Maiatzaren 19tik 27ra
Musikasteren 45. edizioa
Aurten MUSIKASTE – EUSKAL MUSIKAREN ASTEAren 45. edizioa ospatuko dugu, euskal autore eta musikagileen aldeko konpromisoa berretsiz. Edizio honetan jaialdiaren fundatzailea den Andra Mari Abesbatzaren berrogeita hamargarren urtemuga ospatzen da, eta bertako abeslari ohiek eta bertatik sortutako bakarlariek paper garrantzitsua izango dute antolatuko den kontzertu berezian, Errenteria Kultur Elkarteko Bandak lagunduko duena.
Urtemugak
Oskarbi taldeak eta Easo Eskolaniak aurten urtemuga bereziak ospatzen dituzte, eta koruen egunean leku berezia izango dute. Oskarbi taldeak eta Landarbaso Abesbatzak beraientzat espresuki harmonizatutako hiru obra lehen aldiz batera interpretatuko dituzte.
Gitarraren erabilera Euskal Herrian izango da MUSIKASTEko egun baten ardatza. Hiru interprete garrantzitsuren eskutan Ricardo Isasiren lanak, bai eta Oñatiko Cortabarria funtsean edo Ángel Segurarenean biltzen direnak ere entzungai izango ditugu. Azken funts hau Eresbilen gordetzen da.
Musikeneko geletatik sortutako sei musikagile berriren lanak aurkeztuko dira MUSIKASTEN ibilbide trebatua duen Ensemble KURAIA taldearen eskutik.
Erlijio musika eta txisturako lanen konpositoreak izango dira igandeko jardunaldiko protagonistak. Iñigo de Peque eta Isabel López izango dira erlijio musika interpretatuko dutenak, eta bestalde, Errenteriako Udal Txistulari Banda entzungai izango dugu.
Amaierako ekitaldia
MUSIKASTEren amaierako ekitaldiari nafar kutsua antzematen zaio, Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren partaidetzagatik, Jesús Echeverríaren zuzendaritzapean, bai eta interpretatuko den programagatik ere. Kontzertuko azken obrak, Pablo Sorozábalen hain ezaguna ez den musika berreskuratuko du. Lehen aldiz suite moduan azalduko zaizkigu, aurrerago ezagunagoak egin ziren Pablo Sorozábalen obren zatiak Andra Mari Abesbatzaren ahotan, bere sorkuntzaren berrogeita hamargarren urtemugaren amaierako ekitaldia izango den emanaldian.