Select Page

1977an Musikastek datak aldatu zituen, eta, ohi bezala maiatzean izan beharrean, urriaren 3tik 8ra egin zen.

MUSIKASTE 77n Arantzazuko Barrokoko konpositoreak omendu eta aztertu ziren, fraide frantziskotar izandakoei erreparatuz: Arriola, Ibarzabal, Etxeberria, Larrañaga, Sostoa, Larramendi, Egiguren… Espirituaren eta estetikaren zabalkunderako gune izan da Arantzazu, eta, Andre Mariari buruzko mezuarekin batera, euskal herritar askoren kezka musikalak argitu ditu.

Gainera, Euskal Herriko Txistulari Elkartea omendu zen haren 50. urteurrenean; hala, txistua ganbera-musikako instrumentu gisa erabiltzeko lan-saio esperimentalen egun bat gauzatu zen, baita euskal herri-orkestraren saiakuntza batzuk ere.

Asteari hasiera emateko, José Iturriak “Barrokoko euskal musikariak Arantzazun” gaiari buruzko hitzaldia eman zuen. Ondoren txistu eguna izan zen eta horren ondotik euskal klasikoen eguna. Bertan Tomás Aragüések zuzendutako Donostiako Talde Barrokoak eta Andra Mari abesbatzak Axpe, Larrañaga, Egiguren eta Sostoaren obrak interpretatu baitzituzten.

Abesbatzen egunean Donosti Ereski, Itsas Soinua, Oiñarri, Sestaoko Orfeoia, Donostiako Ganbera Abesbatza eta Errenteriako Andra Mari abesbatzek hartu zuten parte. Abangoardiako jardunaldiaren ondoren, Ondarra, Sorozabal eta Garbizuren lanekin amaitu zen Musikaste.

Itxastak. José Mª González Bastidaren Goizabarra (zatia) . Int. Donostiako Txistu talde esperimentala; txilibituko bakarlaria, José Ignacio Ansorena. Zuz. Javier Hernández Arsuaga.