Musikasteren 40. edizioan ospatu beharreko mendeurrenen artean, José Azpiazu, Francisco Escudero eta María Victoria Figueridorenak nabarmendu behar dira.
Hiru hitzaldi izan ziren irekiera-egunean: Itziar Larrinagak azaldu zuen Escuderok sormen lanean doinu tradizionalak nola erabiltzen zituen; Jon Bagüések Musikasteren 40 urteko historia errepasatu zuen, eta Maddi Oihenartek Zuberoako kantagintza berreskuratzeko proiektua aurkeztu zuen, Jeremie Garat biolontxelo-jotzaileak lagunduta.
Donostiako Olatu Talka jaialdiarekin kolaborazio bat egin zen, eta, Mugetan atalean, Odio eta Ke+Da errenteriarren punka izan zen. Bestalde, musika garaikidea Ensemble Kuraiaren eskutik etorri zen, eta hari esker Musikeneri lotutako musikagileen labealdi berriko konposizioak entzuteko aukera izan genuen.
María Victoria Figueridoren urteurrenarekin bat eginez, ganbera-kontzertu bat izan zen, non haren obrak ez ezik, Emma Chacónek eta Emiliana Zubeldiak konposatutako piezak ere programatu baitziren, baita beste ganbera-kontzertu bat ere, oraingoan José Azpiazu ardatz zuena.
Antzinako musika Diatessaron Ensembleren eskutik etorri zen eta Nafarroako konkistaren 500 urteak ospatzeko errepertorioa eskaini zuen. Abesbatzen egunean, berriz, Suessatio taldeak, Ipar Alde abesbatzak eta Barañain abesbatzak bisitatu gintuzten, Errenteriako Landarbaso eta Andra Mari abesbatzen jardunaz gain.
Amaierako kontzertuan, Orereta abesbatzaren eta Krater Ensembleren eskutik, Francisco Escuderoren Mitoen Sinfonia obra entzun ahal izan zen.