Inicio de la página-EU

AYUDAS A LA ACCESIBILIDAD-EU

RAIMUNDO SARRIEGI

1838-1913


 

X
Raimundo Sarriegiren musika

         Begi bistakoa da Raimundo Sarriegiren nortasuna inguratzen duen ospea haren musikak donostiarren artean lortutako arrakastari zor zaiola. Baina ohartu beharra dago, orobat, donostiar mundutik kanpoko giroetan interpretatzen denean, bere erakargarritasun guztia galtzen duela musika horrek. Nahitaezkoa da, beraz, kontuan izatea, donostiarren festarako espiritua beste inork baino hobeto jaso eta partituretara lekualdatzen jakin izanari zor zaiola guztia. Ez da ahaztu behar, urtero jotzen direla haren piezak, eta ondotxoz gehiago San Sebastian egunean eta Hungarian Kaldereroen Konpartsan, Inauterietan baino.
         Bere garaiko kazetariek eta idezleek goraipamen handiak egin zizkioten, hain zuzen ere, herrikideen umorea jaso eta musikan islatzen erdiz erdi asmatu zuelako:
         "La charanga de Raimundo fue una institución musical que produjo entusiasmo entre josemaritarras" (J. Bengoechea).
         "Toda su música es alegre, como alegre era el pueblo de aquella epoca.. . Atesoró simpatías generales, porque su obra no fue de codicia, sino de expansión, de fraternidad, de caudal donostiarra" (Adrian de Loyarte).
         "...El vasquismo se cultivaba con una divisa que podría ser la de jovialité: alegremente. Sin solemnidad y pedantería… aún Raimundo Sarriegui, el músico cojo, fraternal colaborador de mi abuelo" (Julio Caro Baroja).
         "Nadie como él ha recogido el espíritu que envuelve a las muchedumbres, los días de fiestas populares en San Sebastián.. . Cada vez que se oye la música de Sarriegui, nos estremecemos como ante una resurrección inesperada y grata" (Manuel Munoa).
         "Hemos escuchado relatos de quienes lejos de su patria chica han derramado emocionadas lágrimas, al escuchar los compases del Iriyarena, Caldereros, Pasodoble o la Marcha" (José Luis Echániz).
         XVIII. mendearen azkenetan hasi eta XIX. mende osoan zehar, Donostiak gogotsu bizi izaten zuen konpartsen antolakuntza. Instrumentu talde haiek hasiera-hasieratik etengabeko bilakaeran- kale musika jotzen zuten eta zein bere festa-segizioa animatzen saiatzen ziren.
         Jolas elkarteek musikagile ezagunengana jotzen zuten kale ospakizunetarako partitura egokiak idatz ziezazkieten. Xede horietarako lanak utzi dituztenen artean daude Pedro
Albeniz, Jose Juan Santesteban, Jose Manuel Brunet, Manuel Delgado eta Raimundo Sarriegi bera.
         Ez da zaila egiaztatzea Sarriegiren musika dela bizirik eta osasuntsu iraun duen bakarra, gainerako musikagileen obrak aspaldi ahaztuak baitaude.
         Sarriegiren garaian, ordea, Jose Juan Santestebanek eta honen seme Jose Antoniok miresle asko zituzten Donostian: musika maila jasoagokoak jotzen zituzten aita-semeak, europarragoak, nolabait esateko. Esan behar da, dena den, gaurko ikuspegitik begiratuta, hauen musikak ere ez lukeela azterketa zorrotz samar bat gaindituko.
         Sarriegik, bada, bizi zen bitartean, elite musikalaren kritikak jasan behar izan zituen: musika errazegia eta sinpleegia egitea leporatzen zioten.
         Maisuak, dena den, ia eguneroko harremana zeukan konpartsa antolatzaileekin, eta, aurkako iritziei kasurik egin gabe, musika egiten jarraitu zuen, herritarren joerak eta gustuak ipar zituela.
         Haren musikagintzak donostiar abestiak ekartzen zituen gogora. Noiztik behin, berak sortutako musikari ezin egokiago zetozkion euskal doinu ezagunak ere tartekatzen zizkion, haren maisu Jose Juan Santestebanek egin ohi zuen bezala. Honek, Edate dantzaren doinuan oinarritu zuen Donostiako Martxa-zortzikoa eta El entierro de la sardina izeneko konposizioaren azken partean Anton bat eta Anton bi sartu zuen.
         Sarriegik ere erabili zituen herri doinuak Juana Vishenta Olaven (Urra Papito), bere IriyarenanDianan (Artakamara motxolinua edo Arrantzalea naiz ta), eta El entierro de la sardinan (Astuaren kakalia).
         Ez da ahaztu behar Raimundo Sarriegik Jose Juan Santestebani zor ziola bere musika heziketa. Santestebanek Madrilen, Parisen, Erroman, Napolin, Florentzian, Bolonian eta Milanen sakondu zituen bere ikasketak. Sarriegi, aldiz, ez zen inoiz Donostiatik atera.
