Select Page

MUSIKASTE 99 ERESBILen 25. urteurrena ospatzeko ekitaldien barruan kokatu zen; ohar gaitezen Musikaste errepertorioaz hornitzeko helburuz sortu zela Eresbil.

Besteak beste, Juan Francés de Iribarren, Julián Romano, Victor Zubizarreta eta Félix Telleriaren mendeurrenak ospatu ziren.

Astea hasteko “Juan Francés de Iribarrenek XVIII. mendeko espainiar musikari egindako ekarpena” hitzaldia eman zuen Luis Naranjok.

Abangoardiako musikari eskainitako egunean Alfonso G. de la Torre, Guillermo Lauzurika, Gabriel Erkoreka, Pascal Gaigne eta Zuriñe F. Gerenabarrenaren lanak izan genituen.

Antzinako musikari eskainitako jardunaldian Peñaflorida kaperak Juan Francés de Iribarreni eskainitako programa interpretatu zuen. Abesbatzen egunean, Zangozako Nora abesbatzak musikagile horren bi obra interpretatu zituen. Gainera, beste abesbatza hauek ere aritu ziren: Oiñarri, Leioako San Juan Bautista, Gipuzkoako Gazte Abesbatza, Andra Mari, Bergarako Orfeoia eta Errenteria Musikaleko ganbera-orkestra.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Andra Mari abesbatzak, asteari amaiera emateko, Victor Zubizarretaren Euskal Fantasia, Carmelo Bernaolaren Sinfonia eta Lorenzo Ondarraren Te Deum interpretatu zuten.