Andoni Sierrak zuzentzen duen Andra Mari Abesbatzak kontzertua eskainiko du aurten Musikasteren Abesbatza Egunean

• Koruek oso gaizki pasatu dute pandemian zehar, zer esan nahi du zuretzat jendearen aurrean berriro aritu ahal izateak?
• Jendearen aurrean jardun ahal izatea funtsezkoa da koralisten ilusioari eta motibazioari eusteko. Zuzeneko kontzertuak eta publikoarekin komunikatzeak ematen dio zentzua abesbatza bateko kideek egiten duten lanari. Zalantzarik gabe, ilusio handia da.
• Nola animatuko zenuke jendea kontertura joateko?
• Errenteriako publikoak oso ondo ezagutzen gaitu. Proposatzen dugun errepertorioa ez da beste batzuetan proposatutakotik aldentzen estiloan. Igandean, hilak 17, Musikasteren emanaldian, Junkal Guerrero konpositoreari egin genion enkargu baten estreinaldia eskainiko dugu. Bere titulua honako hau da: ‘Arimen Besarkadan’. Ahots bakarlari, abesbatza misto eta organo baterako idatzitako obra da, eta Hildakoen Ofizioaren inguruan egituratuta dago. Ikusleei asko gustatuko zaien obra dela uste dut. Koru Egunerako, abesbatza mistorako eta pianorako moldatutako doinu zaharren sorta bat proposatzen dugu.
• Zer esan diezagukezu Junkal Guerreroren Arimen Besarkadan lanari buruz?
• ‘Arimen Besarkadan’ obra Andra Mari Abesbatzak Junkal Guerrero konpositoreari egindako enkargua da eta, aldi berean, pandemiaren garai zail hauetan heriotzaren trantzea jasan duten guztien oroimenez egindako ekitaldia izan nahi du. Obra oso hizkera zuzen eta hurbilean idatzita dago eta, aldi berean, oso zintzoa. Uste dut emozio-karga handia duela, eta jendeak ulertu eta gozatu egingo duela.