Inicio de la página-EU

AYUDAS A LA ACCESIBILIDAD-EU

RAIMUNDO SARRIEGI

1838-1913


VI
Raimundo Sarriegi, musika irakasle

 

        Katedral, kolegiata eta parrokia nagusietako musika kaperak garai hartako maila artistiko goreneko musika guneak zirenez, elizaren mendeko zentro hauetan, musika kaperako kide berriak hezteko eta prestatzeko sistema prograrnatua izaten zuten. Eginkizun horren arduradun nagusia eta bakarra kapera maisua izaten zen.
         Donostian, 1790etik, Mateo Albeniz zegoen kargu horretan. Baina 1827ko ekainaren 9an, horra zer erabaki jakinarazi zion udalbatzak Donostiako Jaun Priore Txit Prestuari:
         "Ilt. Prior y Cavildo Eclesiástico de esta ciudad... [Dn. Mateo Albéniz] he jubilado con todos sus honores... y nombrado en su lugar, para el doble destino que ejercía, su hijo Dn. Pedro, deviendo ocupar la Plaza de organista de Sn. Vicente vacante por esta promoción, el yerno y cuñado respectivo Dn. José Ignacio Lubet ... esperando que movido de los sentimientos que me han impelido a conceder al Dn. Mateo la jubilación, con todo el sueldo, por sus largos y buenos servicios, se conformará Ud. en pasarle los emolumentos y aprovechamientos como si estuviera en activo servicio" (1).
         1828an, Pedro Albeniz Parisen zegoen ikasketak sakontzen, baina aitaren osasun egoera ahula zela-eta --1831n hil zen--, Donostiara itzuli zen haren lekua hartzera. Baina, 1830ean, Madrilgo Errege Kontserbatorioko piano irakasle izendatu zuten eta 1834an, Errege Kaperako organista. Nortasun musikal garrantzitsua garatu zuen Madrilen. Espainiako piano eskola modernoaren sortzaile jotzen dute zenbait adituk.
         Santa Maria parrokian, Julian Salcedok hartu zuen haren lekua, Arabako Agurainen zuen organista postua utzita. 1834an Salcedo hil zenean, 1814tik musika kaperako kantari zen Jose Juan Santesteban izendatu zuten kapera maisu.
         Kapera maisu berriak Santa Maria parrokiako lokaletan edo bere etxean prestatzen zituen kantariak, azken batean, kapera kideak –abeslari eta instrumentista- gutxi batzuk baizik ez baitziren.
         Eginkizun horrek guztiak omen handia eman zion Jose Juan Santestebani eta zeinahi musika proiektutako ezinbesteko bihurtu zuen.
         Herri ospakizunak ziren guztian, udal txistulariak han izaten ziren, joaldi programatua eta arautua errespetatuz.
         Baina hiriak biztanle kopunuz eta arte eskariz gora egin ahala, Udalak gizarte zibilera hedatu nahi izan zuen musika jarduera eta oinezko bandak edota atzerritar musikariak kontratatzeari ekin zion. Hala, agerian geratu zen etxeko musikariak hezi beharra: ongi prestatutako musikari profesionalen premia zegoen.
         Egoera horretan azaldu zen Donostiako musika mundura Fermin Barech, prestakuntza oneko eta curriculum distiratsuko musikaria. Bruselako Kontserbatorioan biolin eta konposizioko saria irabaztetik zetorren, eta kontserbatorioko zuzendari Fétis jaunaren ikasle kuttuna zen. Barechek Udal Akademia abian jartzeko proiektua aurkeztu zion Udalari, hiriaren kultura hazkunderako onuragarri izan zedin (2).
         Jose Juan Santestebani ez zitzaion ideia hura batere gustatu, eta, hirian miresle asko zituenez, zinegotziak uzkur agertu ziren Barechen proposamenaren aurrean.
         1877an, Udalak Solfeo Eskola sortu zuen Peñaflorida kalean, eta Jose Juan Santesteban eta, honen ikasle gogokoena, Raimundo Sarriegi, izendatu zituen irakasle. Sarriegi hasieratik agertu zen prest, ahal zuen neurrian, eskuzabaltasunez laguntzeko. Badakigu jada Merkataritza Artekaria zela lanbidez, baina, musikarako grinak eraginda, jainkozko artearekin zerikusia zuen zeinahi eginkizunetan parte hartzeko prest agertzen zen beti.
          Fermin Barechek jakinarazi zion Udalari proiektu hark ez zuela asebetetzen inola ere, solfeoa besterik ez zelako irakasten eta musika instrumentuak albora uzten zirelako. Barechen proiektuan, aldiz, bi sekzio aurreikusten ziren: soIfeoa eta instrumentuen irakaskuntzakoa. Lehenak jarrai zezakeen Jose Juan Santestebanen ardurapean, Raimundo Sarriegi laguntzaile zuela, eta bigarrenaz Fermin Barech bera ardura zitekeen.
