Inicio de la página-EU

AYUDAS A LA ACCESIBILIDAD-EU

RAIMUNDO SARRIEGI

1838-1913


 

IV
Raimundo Sarriegiren gaztaroa eta heldutasun aroa


        Ezin liteke esan gure musikaria gazte ederra eta erakargarria zenik. Ez dakigu nondik nora (istripuren bategatik ala poliomielitisaren eraginez), baina herren txiki bat geratu zitzaion eta astiro ibili behar izaten zuen oinez. Aurpegi gorrizta zuen, baina adimen argikoa, atsegina eta umore finekoa zen.
        Erretzailea zen baina ez zen tabernarik taberna ibiltzen, nahiz eta, oso gaztetatik, Jose Juan Santestebanek sortutako txarangetako kide izan.
        Musika kaperako abeslari zela, inoiz edo behin, biolina jo izan zuen. Pianoa jotzen ere bazekien, baina, batez ere, gitarra jotzen zuen. Instrumentu hura lagun zuela inprobisatu zituen, zahartu arte guztian, hain ospetsu egingo ziren doinu asko.
        Harresiak eraitsi zirenean, Raimundo Sarriegik 25 urte zituen eta, gorago aipatu den bezala, Jose Juan Santesteban rnaisuak ospakizun hartarako idatzitako ereserkia abestu zuen.
        Gaztea zela, La Citara txaranga sortu zuen. Hasieran, gitarraz eta bandurriaz osatua bazegoen ere, gerora, txirulak eta biolinak gehitu zizkion.
        La Euterpe izeneko musika mugimenduan ere parte hartu zuen. Elkarte Filarmoniko haren sorrerako xedeak musika hedatzea eta Donostian kalitateko Musika Banda bat izatea ziren. Jose Juan Santesteban zen mugimendu haren arduradun, eta Bandako zuzendaria, berriz, Mariano Elvira zen.
        1872an, Bigarren Gerra Karlista hasi zenean, deseginik geratu ziren Sarriegik sortu edo landutako erakunde artistikoak. Eta gerra hura 1880ko apirilean amaitu zenean, Sarriegik berak desegin zuen La Citara txaranga (1).
        Baina, 1860-1889 bitartean, konpartsak antolatzen zituzten talde guztiek eskatzen zizkioten partitura berriak. Hala, hainbat konpartsaren musikak entzun ahal izan ziren:
Kaldereroak, Lorezainak, Marinelak, Ilargiko Biztanleak, Atsoen Zalditeria, Oilarren Zalditeria, Artzainen Konpartsa, Gerrarien eta Herensugearen Pasartea, Inudeen Konpartsa, Sardinaren Lur ematea, Martxak, Ereserkiak… Donostiako Martxa ahaztu gabe, eta haren atzetik etorri ziren Diana, Iriyarena, Polka, eta Erretreta, horren ezaguna den martxa hilezkorretik bereiztu ezineko segizio gisa.
        Bera liberala zen arren, batailoi karlistetako txarangek haren musikak jotzen zituzten, batez ere, Gipuzkoako 4. batailoikoek, non ofizial baitzegoen Sarriegiren ilobetako bat.
        1880tik 1889 artean, hogei-hogeita bost ahotsez osatutako orfeoi baten zuzendari lana egin zuen eta Donostiako Lore Jokoen Erakundeak Antzoki Zaharrean antolatzen zituen emankizunetan abesten zuen abesbatza hark. Ekitaldi horietan, hainbat obra programatu zituzten: Illunabarra, Ume eder bat, Egunsentia, Juana Vishenta Olabe, Oh, Euskal Erri Maitea, Beti maite
        Instrumentu talde handiagoak ere zuzentzen zituen noizik behin, hainbat elkartetako txarangek elkarrekin jotzen zutenean.