         Erraztasun ikaragarria zuen doinu atseginak sortzeko, eta herritarrek berehalaxe bereganatzen zituzten. Ia beti, harmonizaziorik gabe edota ohar bakunen batekin aurkezten zituen. Garai hartan, instrumentu taldeak oso mugatuak izan ohi ziren, eta talde bakoitzak egokitzen zituen Sarriegiren doinuak, zeramatzan instrumentuen arabera.
         Bada haren musikari Johann Straussenaren nolabaiteko airea aurkitu dionik ere, eta ez litzateke harritzekoa izango. 1879ko udan, esate baterako, Artilleriako Hirugarren Erregimentuko Bandak, Carlos Pintado zuzendari zuela, programa zabal bat interpretatu zuen Zumardian: Weber, Meyerbeer, Suppé, Rossini, Gounoud, eta, batez ere, Straussen piezak (1).
         Beste iritzi batzuek diote, 1870ean, Frantziaren eta Prusiaren arteko gerratik ihesi etorritako konpositore frantses eta aleman batzuk babestu zirela Donostian. Horietako batzuekin hobetu bide zituen Sarriegik harmonizazio, instrumentazio eta konposizio ezagutzak.
         Raimundo Sarriegik idatzitako hainbat lan, idatzi zituela jakin badakigun arren, galdu egin dira, inoiz inprimatu ez zirelako. Argitaratzeko suertea izan zutenak bakarrik gorde dira.
         Etxeberria Gimonen Ecos de Vasconia bildumak, XIX. mendearen hondarrean, Juana Vishenta Olave, Oh Euskal-Erri Maitea!, Petra Chardiñ Saltzailea, eta Asto kontuak abestiak argitaratu zizkion. Argitalpen horri esker ezagutzen dira gaur egun, eta horregatik interpretatu dira hainbeste alditan.
         Konpartsentzat idatzitako partitura mordo bat ere, hogeita hemeretzi guztira, Donostiako A. Díaz y Cía etxeak, XIX. mendearen azkenetan, Donostiako Udal Txit Gorenari eskainitako EL Canaval en San Sebastián izenburuko argitalpenean argitaratu zirelako gorde dira (2).
         Argitalpenaren aurkezpen gisa, Eugenio Gabilondo Calei-Caleren hitzaurrea zekarren, non, beste gauza batzuen artean, ondorengo hauek esaten baitziren:
         "...La acreditada casa de A. Díaz y Cía., de esta ciudad ha editado con gran esmero y lujo inusitado, en Leipzig (Alemania), las composiciones más notables del conocidísimo erriko-seme… Él fundó y organizó una excelente charanga... siendo Sarriegui el alma de todo, director, tesorero, contador y copista de aquella modesta asociación artística, a la que dedicó sus asiduos cuidados y constantes desvelos.. . No se ha dado en YruchuIo comparsa, cabalgata, tamborrada, función de teatro, ni espectáculo o festival organizado por la inagotable caridad donostiarra, al que no vaya unido el nombre de Sarriegui."
         Hitz horietatik ondorioztatzen dugu argitaletxearen beraren ekimena izan zela Sarriegiren hainbat lan hautatzea eta argitaratzea.
         Bildumako lehen piezak, Donostiako Martxa ezagunak -1861ean idatzi zuen Sarriegik, 23 urte besterik ez zuela-, baditu desberdintasun txiki batzuk Euskal-Erria aldizkarian 1883an argitaratu zenarekin alderatuta, irudi musikal hobea emateagatik-edo sartuak. Sarriegiren benetako ukituak ote dira ordea?
         Ziurtasun handiagoz baiezta dezakegu Sarriegik ez zuela Donostiako Martxa danborradarako idatzi. 1860ko hamaraldian, herri doinuak jo ohi zituzten danborradan: Pastelero, Iriyarena, Urra Papito
         Hona hemen martxaren jatorriaren azalpena, Euskal-Erria aldizkarian 1883an argitaratuaren arabera:
         "San Ignacio de Loyola, Patrono de Guipúzcoa, tiene su marcha, San Juan, que lo es de la antigua capital foral, la posee también, ¿porqué no la ha de tener San Sebastián?". Esto se
decía hace algunos años el conocido profesor de música, nuestro amigo D. Raimundo Sarriegui. Rebuscó papeles, inquirió inútilmente, y viendo que no existía, compuso la Marcha de San Sebastián, que se ejecutó por vez primera en 1861, y que se popularizó bien pronto, siendo desde aquella fecha la pieza obligada de la música que acompaña a la danborrada que la mañana de este día, 20 de Enero, recorre las calles de San Sebastián (3).
