Inicio de la página-EU

AYUDAS A LA ACCESIBILIDAD-EU

RAIMUNDO SARRIEGI

1838-1913


IX
Raimundo Sarriegiren nortasun txostena, grafologiaren ikuspuntutik
(1)

       

        Antolaketaren generotik hasiz gero Kontzentratua (1) da Raimundo Sarriegiren idazkera: Pentsamenduaren arreta eta kontzentrazioa islatzen ditu, hau da, auzien funtsera zuzen joaten ohitua dago eta denbora ahalik eta gehien ustiratzen ere bai. Eguneroko harremanetan aurkitzen dituen pertsona eta objektuekiko hurbilpen beharra ere erakusten dute, hitzen artean uzten dituen espazio urriek aditzera ematen dutenez. Gogoa barnebiltzeko joeraren adierazlea ere bada.
        Oso estua (2) (lerrotik lerrora oso distantzia laburra ageri da, askotan letren beheko eta goiko eremuek elkar ukitu egiten dute). Ezaugarri honek goian esandakoa berretsi egiten du, eta, gainera, lan diziplinatuarekin jokatzen duela erakusten. Sarriegi jauna eskuartean zuen gairen batean sartzen zelarik, erabat murgiltzen zen eta horrek ikuspegi orokorra galtzeko arriskua zekarkion. Eskuineko ertzera begiratuta, nabarmena da bazterrik eza: ziurtasun guztiak hartuta, hariak ondo lotuta jotzen zuen aurrera, ausardia ziur antzeko bat zuen.
        Nahasia (3) da idazkera hau: Pentsatu eta ekin beharraren beharrak, gehiago egin zitekeela pentsatzeak eta geldirik egon ezinak nahaspila antzeko bat sortu ziezaiokeen bizitzan.
        Komunikatu nahi zuen, bere ideiak eta sentimentuak besteenekin trukatu… Ideia finkoko gizona zen eta zegoen egoeran zegoela, berarentzako irabaziren bat ataratzeko prest egoten zen beti. Idazkera Inbasorea da gainera, gogoz eta lehiatsu ziharduen egia bilatzen eta buruhauste konplexuak atsegin zituen. Zabala da letratik letrarako tartean (4).
        Abiadurari begiratzen badiogu, berriz, Pausatua eta Kontrolatuaren ezaugarriak biltzen ditu bere idazkerak: 120 letra/minutuko martxarekin izkiriatzeak zera adierazten du: Adimen prozesuetan lasaitasuna nabari dela. Pentsalaria, behatzailea, zentzunduna zen Sarriegi. Datuak hartu, sailkatu eta hausnartu egiten zituen, irudimen errealista antzeko batekin. Sakontasuna eta intentsitatea zekarten lanak egiteko oso gai zen. Oroimen ona ere bada bere adimenaren ezaugarrietako bat (i hizkiaren puntua eta t hizkiaren goiko marra bere tokian). Zehaztasunarekin, neurritasunarekin eta ekonomiaren zentzuarekin mugitzen zen bere bizitzan, aztoratu gabe eta automatismoetan erori gabe (Kontrolatua) (5), beti ere izpiritu kritiko zorrotz batekin (idazkera angeluduna). Aintzat hartzen zuen erantzukizun pertsonala, profesionala eta soziala. Sentimendu aldaketa handirik gabeko gizona, gauzak ondo egin beharraren beharrak zalantza egoeretara eramango zuena.
        Neurriari erreparatuz zera esan daiteke: Oso txikia da bere idazkeraren erdigunea, milimetro bat eta biren artean mugitzen da, jendaurrean harroputza ez zela seinale. Testuan zehar, maiuskulak handiak dira noizean behin eta sinadurakoak ez dira txikiak: autoestimu pittin bat altutxoagoa zuen bere intimitatean, bere familiakoen artean, ispiluaren aurrean.
        Hitzen eta lerroen bat-bateko txikitzeak (6) ere ageri dira bere eskuizkribuan zehar: Bere azken borondateak, azken nahiak ondo-ondo lotuta utzi nahi ditu, ezer ahaztu gabe.
        Idazkera hau Zango luzatua (7) izateak erakusten duena zera da: burmuineko eragiketetan gauza materialekiko eta praktikoetarako zentzu garatua. Pentsamendu zehatz, objektibo eta praktikoaren jabe zen. Kontraesan bat dirudien arren, baditu bere izaeran juxtu aurkakoak diruditen ideialismo eta utopiaren ukitu jarraiak (i eta t hizkienn puntu-marrak makila bertikalarekiko aurreratuta eta goian jartzen ditu).
        Zango luzatua da, beraz, bere grafia, eta g letra kiribil zabalekoa egiten du, plazerrak luzatzen saiatzen zela eta fantasia sexual ugarikoa zela seinale. Kemen ahuleziak iragartzen dituzten tinta-etenak daudela dirudi (jatorrizko testuarekin ezin izan dut lan egin eta ezin daiteke ziurtatu).
        Errepara diezaiogun orain formari: idazkera Angeluduna ikusten dugu: bere planteamenduekiko leiala den pertsona bat ageri zaigu, frustrazioekiko erresistentzia gaitasun handia izan duena (urteekin, ahultzeak gertatu dira berarengan, ez du horrenbeste indar). Pertsona baikorra eta arduratsua bai, baina gutxik eramango zion burugogorrean eta moldagaitz izaeran. Erlaxatzeko zailtasun apur bat nabari da. Nahiago zuen lagun gutxi, baina haiek onak. Konfidantza handiagoa zuen bere aukeretan edo gaitasunetan besteenetan baino. Erasoen edo talken aurrean berak ere eraso egiten zuen, hori bai, estiloarekin, dotoretasunez. Sinaduraren izenpea sigi-saga angeluduna da, bere jenio biziaren seinale.