         Azkenean, 1879ko martxoaren 19an onartu zen Reglamento Ogánico para la Academia de Música de San Sebastián zeritzana.
         Jose Juan Santesteban izendatu zuten Akademiako zuzendari, baina ez zuen kargua onartu. Haren ordez, biolineko irakasleak, Fermin Barechek, onartu zuen Akademiaren zuzendaritza.
         Raimundo Sarriegi solfeoko 3. urteko irakasle izendatu zuten. Berrogeita bost ikasle zituen eta haiei solfeoa irakastea ez ezik, beste eginkizun bat ere bazuen: ahots helduen orfeoi bat osatzea. Sarriegiren ikasleen matrikulazioa laurogeita hamazazpi ikasletara heltzeraino igo zen.
         Udaleko Musika Akademia sortu zenetik, sektore batzuk kezkatsu agertzen ziren: zertarako sortu zen Akademia musikari profesional askeak prestatzeko ala Musika Kapera indartzeko?
         Zenbaiten susmoen arabera, Jose Juan Santestebanen itzala handia zen artean, eta Kaperaren mende zegoen Akademia.
         Mesfidantza eta tentsio giro horretan, 1880an piztu zen txinparta: lehen eta bigarren biolinak uko egin zioten Korpuseko prozesioan ateratzeari.
         1881eko martxoaren 12an, Akademiako bost irakasle, Raimundo Sarriegi tartean zela, kexu agertu ziren Kaperako Arautegi berriak bertako kide izatera behartzen zituelako.
         1879tik, Jose Antonio Santesteban zen Kapera maisua, Jose Juanen semea, alegia. Sarriegiren eta Santesteban semearen arteko harremanak aitarekin izandakoak baino okerragoak ote ziren? Akademiako irakasle kideekiko elkartasun soilez egin ote zuen?
         1884ko azaroaren 5ean, Donostiako zinegotzi batek, Iraola jaunak, mozio bat aurkeztu zuen Udalbatzaren aurrean. Hona zer zioen, gauza gehiagoren artean:
         "Excmo. Ayuntamiento: ... Existe en esta Ciudad un profesor celoso e inteligente que lo es actualmente de la citada Academia, el cual desde hace treinta años próximamente, viene prestando con todo desinterés y celo, servicios importantes a la población, ya dirigiendo una Orquesta, ya organizando y dirigiendo coros y orfeones, ya tambien una Charanga o música, ya, en fin, produciendo composiciones musicales aplaudidas por propios y extraños; tal es el Sr. Raimundo Sarriegui, alma y vida en muchas ocasiones de los festejos celebrados en esta Ciudad, y principalmente por Camaval. Por todas estas circunstancias y méritos contraídos, cree pues el exponente, que dicho Sr. y no otro es el llamado a desempeñar la plaza de Director de la Academia" (3).
         Baina zerbait ez zebilen ongi Akademiaren eguneroko martxan: 1884ko azaroaren 24an, Raimundo Sarriegik uko egin zion solfeoko irakasle postuari, inolako azalpenik eman gabe.
        Akademiaren zuzendaritzatik abesbatzen antolakuntzan emaitzarik ez lortzea egozten zioten Raimundo Sarriegiri. Honek bere arrazoiak azaldu zituen, eta 1884ko abenduaren
12an dimisioa erretiratu eta irakasle postuan jarraitu zuen.
        Hala ere, Bonifazio Etxeberria izendatu zutenean Akademiako zuzendari -nahiz eta askok tematuta jarraitzen zuten Jose Juan Santestebani zegokiola kargu hura-, Sarriegik
behin betiko dimisioa aurkeztu zuen, jasotako sariak eta goraipamenak gorabehera. 1885eko martxoaren 12a zen.
        Zinegotzien artean, Beitia jauna atsekabeturik agertu zen Sarriegiren erabakia zela-eta:
       "... dicho profesor es acreedor a toda consideración de parte del Ayuntamiento por los servicios prestados al pueblo y por su amor a la enseñanza puesta a su cargo" (4).
         Baina Raimundo Sarriegiren erabaki hark ez zuen oroitzapen ona utzi karlista eta liberalen artean zatiturik zegoen Udaletxe hartan. 


(1) Santa Maria parrokia. Libro de Cabildos 1813-1819, 35. or.
(2) Tellechea Idígoras, J. Ignacio. Orígenes de la Academia Municipal de Música de San Sebastián, Grupo Dr. Camino, Donostia, 1992, 15. or. eta hurr, Kapitulu hau idazterakoan, liburu honetako dokumentazio ugarian oinarritu naiz gehienbat.
(3) Ibidem, 218. or.
(4) Ibidem, 233. or.


ERESBIL

Musikaren euskal artxiboa
Tel.: (34) 943-000868 • Fax: (34) 943-529706
E-mail: bulegoa@eresbil.eus