Inicio de la página-EU

AYUDAS A LA ACCESIBILIDAD-EU

Euskal Herriko musika argitaletxeak

(s. XV - 1950)


XIX. mendea.


Mende berria hasi eta berehala, 1801. urtean Vicente Garvisok R.S.B.A.P. elkarteari aurkeztutako memorial baten aipamena topatuko dugu, eta bertan, musika inprimatzeko eredu berri bat deskribatzen du, zenbait musika-adibiderekin lagunduta. Geroago, musikarekin eta euskal musikaren edizioarekin loturiko lehenengo musika-argitalpen modernoak kaleratzen hasiko dira.
1802an, Antonio de Undianok Instrucción metódica, especulativa y práctica, para enseñar a cantar y tañer la música moderna y antigua izeneko lana argitaratuko du. Lan horren egilea Mateo Antonio Pérez de Albéniz izan zen, Donostiako Santa Maria elizako kapera-maisua. Hiri honetan sortu zen 1812. urtean Casa Baroja argitaletxea, mende osoko argitaldaririk garrantzitsuenetako bat, eta bera izango dugu hainbat musika-obra garrantzitsu argitaratu izanaren errudun.
1813. urtean Parisen euskal musika inprimatuaren lehen adibideak argitaratuko dituzte, Peñafloridako Kondearen eta Mme. Mazarredoren bi zortzikori esker, biak ere Narciso Pazek argitaratuak. Bigarrenik, Joaquín Tadeo de Murguíak Mme. Benois argitaletxearen Collection des meilleurs Airs Nationaux Espagnols bilduman argitaratzen dituen lanak azpimarratu beharko genituzke. Parisen, halaber, Ph. Petit argitaletxeak 1816 eta 1826 urte bitartean J.C. Arriagaren hari-instrumentuen Tres cuartetos lana argitaratu zuen.

Juan Ignacio de Iztuetaren irudia
Donostian, 1826an, arestian aipatu dugun Juan Ignacio Iztuetaren Euskaldun anciña anciñaco... lana inprimatu zuen Ignacio Ramón Barojak, dantzarekin lotutako 52 doinu biltzen dituen euskal musika profanoaren lehen bilduma. Argitaletxe horrek berak 1864. urtean José Juan Santestebanen Método teórico práctio canto llano izeneko lana eta beste obra interesgarri batzuk argitaratu zituen.
Mendearen erdialdetik aurrera musika-biltegien presentzia gero eta handiagoa izango da Euskal Herriko hiri nagusietan. Donostian Casa Almacén Santesteban izenekoa sortu zen (1854), eta José Juan eta José Antonio Santestebanen lan garrantzitsuak argitaratuko ditu, hala nola Colección de Aires Vascongados (1862) edo Pudente opera (1879), baita beste euskal konpositore batzuen obrak ere (Modesto Letamendia, José María Iparragirre eta abar).
Bilbon, 1850. urte aldera, musika arloko materiala saltzen duten lehen biltegiak zabalduko dituzte: Juan Reynoso (1859), Almacenes Almann (1864), José Aranguren (1881), José Pablo Calvo, Cordovín Eleuterio Villar (1883) edo Casa Toña; Iruñean, berriz, sektore honen beste adibide bat Narciso Rada etxearen merkataritza-jarduerak eta argitalpen-lanak ditugu.
Euskal lurraldetik kanpo beste ekimen batzuk ere sortuko dira, esate baterako, Bonifacio Eslava musikari, grabatzaile eta argitaratzailearena, zeinak oso urte gutxian euskal konpositoreen hainbat partitura argitaratuko baitu, hala nola Hilarión Eslava, Mariano García Zalba, Ambrosio Iraola edo Sebastián Iradier. Era berean, Madrilgo beste argitaletxe batzuek, esate baterako, Antonio Romero y Andía, Fuentes Asenjo, Saco del Valle, Mariano Martín, Pablo Martín, Casimiro Martín, Andrés Vidal edo Benito Zozaya argitaletxeek euskal konpositoreen musika argitaratuko dute (F. Gorriti, A. Arriola, E. Arrieta, J.Mª Guelbenzu, Valentín Zubiaurre, J. Gaztambide, Dámaso Zabalza, Pablo Sarasate eta abar). Madrilen jaioko da, halaber, 1875. urtean Casa Erviti, argitalpen eta merkataritza jarduera handiko zentro garrantzitsua, José Erviti musikariak sortua, nahiz gero 1891. urtean Donostiara etorriko den.

Dotesiok argitaratutako Ercillaren Tavira partituraren azalaMendearen azken laurdenean asko ugarituko dira musika-argitaletxeak eta musika-biltegiak. P. Leiñenaren arabera, garai honetan argitaldarien munduak sekulako bultzada ezagutuko du Euskal Herrian, musika-irakaskuntzak pixkanaka arautzen joan izanak erraztuko duelako, eta instrumentuen eta partituren salmenta-merkatua ere gero eta oparoagoa bilakatuko da. Euskal Herriko musika-argitaletxeen gida. Non: Musiker, 15 zk., 2007, orr. 331]. Bidenabar, urte askoan Madrilen ainguratuta egondako argitalpen-industria penintsulako gainerako lurraldeetara zabaltzen hasiko da, eta hainbat negozio hedatuko dira Bartzelonan, Bilbon, Santanderren, A Coruñan edo Valentzian.
Euskal Herrian, besteak beste, A. Díaz y Cia (Donostia, ca. 1893), Aramburu y Compañía (Bilbo, 1898) argitaletxeak eta, batez ere, 1885ean Casa Dotesio argitaletxea sortu zen Bilbon.Louis Ernest Dotesio (1855-1915) frantziar kimikariak sortua, egoitza berriak zabalduko ditu Madrilen, Bartzelonan, Santanderren edo Parisen, eta halaber, argitalpen-lan oparoa burutuko du. Euskal musikari dagokionez, azpimarratzekoa da N. Ledesmaren obra osoaren (1893) argitalpena, Arriagaren kuarteto bat (1888), edo Bartolomé de Ercillak prestatutako Colección de cantos vizcaínos izeneko lana (1896/97).


 


ERESBIL

Musikaren euskal artxiboa
Tel.: (34) 943-000868 • Fax: (34) 943-529706
E-mail: bulegoa@eresbil.eus