseda eta José Ramón García.

Larunbatean, hilaren 20ean, kontzertu berezia egin zen Andra Mari abesbatzaren 50. urteurrena ospatzeko. Abesbatzak, Errenteriako Musika Bandarekin batera, Josep Vicent Egea, Camille Saint-Saëns, Jesús Guridi, Francisco Madina, Jose Maria Usandizaga eta abarren obrak jo zituen.

Ganbera-musikaren eguna gitarrari eskainia egon zen oso-osorik: Andrea González Caballerok Ricardo Isasiren obrak interpretatu zituen, Enrike Solinísek Kortabarria Bildumako obrak eta Carmen Becerrak Angel Segura funtseko obrak.

Abesbatzen egunean, Easo eskolaniak eta Schola Easok Aita Donostiaren, Nemesio Otañoren eta Luis Iruarrizagaren obrak interpretatu zituzten, Itsasoa abesbatzak  Frédéric Sorhaïtzen lanak eta Landarbaso abesbatzak Oskarbirekin batera talde horren abestiak interpretatu zituzten.

Asteari amaiera emateko, Nafarroako Orkestra Sinfonikoa eta Andra Mari abesbatza aritu ziren, eta Jesús García Leozen Diana eta Acteonen balletta, Tomás Asiáinen Hiru dantzen suitea, Pascual Aldaveren Nerabe Sorta Pablo Sorozábalen Jai-Alai: film baten suite musikala interpretatu zituzten.