         Uste dugu Sarriegik hutsune bat bete nahi izan zuela bere Martxa idatzi zuenean: San Ignazioren eta San Joanen ereserki edo martxen kideko zerbait bilatzen zuen, hala estiloz nola erabileraz, ez baita ahaztu behar haiek ere, jatorriz, ez zutela testurik. Donostiako Martxaren lehen argitaraldian (1883), ez da danborrei buruzko inongo aipamenik egiten. A. Díaz y Cía etxearenean, aldiz, argi eta garbi adierazten da danborren parte hartzea.
         Gure iritzian, Sarriegiren lagun eta miresleek ikusi zuten Martxaren partitura ezin egokiago zetorrela konpartsen erritmoetara eta berehalaxe bihurtu zuten danborradako ezinbesteko pieza.
         Euskal-Erria aldizkariak argitaratu zuenez, Sarriegi Donostiako martxaren baten bila ibili zen, bazter guztietan, eta ez zuen, argi danean, ezer aurkitu. Guztiz harrigarria da haren maisu izandako Jose Juan Santestebanek, 1838an, txistu hirukotearentzat idatzitako Donostiako martxa-zortzikoa ez ezagutzea (4)
         Ez dago zalantzarik obra hori interpretatzen zutela udal txistulariek. Santesteban beraren eskuizkribua heldu da gureganaino. Segur aski, 1830tik 1860 bitartean, urtarrilaren 20an, hiriko kaleetan egiten zen prozesioan joko zuten. Martxa serioa eta solemnea da, zortziko erritmo itzaltsukoa , eta hori, jakina, ez zetorren bat Sarriegiren musika estilo alai eta jai girokoarekin.
         Adrian Loiartek ondoren adirazten den beste iritzi bitxi hau jaulki zuen:
         "No sé dónde se encontraría hoy el archivo musical de Santesteban. Pero si se pudiese dar con él, se vería la semejanza del comienzo de la Marcha de San Sebastián, con los primeros compases de la misa de Santesteban" (5).
         Esan dezagun lehenik eta behin, Santa Maria parrokiako antzinako musika artxiboa, Musikaren Euskal Artxiboak, ERESBILek behar bezala sailkatu ondoren, elizbarrutiko musika artxiboan aurkitzen dela, Elizbarrutiko Apaizgaitegian.
         Jose Juan Santestebanek idatzitako lanen zerrenda luzea dago artxibo horretan. Baina, zer meza ote du buruan Adrian Loiartek? Kontuan izan behar baita Santestebanek hogeitik gora idatzi zituela…
         Bestalde, bazen XIX. mendean ohitura bat musikarien artean, Loiarteren baieztapenarekin zerikusia izan dezakeena. Ikasleek, partitura berriren bat idaztean, maisuaren obra bateko konpas batzuk sartzen zituzten konposizioaren hasieran, harenganako miresmen seinaletzat.
         Ohitura horren adibide argi bat dago Tuterako bi musikagileren artean: Joakin Gaztanbide (1822-1879) eta Manuel Villar Jimenez (1849-1902). Azkeneko hau da Desde que nace el día hasta que muere el sol zortziko ospetsuaren egilea. Une batzuk lehenago Gaztanbidek, Los Magyares zarzuelan, erromantza bat idatzi zuen ondorengo testu hau zuena: Desde que apunta el alba hasta ponerse el sol. Bi lanen arteko berdintasuna, gainera, ez da testura mugatzen, musika ere berdina dute. Baina Gaztanbidek 6/8 konpasean idatzi zuen eta Villar Jimenezek 5/8koan. Imitazioak hasierako lau konpasetan soilik irauten du.
         Aintzat hartu beharreko beste kontu bat zera da, Sarriegik ez zuela bere Martxa kantatua izateko idatzi. Baina, 1884an, La Semana Donostiako egunkariak ondorengo eskaintza hau egin zuen Lore Jokoetarako:
         "...un Pensamiento de Plata para el autor de la composición en verso que mejor se adaptase a dicha Marcha, conservando el carácter festivo de la misma."
         Lehiaketako epaimahaiak saria eman gabe uztea erabaki zuen. Handik egun batzuetara, Serafin Barojak bere testu bat argitaratu zuen El Urumea egunkarian, eta hainbat donostiarrek Sarriegiren musikarekin kantatu zituzten Barojaren hitzak. Baina ez zuen ezer asko iraun. Martxak hasierako estilo instrumentala berreskuratu zuen, danborren eta upelen burrunbak lagun zituela.
         1960an, ordea, Jose Maria Donostyk, Donostiako kronikagile ofizialak, Sarriegiren Martxari Serafin Barojaren testua berriro txertatzea proposatu zuen egunkari bateko orrietatik. Donostyk ezinegona erein eta hainbat erakunderen urteroko ahaleginaren ondoren – testuari zuzenketa batzuk egin eta prentsan argitaratu eta gero-,1970 aldea, lortu zen, azkenean, Donostiako Martxa Serafin Barojaren testuarekin abestea. Oraingoan, onarpen zabala lortu zuen testuak herritarren artean, eta gaur arte iraun du, nahiz eta hitzak, une batzuetan, derrigor samarrean sartu behar izaten diren.
         Hona hemen testua:

