Andoni Sierra Andra Mari Abesbatzaren zuzendaria da. Lau urte daramatza Andra Mari abesbatzako zuzendari bezala. Abesbatzarentzako oso momentu gogorrean iritxi zen eta epe honetan koruko partaideei esker, oso ongi moldatu da.
- Musikasteko edizio honetan Andra Mari abesbatzak bi kontzertu eskainiko dizkigu, bata Jose Luis Echechipia organistarekin eta bestea Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin amaiera kontzertuan. Bi zita nahiko ezberdinak dira. Zer entzungo du ikusleak kontzertu bakoitzean?
Egia da bai, bi kontzertu zeharo ezberdinak dira: lehengo kontzertuan musika sakroko egile ezberdinen piezak entzungo ditugu, batzuen kasuan 2019 honetan urtemuga ezberdinak ospatzen dira. Hauen interpretaziorako gainera José Luis Echechipia organistarekin parte hartzeko ohorea izango dugu. Bigarren kontzertuan Juan Antonio Bayonaren “El Orfanato” pelikulako Soinu Bandaren Suitea abestuko dugu Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin batera.
- 4 urte daramatzazu Andra Mari Abesbatzaren aurrean, ze balantze egiten duzu? Nolakoa izan da koruarekiko zure adaptazioa?
Andra Mari Abesbatza oso egoera kritikoan zegoenean iritsi nintzen. Honelako egoeren aurrean ez dakizu nolakoa izango den egokitzapena. Horrelako egoeretan asko eskertzen da ahal den guztian laguntzeko prest dagoen zuzendaritza talde batekin topo egitea, baita bere onena emateko gogoa duen giza talde batekin lan egitea. Eta horixe izan zen Andra Mari abesbatzan aurkitu nuena: giza-kalitate aparta duen zuzendaritza talde eta abeslari talde aparta, abesbatza bizirik irauteko ahal zuen guztia egin duena, eta hauentzat esker oneko hitzak besterik ez ditut. Bidea luzea da, baina harrotasunez esan dezaket Andra Mari abesbatzak azken lau urteetan duintasunez aurrera eraman dituela bere gain hartu dituen konpromiso guztiak.
- Azkenik 1966an Andra Mari Abesbatza sortu zuen Jose Luis Ansorenari buruzko hitz batzuk esatea gustatuko litzaidake.
Egia esan, Andra Marira iritsi nintzenean José Luis Ansorena oso heldua zen eta, zoritxarrez, ez nuen bera sakonki ezagutzeko aukera izan. Baina Andra Mari, Musikaste edo Eresbil izenak esatea, José Luis Ansorena esatea da. Eta berezko nortasuna eta garrantzia duten erakundeak izanik, bere sortzaileak zein nolako garrantzia eta neurria zuen adierazten digute. Niretzat euskal musikaren berreskuratze eta bilakaeran, erreferentziazko figura da.