Inicio de la página-EU

AYUDAS A LA ACCESIBILIDAD-EU

RAIMUNDO SARRIEGI

1838-1913


VII

Zahartzaroa eta erretiroa

        Adina eta osasun ajeak zirela-eta, 1911 aldera erretiratu zen Raimundo Sarriegi merkataritza zereginetatik eta musika jarduera ere bertan behera utzi zuen.
         Ordutik aurrera, bizimodu xumeaeta metodikoa eraman zuen, emazteari eta familiari arreta handiagoa eskaintzen ziela.
         Arratsaldero, ilunabar aldera, Joakin Lizasoain, Alkate ohiaren bulegora egiten zuen visita eta umore fineko elkarrizketak izaten zituzten. Hurrena, Santa Mariara joaten zen Arrosario Santua errezatzera. Gero, afaltzera etxeratu aurretik, ohiko tertulia izaten zuen Narrika kaleko Telleriaren botikan (1).
         Bien bitartean, Donostia kosmopolita hura Sarriegiz ahazten ari zen. Jada ez zen donostiar guztiek miresten zuten idolo hura, danborrada guztiak, Puyuelo kaletik pasatzean, maisu handiaren omenez geraldi bat egitera bultzatzen zituen hura.
         Raimundok samurtasunez maite zuen emaztea eta kezkatuta zegoen haren osasun egoeraz. Azken urteetan, Frantziska Ramonak hidatide kiste bat garatu zuen, zakurrek transmititu ohi duten larba edo ekinokoko bat, emakumearen gibelean kokatu, hazi eta arazoak sortzen zizkiona.
         Andrea ez zen ia etxetik ateratzen. Eta etxeko zereginak egin ezinean aurkitu zenean, Raimundok neskamea kontratatu zuen, Maria Ormazabal Garmendia, zeinari, testamentuan, ondorengo hauek utzi baitzizkion:
         "Una cama completa y un armario, y en efectivo pts. 2.500, siempre y cuando estuviere a mi servicio el día de mi fallecimiento".
         Sendabiderik gabe, 1908ko maiatzaren 17an hil zen Frantziska Ramona, 66 urterekin.
         Testamentuan, senarrari utzi zizkion Goñiren Erriberak izeneko lur sail batzuk, Orioko udal barrutian, eta garrantzi handirik gabeko beste zenbait gauza.
         Ondorengorik ezean, Raimundo Sarriegik ilobengana jo zuen, etxean falta zitzaion berotasunaren bila. Nazario Lasa zuen begikoena, Aurea arreba gazteenaren semea. Aurea, Agustin Lasaren alarguna, 73 urterekin hil zen, 1918an.
         Nazariorekin eta emaztearen aldeko Intxausti eta Gabarain ilobekin, txirula, zitara, gitarra eta bandurriaz osatutako laukote bitxia eratu zuen. Talde horretan jotzeko idatzi zituen bere azken partiturak, juguetes deitu zienak, jostailuak alegia. Baina etxean bestetan ez zuten jotzen.
         Bakarrik ere askotan jo izan zuen etxean, bere gitarra inprobisazioekin familiako ospakizunak girotzen zituela, Eguberrietan eta Errege egunean, batez ere.
         1913an, Donostiako Udalak ekitaldi entzutetsuak antolatu nahi izan zituen hiria desegin zuen sute ikaragarri haren lehen mendeurrena eta harresiak eraitsi izanaren 50. urteurrena ospatzeko.

Usandizaga mendeurrenaren ereserkiaren entsaiuak zuzentzen. Novedades 1913-09-07


         Hori zela-eta, Udalak iraganeko pertsonaiak gogoratu nahi izan zituen, ekitaldi publikoetan omentzeko.
         Berehalaxe, Union Artesana, Sporti-Clai, Euskal Billera eta beste elkarte batzuek Raimundo Sarriegiren izena proposatu zuten, pertsonaia garrantzizkoa jotzen baitzuten, Donostiako musikaren historian. Danborradak eta konpartsek herritarren artean izandako arrakastan oinarritzen ziren.

Sporting-Clay elkartearen talde bat. Novedades, 1913-05-11


         Baina, gogoan izan behar dugu, baita ere, zenbait urtetan, eta arrazoi desberdinak zirela bide -sobera doilorrak, batzuk-, danborrada bertan behera utzi zela.
         1906an, zatiketa handia gertatu zen danborradaren aldelkoaen eta aurkakoen artean, eta gatazka horien ondorioz, Raimundo Sarriegiren nortasuna zipriztinduta geratu zen.
         Bestalde, zinegotzien artean -ideologia aldetik oso zatituak zeuden-, 29 urte lehenago zendutako Jose Juan Santestebanen miresle talde indartsu bat zegoen. Egokiena, beharbada, bi musikariak batera omentzea zen, hain harreman estua izan zutela kontuan izanda, baina Sarriegi baztertuta geratu zen. Agian, bere garaian hark hartutako zenbait erabaki ez zirelako zinegotzi batzuen gustukoak izan. Ez zuten asko usteko itsusikeria hura egin eta egun gutxira hilko zenik Raimundo Sarriegi.
 

 


 (1) Bengoechea, J. D. Raimundo Sarriegui. In: Euskal Erria 68. Liburukia (1.astea 1913, 402. or.).


ERESBIL

Musikaren euskal artxiboa
Tel.: (34) 943-000868 • Fax: (34) 943-529706
E-mail: bulegoa@eresbil.eus