Gorka Hermosa akordeoi joleak, Alain Maya dantzariarekin eta Garikoitz Mendizabal txistulariarekin batera, kontzertua eskeiniko du Musikasteren inaugurazio egunean

– Musikasten ikusi ahal izango den obra zuk idatzi duzu, zerk inspiratu zintuen horretarako?
– Interpretatuko dugun programa hiru zatitan banatzen da: dantza minimalistak, Europako dantzak eta euskal dantzak. Obra hau garatzeko nire bizitzako hainbat esperientzietan oinarritu naiz. Euskal dantzen arloan erritmo herrikoiak kontuan hartu ditut, aurreskua eta fandangoa, adibidez, oso gertu izan ditut. Bere erritmo tradizionalak mantentzen ditut, baina harmonia edo testurak garatuagoak daude. Europako dantzen atala aurrera eramateko beste herrialdetan bizi izan ditudan esperientziak kontuak eduki ditut. Azkenik, dantza minimalista oso presente dut nire musikan.
– Kostatu al zaizu lan hori egitea?
– Bizitza osoa eman dut obra hau konposatzen. Nire ezagutza eta esperientziak kontuak eduki ditut. Lan hau osatzea zaila eta erreza izan da. Nik kontserbatorio batean konposizio ikasketak ez ditut ikasi, eta horrek hutsune handia suposatzen du nire prestakuntzan. Baina, aldi berean, horrek interesa ematen dio nire lanari, ikuspegi ez-akademikotik egin baitut. Bestalde, modu naturalean egin dut lan hau, naizen bezala agertuz, ez baitakit beste gauza egiten.
– Sustatzen al dira Euskadin euskal konpositoreen sorkuntzak?
– Beti egin daiteke askoz gehiago, baina zentzu horretan egiten ari den lana ere positiboki baloratu behar da. Zorionez, asko bidaiatu dut mundu osoan zehar, eta uste dut leku gutxitan laguntzen zaiela konpositoreei hemen egiten ari den bezala. Erakunde publikoak gure kulturaren alde egiten ari diren ahalegina goraipatzekoa da. Munduari nolakoak garen transmititzeko kezka dago. Erakundeak ondo tratatzen gaituzte, baina hau ez da oztopo beti gehiago egin daitekeela esateko.
– Zer nabarmenduko zenuke Musikasten interpretatuko duzuen programatik?
– Euskal kontzertu tradizional bat eskainiko dugu, baina XXI. mendeari begira, gure sustraiei buelta bat emanez. Eszenatokian egongo garen artisten kalitatea azpimarratu nahi dut. Garikoitz Mendizabal mundu mailako erreferentea da txistuan, nik txistuaren Paco de Lucía deitzen diot. Ezagutu baino lehen ez zitzaidan txistua asko gustatzen, baina berak badaki soinu goxo, biribil eta nobleak ateratzen. Artista ausart eta bertutetsuaz ari gara hizketan. Alain Mayak euskal dantzari buelta bat emateko gaitasuna izan du. Modernizatzen eta zerbait artistikoa egiten jakin du, sustraiak galdu gabe. Nire aldetik akordeoia modernizatzen ere saiatu naiz.