Inicio de la página-EU

AYUDAS A LA ACCESIBILIDAD-EU

DISKOGINTZAREN HASTAPENAK

EUSKAL HERRIAN


Columbia britaniarrarekin egindako akordioaren amaiera

  

 

1935ko apirilean Donostiako Columbiaren arduradunek Eduardo Vega de Seoane y Echeverría jaunari Londreseko Columbiarekin sinatutako kontratuari buruzko kontsulta legal bat egin zioten. Konpainiak kontratua bukatuta zegoela adierazi zion1 eta berritzen saiatzen ari zirela, lortzeko itxaropen handirik ez izan arren, “sozietate ingelesak gehiegizko eskakizunak baitzituen” beraien ustez. 1923 urtean sinatutako akordioaren arabera, kontratuaren kondizioak 1933ko urtarrilaren 17an amaitzen ziren, sinaduratik hamar urte betetzen zirenean. Kontratu horretan kondizio berdinetan beste hamar urteko epeaz berritzeko eskubideak zeuden, baina baldintza bakar batekin. Horretarako, kontratuaren amaiera baino sei hilabete lehenago, Londreseko Columbiari idatzitako ohar bat bidaltzea beharrezkoa zuten. Dirudienez baldintza hau ez zuten bete eta horregatik akordio berri bat lortzen saiatu ziren, baina saialdiak ez zuen emaitzarik izan.

Donostiako Regal logoa (1924)

Halaber, Donostiako sozietateak britaniarrarekin sinatutako akordioaren 33 klausulari buruz kontsultatu zuen. Honek merkataritzako izena eta markak erabiltzearen aipamena egiten zuen. Klausula honek, kontratua amaitu ondoren, Donostiako sozietateari izen hauek erabiltzea galarazten zion. Puntu honetan abokatua oso zorrotza izan zen, eta akordioan azaltzen zen murrizketatik Álvaro de Malibrán y Escassi jaunari erositako merkataritzako izena eta marka guztiak alde batera utzi behar zirela adierazi zuen: “Nahiz eta sozietate ingelesarekin kontratua amaituta izan, espainolak bere jabetza bakarrik ziren merkataritzako izena eta markak, Malibrán jaunari erositakoak eta bere izenean errejistratuak… bere poltsikotik ordaindutak, erabil ditzake.”

Laburbilduz, Columbia espainarrak bere jabetzakoak ziren izen eta markak erabili ahal izan zituen Malibran jaunari eskuratzeagatik eta bai batari zein besteari zegokion erregistroan inskripzioa bere izenean egiteagatik.

1935eko irailaren 27an Alejandro Burbano jaunak, Londreseko “Columbia Graphophone Company Ltd.” Konpainiaren ahalordeduna bezala jokatuz, Gregorio González de Suso, Francisco Ordinas eta Fermín Vega de Seoane jaunei, “Columbia Graphophone Company, S.A.E.” sozietatearen likidatzaileei, errekerimendua egin zien, notario-enkantean konpainiaren diskoen matrizeen salmentari buruz azalpenak emateko. Beraien ustetan, hauen artean Londreseko sozietatearenak egon zitezkeen.

Matrizeak ematea eskatzen zen eta beraiek emandako moldetatik egindakoak erabiltzea debekatu zieten. Halaber, debekua konpainiaren izen soziala eratzen zen izena “Columbia Graphophone Company” eta zenbait marka, hauen artean Regal, erabiltzera luzatu zen. Amaitzeko, zenbait faktura ere eskatu zizkieten.

Donostiako Regal logoa (1930)

1935eko ekainaren 16an ezohiko batzar orokorra antolatu zen. Bertan, sozietatearen desegitea erabaki zuten. Batzarrak Gregorio González de Suso, Francisco Ordinas, Antonio Inurrietaren bazkidea izotz negozioetan, eta Fermín Vega de Seoane jaunak kitatzaile izendatu zituen. Desegitearen akordio hau 1935eko urrian erregistraturik geratu zen. Urte honetan, Iñurrieta anaiak Donostiako “El Dia” egunkariak2 jaso zuen eztabaida batean nahastuta egon ziren. Antiguo auzoko hiri-zabalgunea egin ondoren, Antonioaren izotz lantegian, eta baita Juanen disko lantegian ere, ur kontsumoan irregulartasun batzuk hauteman zutela bide, salaketa jarri zieten. Garai horretan, Antonio Inurrieta udal kudeatzailea zen. Bai izotz lantegia, bai akzio ugariekin parte hartzen zuen diskoarena hornitzeko, udal hoditerietatik edateko ura erabiltzearen iruzurrari buruzko salaketa izan zen.


1 Dena den, Donostiako sozietateak hilabetero Regal zigiluko gehigarriak argitaratzen jarraitzen zuen 1935eko maiatza arte behintzat.
2 Kasuak 1935ean argitaratutako zenbait zenbaki osatu zituen, nahiz eta disko lantegia espresuki aipatzen zutenak azpimarratzen dira: 1935eko urriaren 6an eta abenduaren 10ean


ERESBIL

Musikaren euskal artxiboa
Tel.: (34) 943-000868 • Fax: (34) 943-529706
E-mail: bulegoa@eresbil.eus