Bagera!
Gu ere bai
Gu beti pozez, beti alai!
Sebastian bat bada zeruan
Donosti bat bakarra munduan
Hura da santua ta hau da herria
Horra zer dan gure Donostia!
Irutxuloko, Gaztelupeko
Joxemaritar zahar eta gazte (bis)
Kalerik kale danborra joaz
Umore ona zabaltzen hor dijoaz,
Joxemari!
Gaurtandik gerora penak zokora
Festara! Dantzara!
Donostiarrai oihu egitera gatoz
Pozaldiz!
Inauteriak datoz!
Bagera!
Gu ere bai
Gu beti pozez, beti alai!

        Sarriegik -1861ean idatzi zuen Martxa- hogei urteko tartean ez zuen konpartsentzat musikarik idatzi, Comparsa de Nodrizas delakoaren zazpi ekitaldiak salbuetsita. Horrek esan nahi du antolatzaileek Jose Juan Santestebanen, Donostiako miliziako musikari nagusi Manuel Delgadoren eta ospe gutxiagoko beste musikagileren baten polkak, rigodoiak, mazurkak, galopak, habanerak, baltsak-eta erabiltzen zituztela artean.
         1881etik aurrera, ordea, Sarriegik konpartsentzat partiturak idazteari ekin zion: Comparsa de Caballeria de Viejas (1881), Comparsa de Caballería de gallos (1882), Comparsa de Jardineros (1884), Comparsa de Caldereros Húngaros (1884), eta, danborrada inauterietatik bereizitako ospakizun autonomo bilakatu zenean, Diana, Iriyarena eta Retreta idatzi zituen, 1882an. Lan haiek izan zuten onarpena ikusita, 1884an, Tatiago konposatu zuen eta, 1885ean, Polka. Hurrengo urteetako danborradetan, Sarriegiren partiturek gainerako guztiak baztertu zituzten. 1886an, Ataque de Erriko Shemes ere danborradako doinu erabili zen, baina ez zen ohikoen artean geratu.
         Andaluzian 1884ko abenduaren 25ean gertatutako lurrikara zela-eta, Sarriegik, han izandako biktimen omenez, Plegaria para orguesta izenburuko kutsu erlijiosoko pieza eta A este pueblo donostiarra izeneko jota idatzi zituen. Azkeneko hori tuna batek interpretatu zuen, 1885eko urtarrilaren 20an, hiriko kaleetan, kaltetuen aldeko diru bilketa eginez.

