Inicio de la página-EU

AYUDAS A LA ACCESIBILIDAD-EU

RAIMUNDO SARRIEGI

1838-1913


III

Raimundo Sarriegi Etxeberriaren haurtzaroa eta nerabezaroa

        1818tik aurrera Donostiaren berreraikuntza dezente bizkortu bazen ere, jakin behar da, artean, orube asko zeudela hutsik, zaborrak garbitu eta etxolak kenduta, etxebizitza
berriak eraiki zain.
        Berritutako zein kaletan jaio zen Raimundo Sarriegi? Bataio agiriak ez du ematen jaiotetxearen albisterik, baina, San Bizente parrokiako liburuetan erregistratua egoteak garbi erakusten du ez zela jaio Puyuelo kalearen (gaurko, Fermin Calbetonen) 38 zenbakiko 3. solairuan, Santa Maria parrokiaren eskurnenekoa baitzen hori. Beharbada, ezkondu zenean aldatu zen helbide horretara. Han bizi izan zen hil artean, eta hantxe ipini zioten herri elkarteek oroitarria, eraikinaren kanpoko horman, 1914an. Ez dago erabakita, beraz, zer etxetan jaio zen.
        Sarriegiren testamentuko (1) 4. zenbakian ikus daiteke bera zela Puyuelo kalearen 6 zenbakiko 2. eta 3. solairuen jabea. Oso litekeena da Raimundo Sarriegi etxebizitza horietako batean jaioa izatea, San Bizente parrokiari dagozkionak baitira, eta gero aitagandik oinordekotzan jasotzea.
        Raimundo Sarriegik bera baino zaharragoak ziren lau anai-arreba izan zituen: Francisco Joaquin Cesareo, 1829ko otsailaren 25ean jaioa.
        Maria Antonia Josefa, 1830eko ekainaren 14an jaioa.
        Ramon Maria, 1832ko otsailaren 4an jaioa. Bost urte bete baino lehen hil zen.
        Jose Mª Ramon Casimiro, 1834ko martxoaren 4an jaioa.
        Raimundo Sarriegi 1938ko martxoaren 15ean jaio zen.
        Antzinako liturgia egutegian, Fiteroko San Raimundo ospatzen zen martxoaren hamabostean eta horregatik izendatu zuten Raimundo gure musikaria.
        San Bizente parrokiako bataio liburuak miatu ondoren, hona zer dioen haren bataio agiriak:
        "Día 15 de Marzo de mil ochocientos treinta y ocho: yo el infrascrito Vicario interino de la Iglesia parroquial de Sn. Vicente de esta Ciudad bauticé un niño q. digeron aber nacido a la madrugada del mismo día, hijo legítimo de Francisco de Sarriegui y Josefa Antonia de Echeverria, naturales y parroquianos de esta ciudad. Se le puso por nombre RAIMUNDO: Abuelos paternos Martín Antonio y María Josefa de Arrieta, naturales de esta, ya difuntos: maternos José Agustín de Echeverría y Joaquina de Estibariz, naturales de la misma. Fue madrina Eusebia Brunet natural y parroquiana de esta a quien adbertí la cognación espiritual y obligaciones y firmé Dn. José Manuel de Ostolaza"(2)
        Bataio agirian ikusten denez, aipatutako ahaide guztiak, gaskoi abizeneko ama pontekoa barne, donostiarrak ziren. Familiaren lagunarte mugatuaren seinale da hori.
         Beraz, ez da harritzekoa Raimundo Sarriegi Etxeberria donostiar petoaren eredutzat jartzea, hurbileko arbaso guztiak donostiarrak baitzituen.
        Gogoan izan dezagun, dena den, Beasainen eta Ataunen kokatzen dutela heraldistek Sarriegi abizena, aurreko mendeetatik eta, XIX. mendean, Bilbon ere agertzen dela.
        Bi arreba gazteago izan zituen Raimundok: Mª Pilar, 1840an jaioa eta Aurea, 1845ekoa. Biak ezkondu ziren eta biek izan zituzten ondorengoak. Esan behar da Raimundok txera berezia izan ziela bere ilobei, batez ere, Nazario Lasa Sarriegiri, testamentuan bere oinordeko unibertsal izendatu zuen arreba Aurearen semeari.
        Raimundo Sarriegi lehen karlistaldian jaio zen. Haren aita-amak, Frantzisko eta Josefa Antonia, ez ziren musikariak: ez zuten nota bakar bat ere ezagutzen. Baina semea hazi ahala, ahots polita zuela konturatu ziren, eta Jose Juan Santesteban kapera maisuari aurkeztu zioten, haur kantariak inguratu nahian ibiltzen baitzen hau.
        Behin maisuaren itzalpean zela, Raimundo Sarriegi tradiziozko erlijio musikaren barruan heziz joan zen eta, boza aldatu zitzaionean, ahots indartsuko tenor bilakatu zen. 1882ko urtarrilean, San Bizenteko kaperako tenor izendatu zuten eta, hala, heldutasun handiagoarekin hartu zuen parte ospakizun erlijiosoetan (3).
        Gurasoek emandako hezkuntzagatik eta, Santa Maria eta San Bizente parrokietako liturgia ekintzetan abeslari gisa maiz parte hartzen zuelako, Sarriegik bere bizitza osoan fededun estilo dotore bati eutsi izan zion.
        Gorago aipatu dudan bezala, Raimundo Sarriegik Herri Eskoletan egin zituen lehen ikasketak. Izan ere, 1829tik aurrera, egungo Sarriegi Plazan kokatu ziren eskola haiek, garai hartan Higuera deitzen zitzaionean, ordutik aurrera, Eskoletako plazatxoa esango bazitzaion ere.
        1840ko urtarrilaren 12an inauguratu zen Merkataritza Eskola Ofiziala, donostiar gazteek Merkataritzan, Industrian eta Nautikan prestatzeko aukera izan zezaten. Eskola horretan sakondu zituen ikasketak Sarriegik.
        Baina aurretik, kalean bizi izan zuen haurtzaroa Raimundok, eta txiki-txikitatik bereganatu zituen Donostiako ohiturak. Oso gutxi irten zen harresien esparrutik, ez zuen nonbait, premiarik sentitu, familia handi bat bezala baitzen hura: guztiek ezagutzen zuten elkar.
        Harresi barruko kale estu haietan Erdi Aroko airea arnasten zen artean. Ohikoak ziren ogia egiteko labeak, upelgileak, kaiko lanetarako errementari eta arotzak, tabernak, sagardotegiak, eta abar.
        Raimundo Sarriegik mota guztietako konpartsa eta jaietan hartu zuen parte abeslari gisa, Santestebanek harengana jotzen baitzuen kantari talderen bat eskatzen zioten guztian.
        1858ko ekainaren 22an, Norteko Burdinbidearen inaugurazio ekitaldian, Jose Juan Santestebanek idatzitako zortziko bat abestu zuen Sarriegik. Honela zioen, orduko euskaraz:

Arrituric desagun
erabat aitortu
guizonac gaur duela
gucia garaitu.
Cer eguin al dezaquen
españolac beti
Surez eta legorrez
Anoiz ez da icusi.
Elcano ta Oquendo
ez esan besteric
oyec cituen ondo
munduac miretsi.

        1863an, harresiak eraitsi izana ospatzeko egin ziren jai handietan ere partaide izan zen Sarriegi. Orduko hartan, Santestebanek berak konposatutako Ereserkia abestu zuen. Hona Rarnon Femandez de Garayaldek ereserki hartarako idatzitako gaztelaniazko hitzak:

Brilla el iris al fin en tu cielo
blanca Easo, cautiva paloma.
Ya tu negra prisión se desplomá,
libre ya vas el vuelo a tender...

        Era horretan, ereserki eta konpartsetako esperientziari esker, gazte-gaztetatik joan zen hezten Sarriegiren musikarako sena.
        Bere izaera egongaitzak eramanda, hiriko kale estuetan gertatzen zen zeinahi herri ekitalditan hartzen zuen parte Raimundok.
        Oso ongi ezagutzen zuen Gazteluko igoerako zaintza--postua, gotorlekura hurbiltzen uzten ez zuen zentinelarena.
        Bazekien harresiko ateak goizean irekitzen zirela, Angelusa errezatu ondoren. Baina hobeto zekien iluntzean, egunero, nola ixten zen harresiko atea, alkatea, gradu handiko
militar bat eta tokatzen zitzaien soldaduak eta musikariak bertan zirela, ikuskizun erakargarria eratzen baitzuten, haurrentzat bereziki.


(1) Ikus Testamentua, VIII. kapituluan
Dr. Camino Institutuaren Boletin de Estudios Históricos sobre San Sebastian, 39. zenbakian argitaratutako Imanol Muñozen ikerlana, La historia desconocida de Raimundo Sarriegui, jakitera eman ondoren, argi geratzen da Raimundo Sarriegi Egia auzoko Etxeberriene baserrian jaio zela.
(2) Bataio liburuak, i 1. liburua, 65. or. (Gipuzkoako Elizbarrutiko Artxiboa)
(3) El Urumea egunkaria, 1882ko urtarrilarcn 9a. 


ERESBIL

Musikaren euskal artxiboa
Tel.: (34) 943-000868 • Fax: (34) 943-529706
E-mail: bulegoa@eresbil.eus