        Apaindua (9) ere bada idazkera hau, batez ere maiuskuletan eta zangoetan. Asmamena, estetika eta apaintzeko gaitasuna, edertasunerako zentzua, bulkada eraikitzailea eta gauza politez inguratzeko joera adierazten du, d letra ere noizean behin berezia da, sortzailea, mugitua, artista askok erabiltzen duten bezelakoa.
        Idazkera kaligrafikoa izateak leialtasunaren berri ematen digu: Talde-izpiritua zuen eta ohiturak eta formak zaintzea garrantzitsua zen berarentzat. Adoz zetorren bizitzan edo gizartean jokatzea egokitu zitzaion rolarekin.
        Arretatsua (10) da donostiar honen grafia. Egiten zuen guztian zehaztasuna eta adeitasuna erakutsiko zuen: pentsamenduan, hitz egiterakoan, tratuan, ibileran, janzterakoan... horrek berezkotasuna zertxobait galarazten bazion ere. N letra maiuskulak oiloaren hegal forma du, eta, horrek adierazten duenez, ingurokoak babesteko joera zuen.
        Errespetu handia zion arauari eta horrek berak behartzen zuen ikasitakoa leialtasunez baliatzera (sormen zeinuak ere badaude bere idazkeran, d letran eta maiuskuletan bereziki). Erabat sumintzen zen, gauzak berak pentsatzen zituen bezela egiten ez zirenean, edo bera gatibu zeukan zehaztasun arduratsuarekin eginda ez zeudenean. Hortik letorkioke egokitze ahalmen urria; ez besteek egiten zuenak aseko zuen, ez bestek erabilitako bideak gogobeteko. Menderatu egiten zituen bere erreakzioak, inoren aurrean eragabe ez jokatzearren, baina tentsioak gorena jotzen zuenean lehertu egiten zen.
        Makurdurari erreparatuz gero, Idazkera makurtua (12) dela ikusten da testuan. Raimundok inguruko pertsonen edo gauzen presentzia behar zuen eta haien bila joateko joera agertzen zuen. Harremanetarako gogoa zeukan, hitz egiteko eta, tarteka-marteka, eztabaidatzeko. Jakin-min handikoa zen, eta sentimenduen partzialtasunak eragina zuen bere argudioetan.
        Sinadurari (13) begiratzen badiogu orain, besteetan baino gradu gehiago okertzen de!a ikus dezakegu, ia Idazkera etzana izateraino. Izakera pasiozkoagoa erakusten zuen etxekoekin eta oso hurbilekoekin. Giro horretan, ezaugarri positiboak eta negatiboak biak markatzen zitzaizkion gehiago. Zeinu atzeratuak ageri dira maiuskulen azken marretan: erakargarri sentitzen zituen pertsonen mimoak, laztanak eta arreta bereganatu nahi zituen (egoismo afektiboaren zertzeladak). Konturatu zaitezte testu bat ezabatu, eta berriz idazterakoan makurdura bera erabiltzen duela marretan (marra zeiharrak dira).
        Presioari arreta gutxi eskain diezaiokegu, ez baikabiltza dokumentu orijinalekin. Tortsioak (14) ageri dira testuan: nerbioetan edo odol-zirkulazioan arazoak daudenean sortu ohi da espezie hau, ahuldadearengatik oro har, bizipoz gutxi dagoenean. Pertsona nagusietan idazkera Dardaratiarekin (15) batera agertzen da, testu honetan esaterako. Dardara bai marra bertikaletan bai horizontaletan bai bihurguneetan ageri da, eta, arrazoiak ugariak izan daitezkeen arren, bihotza ahulduta zeukala izan daiteke interpretaziorik behinena.
        Apurtua ere bada. (16) Tinta eten egiten dela dirudi marra batzuetan, espasmo baten adierazpena izaten da hori. Espasmoa desorekak eragin dezake, bai odol-zirkulatoriarenak, bai hormonalak edo nerbiosoak. Besteak beste, biriketako eta bihotzeko arazoak edo tuberkulosia duten pertsonengan ikusten da. Psikologikoki, larrimina sentitzea izaten da ohikoena egoera hauetan.
        Lerroen norabidea kontutan hartuz, esan daiteke hitzen Oinarri lerroa nahiko egonkorra dela (17), autokontrolaren seinale baina letren arteko loturek eten-collage-birlotu (18) batzuk dituzte euren artean.

       Jarraitasunari begiratuz gero, dokumentu gehiago beharko litzateke ziurtasun gehiagorekin baieztatzeko, baina badirudi idazten duen unean bertan zalantzati dabilela, behin eta berriro atzera begiratzen dabilela, egiten ari den hori ondo egiten ari ote den edo...

 



(1) Irune Ibarrak egin du Nortasun-txosten hau. Irune Ibarra psikologoa-grafologoa da, Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea eta UEU kidea. 1910ean, Sarriegik 72 urte zituela testamentuaren zati baten fotokopiarekin egin du lan. 1903an, Sarriegik 65 urte zituela egin zuen sinadura bat ere erabili du.
 


ERESBIL

Musikaren euskal artxiboa
Tel.: (34) 943-000868 • Fax: (34) 943-529706
E-mail: bulegoa@eresbil.eus