Inicio de la página-EU

AYUDAS A LA ACCESIBILIDAD-EU

RAIMUNDO SARRIEGI

1838-1913


V
Raimundo Sarriegi, merkataritza artekari


        Ezkondu eta berehala ohartu zen Raimundo Sarriegi bere musikazaletasunak ez ziola bizimodua ateratzeko biderik ematen. Kapera kantari gisa huskeria bat kobratzen zuen eta txarangako musikagile, instrumentu jotzaile eta zuzendari lanetik ez zuen sosik jasotzen. Geroago, irakasle izan zen Udaleko Musika Akademian, baina oso ordainketa mugatua zuen han ere.
        Nerabezaroan, Herri Eskoletatik irten eta Merkataritza Eskola Ofizialera pasatu zen, hau ere Higuera plazan baitzegoen. Eskola horretan egin zituen merkataritza ikasketak, Merkataritza Artekaritzan lan egiteko intentzioarekin.
        Lanbide hori erregearen izendapeneko kargua zen eta hartan sartzeko, 1828ko Batzordearen Merkataritza Araudirako Proiektuaren arabera, ondorengo betebehar hauek eskatzen ziren:
        -Erresuma hauetan jaioa izatea.
        -Hogeita bost urte beteta izatea.
        -Iritzi eta fama ona izatea.
        -Delitu larri eta itsusiagatik auziperatua ez izatea.
        -Sei urteko merkataritza ikastaldia egiaztatzea, merkatari matrikulatu batekin edo artekari baimenduren baten bulegoan (1).
        Azkenik, lagun artekari baten aholkuei kasu egin eta harekin prestatu ondoren, eskabidea aurkeztu zion Sustapen Ministroari, garai hartan, Manuel Ruiz Zorrillari, Serrano jeneralaren Behin-behineko Gobernukoa.
        1869ko otsailaren 16an jaso zuen Ministroaren erantzuna:
        "…Por cuanto atendiendo a que Don Rainundo Sarriegui y Echeverria ha acreditado reunir las condiciones prescritas...he acordado por resolución de esta fecha expedirle el presente Título de Corredor de Comercio de la plaza de San Sebastián...para que pueda entrar en el ejercicio del citado cargo, en el cual le serán guardadas todas las consideraciones, fueros y preeminencias que le correspondan…"
        Madrildik etorritako titulu hori Gipuzkoako Gobernadore Joaquín Cabirol-ek berretsi zuen otsailaren 24an, eta data berean erregistratu zen Gipuzkoako Sustapen Sekzioan, 163. Orrian (2).
        Artekariak, erakundean sartuko bazen, Dekanoaren aurrean aurkeztu behar zuen bere burua, titulua erakutsi, sarrerako kopurua ordaindu, Ordenantzekiko leialtasuna zin egin eta urteko diru-ezarpena eratu behar zuen, Sarriegiren kasuan, 12.500 pezeta, betiereko errentan, barneko %4an.
        Artekariak liburu zenbakitua eduki behar zuen, eta han jasotzen ziren eragiketa guztiak. Liburu hura urtero aurkezten zen, urtearen hasietan, zina berritzen zenean (3).
        Behin baldintza horiek guztiak beterik zituela, Raimundok lanari ekin zion. Hala, kreditu eta mailegu dokumentuetan, abal eta berme agirietan, merkataritza balioen negoziaketetan, kontratu ziurtatzeetan eta antzeko eragiketetan parte hartzen zuen.
        Berehala irabazi zuen gizon zintzo eta zuzenaren fama. Areago, talentu handiko artekaria zela zabaldu zen eta bezero ugari erakarri zion horrek.
        Haren izaera zintzo eta prestua zela-eta, estimazio handia zioten hiriko denda eta negozio guztietan (4).
        Raimundo Sarriegi artekaritzan hasi zenean ez zegoen Merkataritza Artekarien Elkargorik. 1886ko otsailaren 10ean sortu zen erakunde hori eta Martin Garralda izendatu zuten lehendakari. Banco Guipuzcoanoko lokal batean egiten zituzten hasierako bilerak.
        Baina, 1904ko abuztuaren 12ko Gipuzkoako 19. Buletin Ofizialean, Artekarien Elkargoko Sindiko Lehendakari edo Dekano Faustino Apalategiren heriotzaren berri ematen zen, eta adierazten zen Raimundo Sarriegik hartzen zuela haren kargua.
        Artekarien Elkargoko Sindiko Lehendakari edo Dekanoari zegokion:
        -Artekariek Espainiako Bankuan eratutako diru-ezarpenen agiriak eta Elkargoak zituen funtsak edukitzea eta zaintzea.
        -Ohiko eta aparteko Biltzarren buru izatea eta zuzentzea eta, premia ikusten zuenean, biltzarrerako deia egitea.