        1886ko ekainaren 16ko Diario de San Sebastian egunkarian, Un errico sheme izenburuko artikulu bat argitaratu zen. Idazlan hartan Raimundo Sarriegiren goraipamen sutsua egiten zen, herri jai eta ospakizunen bultzatzaile gisa egiten zuen lanagatik.
        Raimundo Sarriegi udaleko zinegotzi edo korregidore izan zen, behin baino gehiagotan, eta joera liberaleko politikari gisa ere aritu zen zertxobait. Korregidore egon zen lehen aldiak 1885etik 1889ra arte iraun zuen.
        1886ko martxoan, beste zinegotzi batzuekin batera, herri zor jaulkipen bat egiteko proiektua idatzi zuen, Udalaren zorrak kitatzeko eta ogasun egoera onbideratzeko asmotan.
        Urte bereko abenduan, Udal Banda eratu nahi izan zen eta zuzendaria izendatu zuen Udalak, hautamen soilez. Raimundo Sarriegik proposatu zuen lehiaketa bidez izendatu behar zela zuzendari kargua. Baina, presa zela-eta, ez zen haren iradokizuna aintzat hartu eta hasierako proposamena nagusitu zen (2).
        Sarriegiren bigarren korregidore aldiak 1895etik 1899ra bitartean iraun zuen.
        Ez dugu datu argigarririk Raimundo gazteak bere kideko neskekin izandako harremanei buruz. Beharbada, txarangetarako zuen zaletasun handiak eta elkarte horien lokaletan hain sarri egon izanak ez zion denbora asko utziko gustukoa izan zezakeen neskaren baten interesa bereganatzen saiatzeko. Ohiko mutilzaharra ote zen?
        Bere herrena zela-eta, ez zuen parte hartu ohi Konstituzio plazako dantzaldian ere. Baina, aldian behin, joan ohi zen, hara hurbiltzen ziren neska gazteak eta haien jokaera ikusteko intentzioarekin.
        Sarriegik bazuen bere famatxoa, txaranga, konpartsa eta berorietako musiken bultzatzaile eta egile gisa, eta ospe hark gora egin zuen Donostiako gizarte maila apalenetan eta, gazteen artean, batez ere.
        Azkenik, ia ikasketarik gabeko neska gazte bat -etxekoandretza beste lanbiderik gabea-interesatu zen Raimundoz eta harremanetan hasi ziren. Ramona Goñi zuen izena, donostiarra zen, musikaria baino lau urte gazteagoa eta nafar etorkin baten alaba.
        Raimundoren zeregin ugariak eta Ramonaren etxeko lanak zirela-eta -garaiko ohitura zorrotz eta mugatuak ahaztu gabe-, gutxi ikusten zuten elkar bi gazteek. Baina harremanaren zurrumurrua berehala zabaldu zen donostiarren artean. Mota guztietako ñabardurak eransten zitzaizkien esamesei, baina, azkenean, mamitu egin zen behintzat.
        Raimundo Sarriegi 29 urterekin ezkondu zen, 1867ko maiatzaren 27an, Frantziska Ramona Goñi Solabarrieta, 25 urteko donostiarrarekin, 1842an jaioa baitzen ernaztegaia. Nafarroako Belaskoainen jaiotako Ramonen eta Orion jaiotako Maria Jesusen alaba zen. Raimundo Sarriegi eta Ramona Goñi senar-emazteek ez zuten seme-alabarik izan.
        Ezkonduta egoteak ez zion galarazi Raimundori txaranga eta jolas-elkarteen inguruan jarraitzea. Aldiz, 1870ean sortutako Unión Artesanako kide zen eta hantxe biltzen zen bere lagunekin.

 

 



(1) El Urumea egunkaria, 1880ko apirilaren 16a
(2) La Voz de Guipúzcoa egunkaria, 1886ko abenduaren 3a.
 


ERESBIL

Musikaren euskal artxiboa
Tel.: (34) 943-000868 • Fax: (34) 943-529706
E-mail: bulegoa@eresbil.eus