Tuna, "La Fraternal" egoitzaren aurrean. Erdian, Angelito Minondo


         Donostiako inauterietan danborradak hartzen zuen lekua ikusita, argi dago, tradizioz, garai batetik aurrera behintzat, Donostiako inauteriak urtarrilaren 20an hasten zirela, danborradarekin, eta Sardinaren lur ematearekin amaitzen zirela, Hausterre egunaren bezperan, zeina aldakorra izaten baita, egutegi liturgikoaren arabera. Agian egokiagoa da, Jose Maria Donostyri kasu eginez, Donostiako jai hauei neguko festak deitzea:
         "...fiestas invernales, que comenzaban precisamente el día de San Sebastián y terminaban el miércoles de ceniza, carnavales por medio."
         Gaur esan daiteke Hungariar Kaldereroen Konpartsa izaten dela Inauterien atarikoa eta iragarlea.
         Egungo Donostiako Inauteria ahaleginak egiten ari da bere nortasunari eusteko, baina onartu beharra dago modu esanguratsuan jaitsi direla jendearen parte hartzea, kaleetako giroa eta banakako mozorro-jantziak. Karroza desfileak gordetzen dira larunbatean eta igandean, eta jendetza izugarriak biltzen dira haiek ikustera. Antzinako Konpartsen doinu tradizionalak galdu ziren desfile horietatik eta, haren ordez, bakailoa deitzen dioten musika zaratatsua entzuten da, indar betean.
         Azken urteotan, hala ere, tradiziozko musika gogokoago duten musikazale batzuek -bereziki, Groseko Kaldereroen konpartsako arduradunek- ahaztuta zeuden hainbat partitura berreskuratu dituzte eta oso harrera ona izan dute Kaldereroen egunean interpretatu dituztenean.
         Inauterietako asteartean, berriz, bizirik dirau Sardiñari lur emateko ohiturak. Egun horretarako Sarriegik partitura bat idatzi zuen, 1886an, Jose Juan Santestebanek 1850ean idatzitakoari lekua kendu ziona. Hona, ondoren, Santestebanen lanaren testua:

Miserere de un muerto
que se marcha
de rondón al infierno.
Ojos, ojos, llorad,
ya no hay careta,
ni música ni broma
hasta otro año.
Anton bat eta Anton bi,
Anton putzura erori.
Upa labirun labirun era,
Upa labirun labirun he.

