Asteari hasiera emateko bi hitzaldi izan ziren: “Fr. José Vaquedano, Espainiako musika barrokoaren ordezkari gorena”, Aita José López Calo musikologoaren eskutik, eta “Maurice Ravel, euskal musikaria”, José Luis Ansorena Andra Mari abesbatzaren eta Musikasteren zuzendariaren eskutik.
Maurice Ravel konpositorearen jaiotzaren mendeurrenaren oroipenak egituratu zuen aste osoa: Ravel piano-musikan, Ravel liedean, Ravel ganbera-musikan eta Ravel musika sinfonikoan.
Juan Padrosa piano-jotzaileak Maurice Ravelen Jeux d’eau, Gaspard de la nuit eta Alborada del gracioso interpretatu zituen.
Abesbatzen egunean, Donostiako Ganbera Abesbatzak, Andra Mari Abesbatzaren ganbera-abesbatzak, Gasteizko Iradier abesbatzak eta Errenteriako Orereta Ikastolako haur-abesbatzak hartu zuten parte, besteak beste Fr. José Baquedano, J. C. Arriaga, M. Ravel eta Tomás Elduayenen obrak interpretatuz.
Ganbera-musikari dagokionez, Pablo Sarasate Kontserbatorioko Ganbera Laukoteak eta Donostiako Kontserbatoriokoak, Maurice Ravelen obrak interpretatu zituzten.
Abangoardiako euskal musikariei eskainitako egunean, Agustín G. Acilú, J. L. Isasa, María Luisa Ozaita, T. Marco, Antón Larrauri, Luis de Pablo eta Carmelo Bernaolaren obrak interpretatu ziren, eta asteari amaiera emateko Bilboko Orkestra Sinfonikoak eta Iruñeko Orfeoiak Maurice Ravel handiaren Daphnis eta Cloe interpretatu zuten.