Select Page

Edizio hartan mendeurren hauek ospatu ziren: José Juan Santesteban eta José Manterolaren heriotzen lehenengoa, Francisco Cotarelo, Germán Landazabal, Alejandro Valdés, Frai José Arrue eta Joaquín Echeverriren jaiotzaren lehenengoa eta Miguel Irizar hil zeneko hirugarrena.  Azken horri buruzko hitzaldia eman zuen Aita José López Calok irekiera-ekitaldian.

Euskal klasikoei eskainitako jardunaldian, María Luisa Egurrola mezzosopranoak, Juan Etxebeste biolin-jotzaileak eta Juan Padrosa piano-jotzaileak errezitaldia eskaini zuten Irizar, Arrue, Landazabal, Cotarelo eta Pradaren lanekin. Ganbera-musikari eskainitako saioan txistuaren aukerak aztertu ziren, eta instrumentu horretarako Isidro Ansorena konposizio-sariketara aurkeztutako obrak eskaini ziren.

Abesbatzen egunean Aretxabaletako, Gasteizko Iradier eta Hondarribiko Eskifaia abesbatzak izan genituen bisitan, Andra Mari eta Oiñarri anfitrioiez gain. Abangoardiako musikari eskainitako jardunaldian Gotzon Aulestia eta Félix Ibarrondo izan ziren protagonista.

Amaierako kontzertuan Irizar eta Landazabal omenduen obrak eta Emilio Arrietaren Orkestrarako kapritxoa interpretatu ziren, eta Tomás Aragüésen Txistu eta orkestrarako kontzertuaren erabateko estreinaldia egin zen, hain zuzen instrumentu horretarako idatzitako lehenengo kontzertu sinfonikoa.

Tomás Aragüés-en Txistu eta orkestrarako kontzertua (fragmento) . Int. Txistu solista, José Ignacio Ansorena; Bilboko Orkestra Sinfonikoa; zuz. Urbano Ruíz Laorden.