        -Bilkurak irekitzea eta amaitzea eta, bilera gatazkatsuak izaten zirenean, Gobernadore Zibil Jaun Txit Gorenari gertatuaren berri ematea.
        -Eztabaida zuzentzea, hitza ematea eta kentzea, bidezkoa denean, eta abar (5).
        Raimundo Sarriegi kargu horretan egon zen 1906ko urtarrilaren 27a arte. Dena den, Zinpeko Artekarien hurrengo bileren aktetan ere agertzen da Sarriegiren izena, Dekano titulurik gabe bada ere (6).
        1906ko otsailaren 3ko bileran, hitza eskatu zuen eta ondorengo hau esan zion biltzarkide bati:
        "…que las cotizaciones se deben dar al Colegio y no a los particulares y por lo tanto recomendaba al Sr. X X que para bien suyo no siguiera por ese camino, pues aparte de que tal
conducta pudiera proporcionarle sendos disgustos, no era tampoco muy correcto despreciar las advertencias que le había hecho la Junta Sindical" (7).
        Garibai kaleko 6. zenbakian zuen lanerako bulegoa Raimundo Sarriegik, Atanasio Osacar-en jabetzako lokal batzuetan. Osacar jaun hori Donostiako zinegotzia eta Merkataritza Ganberako lehendakaria izan zen 1891n, eta 1897-1898 urte bitartean (8).
        Osacar hil zenean, haren lokalak itxi egin ziren. Baina Raimundo Sarriegik lanean jarraitu zuen, 75 urtetan baitzegoen finkatuta erretiratzeko adina.
        Rosa Seminariok, Atanasio Osacarren alargunak, esandako lokaletako beheregaina edo bastardea fraide kaputxinoen egoitzatarako utzi zuen, eta biltegia, kaperatarako. Kapera hori 1909ko martxoaren 19an ireki zen. Hementxe garatu zuten beren zeregin apostolikoa kaputxinoek, harik eta, 1913ko apirilaren 12an, Okendo kaleko 22an egoitza berria inauguratu zuten arte, Raimundo Sarriegi hil baino hamaika egun lehenago, hain zuzen.
        Raimundo Sarriegi, lanera joan ohi zen orduan, egunero joaten zen lehen bere bulego izandako kaperara, eta otoia egiten zuen bezero izandakoen alde.
        1910ean idatzi zuen Raimundo Sarriegik bere testamentua. Dokurnentuaren idazpuruan Merkataritza Artekari gisa aurkezten du bere burua.
        Bere bizitza osoan harresien artean bizi izan zen, eta haiek bota zituztenean, oso gutxi aldentzen zen etxetik, Garibai kaleraino, urrutiena jota.
        Azaldutako guztia kontuan harturik, argi geratzen da Raimundo Sarriegiren lanbide barruko nortasuna oso urrun zegoela, txaranga eta konpartsetako musikariaren izaeratik. Lehena etengabeko kezka iturri zuen, ez zen alferrik bere modus vivendi edo eguneroko ogia ziurtatzen ziona eta ekonomia ahaltsuko donostiar bilakarazi zuena. Bigarrenean, aldiz, lasaitasuna eta bizipoza aurkitzen zituen.
        Azpimarratzekoa da, nolanahi ere, Donostiako Merkataritza Artekarien historian Raimundo Sarriegi haietako bat gehiago izan zela, eta ikertzaile gutxi batzuek baizik ez dutela oroimenean gorde. Donostiako jai giroko musikaren munduan, aldiz, haren izena hilezkor bihurtu da: haren partiturek izan zuten onarpen zabalagatik, garai hartako donostiarrek erakutsi zioten miresmenagatik eta, espero izatekoa den bezala, egungo eta etorkizuneko donostiarrek erakutsiko diotenagatik.

 


(1) Cano, José R. El Corredor de Comercio Colegiado. Historia de una profesión. Consejo General de los Colegios Oficiales de Corredores de Comercio, Madril 1985, taldean idatzitako lana, 207. or.
(2) Luis Lasa Olmos, Raimundo Sarriegiren egungo oinordekoaren esku dagoen dokumentua.
(3) Cano, José R. o.c. 207. or.
(4) Bengoechea, J. D. Raimundo Sarriegui. In Euskal Erria, 18. liburukia, 1913, 403. or.
(5) Cano, José R. o.c. 405. or.
(6) Libro de Actas perteneciente al Colegio de Corredores de Comercio de esta plaza (San Sebastián). Liburu hau Donostiako Notariotza Ordezkaritzan dago, gaur egun.
(7) Ibidem
(8) Bengoechea, J. o.c. 404. or 


ERESBIL

Musikaren euskal artxiboa
Tel.: (34) 943-000868 • Fax: (34) 943-529706
E-mail: bulegoa@eresbil.eus