Aldi berean Donostian Francisco Escuderori buruzko erakusketa, mahai-inguru eta hitzaldi batzuk egin ondoren, lehenengo egunean hainbat jarduera eskaini ziren: udal-txistulariek Diana jo eta gero, Natalie Morelek Adrien Barthe baionar musikariari buruzko hitzaldia eman zuen eta Marcos-Andrés Viergek Fernando Remacha nafarrari buruzkoa. Ondoren, Bandak kontzertua eskaini zuen Foruen Plazan eta, arratsaldeko bostetan, musika-kafe bat eskaini zen, Usandizaga laukotearen eskutik. Azkenik, Ereintzako txistulariek eta Errenteria Musikaleko taldeek jaialdi bat eskaini zuten Esmalteriako plazan.
Antzinako musikari eskainitako egunean, Peñaflorida kaperak errezitaldia eskaini zuen Andrés Escaregui eta Matías Durangoren obrekin, eta ganbera-musikan —Errenteria Hiria kulturguneko auditorioak estreinatuz— Adrien Barthe, Luis Miguel Zulategi eta Fernando Remacharen musika entzun ahal izan zen. Halaber, liedari eskainitako saio bat ere izan zen Carmen Arbizu sopranoaren eta Alejandro Zabala pianistaren eskutik, eta musika garaikideko kontzertua Ostots taldeak interpretatu zuen berriz ere.
Abesbatzen egunean Gaztelu-Zahar (Hendaia), Bihotz-Alai (Algorta), Sine Nomine musika-tailerra (Iruñea) eta Gipuzkoa kamara-abesbatza izan genituen bisitan, Oiñarri eta Andra Mari anfitrioiez gain. Amaiera-kontzertuan, Muneta, Escudero eta Remacharen lanak entzun ahal izan genituen.