Inicio de la página-EU

AYUDAS A LA ACCESIBILIDAD-EU

DISKOGINTZAREN HASTAPENAK

EUSKAL HERRIAN


Gerraren urteak

 

Urte hauetan zehar 78 b/min-etara biratzen ziren “arbelazko” diskogintzari ekin zioten. 1933ko urtarrilaren hasieran, Columbia Graphophone Company, S.A.E.-k, Juan Inurrieta zuzendari kudeatzailea eta akziodun nagusia zen konpainiak, zentimetro bakoitzeko 50etatik 110etara ildo zituzten 33 1/3 b/min.ko diskoak1 merkaturatu zituen, hau da, mikroildo-diskoak edo iraupen luzeakoak bezala ezagutzen direnak alegia; hala eta guztiz ere, ildo zabalakoak fabrikatzera itzuli behar izan zuen. Columbiaren mikroildo-diskoen merkaturatze honek halako porrota ekarri zuen, non bere fabrikazioa uztera behartuta ikusi ziren. Garai hartan sozietate anonimoa zenaren patenteak, markak, kontratuak, matrize fonografikoak, makineria eta fabrikaziorako tresna guztiak Juan Inurrietak erosi zituen notarioaren aurrean 1936ko martxoaren 2an. Lantegiaren 1936ko katalogoan RGLD 10000tik 10003 zenbakizko erreferentzietara doaz lau diskoko zerrenda txikia azaltzen da. Hauek Columbia Orkestra eta Bandaren inpresioak dira, gehienak zarzuelako zatiekin.

Garai hartan, Juan Inurrietak mikro-disko hauetarako erabilitako lehengaia asmaketa bat ere suposatu zela adierazi zuen, baina “Errepublikaren aldekoek formula eta prozedurak, eta baita iadanik egindako lehengaiko kantitate guztiak ere, beraiekin eraman zituzten”. "Nazio-mugimendu aintzatsuan zehar” disko hauen fabrikazioa berriz hasi ezin izan zuen arrazoia hau izan zela zion. 

La Voz de Guipúzcoa (1931)

1936ko estatu kolpearen ondoren Columbiaren jarduera ez zen gelditu, nahiz eta bere katalogoan aldaketa handiak izan. Gerra baino hilabete batzuk lehenago argitaratutako katalogo orokorrean errepertoriotik laster desagertuko ziren himnoak jasotzen ziren; hala nola, Riego Himnoaren bost bertsio ezberdin eta baita Internazionala-ren ereserkia eta beste himno errepublikanoak ere.

Gerraren hiru urte hauetan zehar, Nafarroako Requeté-aren bandak, egindako grabazio ugari bai bakarrik bai Orfeoi Iruindarraren koruen akonpainamenduarekin interpretatu zituen. Himno eta martxak, gehienak Silvano Cervantes, bere zuzendaria izan zen horrek zuzenduta inpresionatu ziren. Zenbait titulu karlistak gorde dira: Oriamendi, Himno de los Pelayos, Marcha triunfal del requeté, Boinas rojas, Capitán Imaz, Glorias de España, ¡Alto, quién vive!, Invicto, Himno de las margaritas, Iruñeko Bitxiloreetako koruekin eta abar. Donostiako Udal Bandak, Regino Ariz zuzendaritzapean, Laureles para Mola bezalako martxak edota ¡Arriba España! bezalako pasodobleak grabatu zituen. Errepertorioari ez zitzaizkion Orfeoi Burgostarraren edota Donostiako Orfeoiaren ekarpenak falta izan.

Erregimen frankistak Columbia Disko Lantegia propagandaren tresna moduan erabili zuen. Bertan Juan Telleria euskal konposagileak egindako eta Angel Cabanas-ek grabaziorako instrumentatutako (Juan Cabanasen anaia, garai hartan falangearen argitalpen-nagusia izan zena) “Cara al sol” Falangearen himnoa inprimatu zen. Oraingo honetan, falangearen ikurra etiketa gorri berezi batean  inpresionatu zen.

Donostiako erorialdiaren ondoren, 1936ko irailean, Vicente Cadenas-ek, Propagandaren Nazio-Buruzagia izan zenak, Donostia operazio-gune gisa aukeratu zuen hainbat arrazoigatik. Bata, Frantziarekiko mugaren gertutasunagatik; izan ere, honek berri-fluxu etenbagekoa izatea baimentzen zien, bestea, Donostiak bere aldizkariak eta argitalpenak argitaratzeko beharrezko azpiegitura guztia zuela, batez ere, paper-industriaren beharrezko presentzia hor zutela kontuan izanez. “Vértice” Falangearen nazio-aldizkaria, “Pelayos” haurren astekaria, “F.E. Falange española” eta “Unidad” egunkaria besteen artean Donostian argitaratu ziren.

Frantziarekiko hurbiltasunak nazio-zonan urri ziren beharrezko lehengaiak lortzea baimentzen zuen. Columbia lantegiak, 1937ko maiatzatik Falangearen himnoa eduki arren, ezin zuen fabrikatu, beharrezko materiala falta baitzitzaion. Disko hau egiteko Vicente Cadenas-ek berak beharrezkoa zen “pasta”-ren erosketa pertsonalki Bordelen kudeatu zuen, lehen jaurtitzerako harekin ekarriaz. Himno eta martxa guzti hauek Espainia frankistaren irrati-emisioetarako erabiltzen ziren programa guztietan, emisioa amaitzerakoan erabiltzen ziren. Irratiei disko berezi bateko inpresionatutako himnoen zatiak ematen zitzaien irratiz igortzeko helburuarekin.

1938 urtean Gipuzkoako Falangearen propaganda ordezkaritzak “Archivo de la voz nacional sindicalista” izenburuarekin argitaratutako bilduma bat hasi zuen, Erregimenaren nabarmendutako politikarien eta ministroen ahotsak jasotzeko. Urte horretako maiatzean bilduma honetako lehen diskoa, Raimundo Fernandez Cuestak, alderdiaren nazio-aldizkariak, “Proletario espainiarrei” zuzentzen zituen hitzekin merkaturatu zen. Bilduma Columbia disko lantegitik atera zen, grabazioen kalitateagatik zorionik beroenak jasoaz.

1939 urtearen hasieran, Juan Inurrietak “lantegia zabaltzeko” baimena eskatu zuen. Egia esan, ez zen industria-handitze bat, helburua, manufakturatzen zituen irratietarako xasisez gain, gramofonorako altzairuzko orratzak egiteko beharrezko lehengaiak eta mintzodun makinak fabrikatzeko ezinbesteko elementuak eta hala nola, besoak eta diafragmak ere inportatu ahal izatea zen. Diskoen fabrikaziorako, 12.000 kilo lehengai edo bakelita inportatzea eskatzen zuen. Lantegiak ekoizpena eten zuen elementu hauen inportazio ezagatik. Industria-ordezkaritzak baimena ukatu zion, inportazio honek, bere jarduera “naziorako premiazko beharrezkoa” ez zen industriarako, dibisa garrantzitsuak kontsumituko lituzkeela uste baitzuen.


1 “Disko hauek alde bakoitzean hamar edo hamabi minutuz eten gabeko soinuak sorrarazi ahal dituzte” In: Musicografia 1. Zenb., 1933, 15 or.


ERESBIL

Musikaren euskal artxiboa
Tel.: (34) 943-000868 • Fax: (34) 943-529706
E-mail: bulegoa@eresbil.eus