        1884an Maisuba hil zenean, hona zer argitaratu zuen F.M. sinatzen zuen batek Eco de San Sebastián egunkarian:
         "Por Dios, que nadie sea tan osado que quiera cambiarla, porque eso sería profanar el recuerdo amado de nuestro querido maestro."
         Hitz horiek gorabehera, handik bi urtera, Sarriegiren lanak hartu zuen bere maisu izandakoaren obraren lekua.
         Oraindik asko ez dela jo izan da, egun horretan, Raimundo Sarriegiren El entierro de la sardina, baina askoz ohikoagoa da, gaur egun, beste edozein hileta martxa.
         Danborradara itzulirik, onartu beharra dago in crescendo joan dela, parte hartzen duten elkarte kopuru gero eta handiagoari erreparatzen badiogu, eta zerikusi handia du horretan, segur aski, 1960an hasita egiten den Haur Danborradak, urtetik urtera, ikastetxe berriak gehituz joan baitira ikuskizun paregabe horretara.
         Norbaitek inoiz, Donostiaren irudia zabaldu nahi badu atzerrian, ez du horretarako Donostiako Inauteria erabiliko, Danborrada baizik. Eta ez dezagun ahaztu danborrada ez dagoela ulertzerik Sarriegiren musikarik gabe.
         Bere garaiko ttunttuneroentzat ere idatzi zuen musika Sarriegik, eta ez da harritzekoa, harreman handia baitzuen haiekin. Eusebio Basurko Udal txistulariarekin lan egin zuen, solfeo irakaskuntzan, Udaleko Musika Akademian. Hori zela--eta, Basurkoren seme baten aita ponteko izan zen. Mutikoari Raimundo jarri zioten izena, aitabitxiaren omenez, eta Sarriegik 500. pezeta utzi zizkion testamentuan bere besoetako mutiko hari.
         Eusebio Basurko solfeoko ikasle laguntzailea zen. 1885ean, Raimundo Sarriegik solfeoko irakasle postua utzi zuenean, Basurkok berarentzat eskatu zuen, ordu artean eskainitako zerbitzuen ordainetan. Baina ez zioten eskakizuna onartu.
         Raimundo Sarriegik txisturako idatzitako hiru obra heldu dira gureganaino, Eusebio Basurkok jaso eta Donostiako Udal Txistulari Bandaren artxiboan gorde direlako. Lehena, Contrapás dedicado á mi ahijado Raimundo Basurko (1894) izenburukoa, A. Díaz y Cía etxeak argitaratu zuen Música Eúskara para trío de silvos argitalpenean. Bigarrenak –Minueto- kontrapasaren antzeko ezaugarriak ditu eta biak dute txistuen tratamendu guztiz egokia eta fina. Hirugarrena, Alkate soñua, bi txistu eta bi klarinentzat idatzia da, Udal Erkidegoko Erakundeetan erabil zedin. Azkeneko hau da hiruetan zaharrena.
         Sarriegi euskaldun garbia zen, jakina, baina ez bertsoak edo abestien hitzak idazteko gai izateraino.
         Ecos de Vasconian argitaratu zizkioten abestiak Bilintx, Bitoriano Iraola, Ramon Artola eta Serafin Barojaren hitzen gainean eginak daude. Guztiak ezagutu eta miretsi zituen; Bitoriano Iraola, batez ere, zinegotzi izan baitzen hau Sarriegi Udaleko Musika Akademiako irakasle izan zen garaian. 1884ko azaroan, Bitoriano Iraolak goraipamen handiak egin zizkion Sarriegiri udalbatza batean. Sarriegik, bere aldetik, Bitoriano Iraolaren euskal testu garrantzizkoak musikatu zituen.
         Gogora ekarri behar dugu konpartsetako musika, batez ere, instrumentala izan ohi zela, eta testua baldin bazuen, ia beti gaztelaniazkoa izaten zen, Jose Bizente Etxegaraik, Klaudio Anton Luzuriagak, Adolfo Combak edo Martzelino Soroak idatzia, gehienetan. Hori gertatzen zen, esate baterako, Comparsa de Caldereros Húngaros izenekoan.
         Salbuespenez, partituraren zatiren bat egon zitekeen euskaraz.
         Baina, 1878ko maiatzaren 12an, udal antzokian, Martzelino Soroak Iriyarena estreinatu zuenean -Donostian antzeztutako lehen euskal komedia, Kandido Soraluzeren musikaz hornitua-, euskal mugimendu berri bat jarri zen abian.
