Select Page

Asteari hasiera emateko bi hitzaldi izan ziren: “Kontsagrazioko antzinako errituaren musika Euskal Herriko elizetan”, Mari Carmen Rodríguez Susoren eskutik, eta “Mateo Albeniz, kapera-maisua eta organista Donostian”, Antonio Martín Morenoren eskutik.

Norberto Almandoz musikagilearen mendeurrena ospatu zen. Musika erlijiosoa eta euskarazko musika konposatu zituen Almandozek. Gainera, Sevillako katedralean kapera-maisu eta organista izan zen, baita hiri horretako kontserbatorioaren sortzaile, zuzendari eta irakasle eta ABC egunkariko kritikari ere. Halaber, honako hauen mendeurrena ospatu zen: Antonio Alberdi, José María Olaizola, Miguel Etxebeste, Jose Maria Valdés, Eusebio Aranburu eta Francisco Iruarrizaga.

Ganbera-musikaren eguna Antonio Alberdi eta Norberto Almandozengan ardaztu zen, eta antzinako musikaren eguna Mateo Albénizi eskaini zitzaion, haren lanei buruzko programa monografiko baten bidez.

Abangoardiako musikaren jardunaldia Félix Ibarrondo, Ramon Lazkano, Michel Sendrez eta Frederic Boulard musikagileetan gorpuztu zen.

Abesbatzen egunean Oinarri, Iruñeko San Cernin, Durangoko Orfeoia, Araba, Eibarko Sostoa eta Andra Mari abesbatzak aritu ziren.

Amaiera-egunean, Tomás Mujica, Pablo Sarasate eta Norberto Almandozen obrak interpretatu ziren Pablo Sarasate orkestraren eta Andra Mari abesbatzaren eskutik.

Pablo Sarasateren Zapateado. Int. Gabriel Croitoru, biolin-jotzailea; Iruñeako Pablo Sarasate Orkestra, Zuz. Jacques Bodmer.

Norberto Almandozen Urretxindorra. Int. Maite Arruabarrena, mezzosopranoa; Alejandro Zabala, piano-jotzailea