Select Page

Edizio hartako egitarauak denbora-tarte zabala hartu zuen eta Nafarroako Tibalt I.a erregearen obrak, Juan García de Salazar barrokoarenak eta konpositore garaikideen hamahiru obraren estreinaldia eskaini ziren. Tomás Garbizu musikagilearen hurbilpena ere egin zen, zeinaren jaiotzaren mendeurrena bete baitzen. Ganbera-musikaren egunean, lezoar musikagilearen ahots eta piano eta piano bakarrerako obrak interpretatu ziren. Abesbatzen egunaren amaieran Lezoko Sutargi abesbatzak musikagile herrikideak laurogeiko hamarkadan konposatutako lanak interpretatu zituen.

Abangoardiako musikari eskainitako egunean, Bilboko Instrumentu Taldeak Angel Illarramendiren obra bat estreinatu zuen, bai eta Francisco García Álvarezen Koldo Izagirreren testuei buruzko hiru abesti ere, hain zuzen Euskal Herriko Musikagileen Elkarteak deitutako Lehenengo Konposizio Sariketaren obra garailea.

Egun koralean zortzi konposizio estreinatu ziren, hain zuzen Jacques Ballue, Joel Merah, Lorenzo Ondarra, Tomás Aragüés, David Sagastume, Borja Ramos eta Javier Bello Porturenak.

Asteari amaiera emateko, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren eta Donostiako Orfeoiaren kontzertua izan zen, eta obra hauek jo ziren: Lorenzo Ondarraren Pazko gregorianoa, Tomas Aragüésen Tria ab uno eta Tomás Garbizuren Juan XXIII aita santuaren meza.

 

 

 

Tomás Garbizuren "Papa Juan XXIII" meza (zatia) de. Int. Donostiako Orfeoia (zuz. José Antonio Sainz Alfaro); Euskadiko Orkestra. Zuz. Juan José Ocón.