         Donostiako Euskal Lore Jokoen Erakundea sortzearekin ugaldu egin ziren euskarazko antzerki emankizunak. Ekitaldi haietan partaidetza berezia izan zuen Sarriegik, hogei-hogeita bost ahotseko Udal Orfeoiaren zuzendaritzan. Entzuleek gozatu ederrak hartzen zituzten orfeoiaren Festara, Ume eder bat, Illunabarra, Beti maite, Egunsentia, Juana Vishenta Olave, Oh Euskal Erri Maitea! eta abarren interpretazioekin. Garai hartan asko ugaritu ziren jolas elkarteetako orfeoi edo abeslari taldeak. Baina errepertorio egokia falta zitzaien, euskarazko abestiak, batez ere. Arrazoi hori zela--eta, Udaleko Musika Akademiam Arautegian (1879) klausula bat zegoen, zeinaren indarrez zuzendariak euskal aireak biltzeko eta lau ahotsetara moldatzeko obligazioa baitzeukan.
         Hona Antonio Peña y Goiñik zer zioen Jose Juan Santestebanek 1865ean sortutako El Orfeón Easonenseri buruz:
         "Hoy cuenta en su repertorio más de noventa coros traducidos al bascuence y al castellano, del italiano, sueco, alemán y francés" (6).
         Segur aski, errepertorio horretakoak dira, beste abesbatza batzuetara ere zabaldu ondoren, F. Masini frantsesaren Goizeko izarra, Arrantzaleak itsasora (Suediar koruak), Sffmammena jatorriz, geroago konposatua izan arren, Illunabarra, Suitzako herri doinu batean oinarritua…
         Sarriegiren orfeoiak 1880tik 1898ra bitartean eskaini zituen kantaldiak. Formazio hartarako Sarriegik idatzitako partituretako batzuk bi ahots eta pianorako argitaratu ziren, bere garaian. Baina lau ahots lodiko korurako egokituak heldu dira gureganaino. Badakigu musikagileen artean ohikoa dela beren partiturak ahots edo instrumentu talde desberdinetarako egokitzea. Beti maiteren lau ahots loditarako moldaketa Sarriegik berak egina ote da?
         Raimundo Sarriegik egile bezala parte hartu zuen antzerki mugimenduan. 1886an, Petra, chardiñ saltzallia izenburuko entremes komiko-lirikoa estreinatu zuen, Bitoriano Iraolaren testu oinarriturik. 1887an, Gaztain zaltzailea pasartea estreinatu zuen eta, 1888an, Kai-aurretara Pasayan izeneko ekitaldi bakarreko zarzuela, hau ere Bitoriano Iraolaren testuaren gainean eta Bidarte tenor aipagarriaren partaidetzarekin. Zarzuela horregatik Zilarrezko Lira irabazi zuen Sarriegik Lore Jokoetan. Oinordekoek gordetzen duten sari horretan ondorengo idazkuna irakur daiteke: Raimundo Sarriegi Jaunari Pasayan. Euskarazko Hitz-Jostaldiak, Donostian 1888. 1900ean, hark idatzitako Aita Pello opereta antzeztu zen. Obra horiek guztiak Antzoki Zaharrean eman ziren.
         Bere bizitzako azken urteetan, Sarriegik ereserkia bana idatzi zien Euskal-Billera eta Sporti-Clai elkarteei eta lehenengoari Comparsa de Caldereros berri bat konposatu zion. Egin zituenenan esan zuten ez zitzaizkiola sasoikoa zegoen artean bezain onak atera, baina Euskal-Billeraren ereserkia aztertzen badugu, bere gainerako partituren maila bertsuan dagoela ohartzen gara.
         Raimundo Sarriegi ez zen inoiz arduratu bere lanak biltzeaz eta lan horien katalogo fidagarri bat egiteaz. Ez zaigu haren partituren jatorrizko ezkuizkriburik ere iritsi. Hala ere, hark bere eskuz idatzitako testamendua ikusita, grafia garbikoa eta dotorekoa zela uste dugu. Geuk katalogatu behar izan ditugu, beraz, haren obrak eta ez da beti erraza izan: garaiko prentsan sarri agertzen dira haren lanei buruzko aipamenak, baina izenburuak arinkeria handiz aldatzen zituztenez, askotan nahiko zaila izan da identifikatzea.

 


(1) Tellechea Idígoras, J. Ignacio: O.C. 7. or. eta hurrengoak.
(2) Arozamena, Jesus M' / Garbizu, Tomas. Viejas canciones donostiarras--Donostiko kantu zarrak, CAM, Donostia, 1971. Liburu horretan berrinprimatu da bilduma hau, hitzaurrerik gabe.
(3) Marcha de San Sebastián. In Euskall Erria, VIII. liburukia, 1883ko 1.astea, 51. or.
(4) Santestebanen eskuizkribu hau Donostiako Udal Txistulari Bandaren Artxiboan dago gordeta.
(5) Loyarte, Adrián de. Semblanza de Raimundo Sarriegui. In: La vida de la ciudad de San Sebastián (1900-1950), I I I . Liburukia.
(6) Bagüés, Jon. El coralismo en España en el siglo XIX. In: Actas del Congreso Internacional: España en la música de Occidente, Ministerio de Cultura, Madrid, 1987, 186. or.

 


ERESBIL

Musikaren euskal artxiboa
Tel.: (34) 943-000868 • Fax: (34) 943-529706
E-mail: bulegoa@eresbil.eus