Inicio de la página-EU

AYUDAS A LA ACCESIBILIDAD-EU

RAIMUNDO SARRIEGI

1838-1913


 II

Raimundo Sarriegi mutikoari harrera egin zion musika mundua

        XIX. mendearen hasieran, Donostiako biztanleen musika giroa oso mugatua zen.
        Santa Maria eta San Bizenteko musika kaperak ziren -1848tik aurrera, Jose Juan Santestebanen zuzendaritzapean elkartu eta arautuak- musikaren arloan erakargarritasun handiena zuten guneak, haiexek baitziren jarduera erregularrena,sarriena era ongien zaindua zutenak. Zerbaitegatik deitzen zioten batzuek herriaren opera.
        Dirudienez -hala adierazten dute, behintzat, zenbait datuk- Roque Javier Moyuak, Rocaverdeko markesak, izaten zuen musika jardunbideren bat, talde txiki batzuekin, Trinitate kaleko 208 zenbakia zuen bere etxean (gaur Abuztuaren Hogeita hamaika, 20) egiten zituen bileretan.
         Gainera, Udalak soldatapeko musikariak zituen, txistulariak, urtean joaldi programa finkoa izaten zutenak, igande eta jai egunetako dantzaldiak animatzeko, batez ere.
         Esan liteke horiexek zirela hiriko indar musikal profesional bakarrak.
        1802an eraiki zen Donostian antzokitarako erabiliko zen lehen etxea, eta, hala, musika lirikozko antzezkizunak antolatzeko aukera jarri zen.
        1813ko sutean erre zen eraikin hura. Orduan salbatutako etxeetako bat antzokitarako erabiltzeko ahalegina ez zen mamitu. Baina Francisco Gaskuek utzitako lekukotza garrantzitsuari esker dakigu, 1840tik 1846ra bitartean, Sociedad Filarmónica de San Sebastián zeritzanak instrumentu edo ahots kontzertuak antolatu zituela musika emankizunetarako egokitutako areto batean:
        “En la época de mi infancia salíamos de las escuelas de primera enseñanza, sabiendo todos por lo menos solfear en dos o tres claves; la música era el objeto predilecto de nuestros amores y a esa afición se unía la de las comparsas, en que el arte de la mímica y la plástica se aliaba con el arte de los sonidos, para formar conjunto de belleza sintética. Sabido es que el centro del gran lienzo de la muralla del Sur lo formaba un robustísimo cuerpo llamado el cubo imperial…, daba entrada a un gran salón… Llamábamos a aquel salón El Liceo, nombre de una sociedad de aficionados que allí dio conciertos, representó comedias, organizó bailes, etc, durante muchos años... animando el tenebroso local (1)
        Azkenean, 1846en, Teatro Principal zelakoa ireki zuten, zeina, aurrerago, eraitsi, berreraiki eta 1931n berriro inauguratu baitzuten (gaurko Antzoki Zaharra).
        Garai hartako donostiarren musikaltasunaren seinale litzateke gure folkloristek Donostian jasotako herri doinu andana: errondakoak, jolaserakoak, sehaskakoak, eta abar. Horri bertsolaritza eransten badiogu, kanturako joera handiko biztanleria agertzen zaigu.
        Jai giroan barnerago sartuta, donostiarrek zaletasun berezia zuten inauteri giroko-edo kale-konpartsak antolatzeko. Segizio horietako musika arinagoa izaten zen eta instrumentu talde txikien esku egon ohi zen: txistulariak eta ezer askorik ez gehiago.
         1813ko zorigaitzeko abuztuaren 31 hartan, hiria birrinduta geratu zen eta bizirik aten zen jendearen adorea lur jota.
        Hona zer esaten digun Serapio Mujikak gai honen gainean:
        "En 1814 el Ayuntamiento, en vista de la afectiva situación del vecindario, todavía enlutado, y en atención también a las gestiones hechas cerca del Gobierno para que concediese auxilios para la reconstrucción, acordó suspender las fiestas del carnaval".
        Baina, 1816rako, donostiarren izaera jaizalea gailendu zen eta inauteriak antolatu zituzten, artean berreraikuntza lanetan zegoen hiriko kaleetan. Data horretatik aurrera, konpartsak ez ziren faltako urteko ohiko data jakinetan.
        Artxiboetan jasoa dago Pedro Albenizek 1827ko donostiako inauterietarako idatzitako Gitanada konposizioaren eskuizkribua. Pedro Albeniz Santa Mariako organista eta kapera maisu izendatu zuten urte hartan, haren aita, Mateo Albeniz, 1827ko ekainaren 9an erretiratu ondoren.
         Kopia berean aurkitzen dira Comparsa de los pastores de Grecia -1828ko Inauterietakoa-, Comparsa de los ciegos valencianos eta Comparsa de los Manolos -1830eko Inauterietakoak biak-, guztiak ere Pedro Albenizek idatziak.
        Garai horretarako, 1821etik hasita, musika kaperan nabarmentzen hasia zen Jose Juan Santesteban haur abeslari gisa. 1827an, hemezortzi urte zituela, musika aitzindari gartsu bilakatu zen, gazteen artean eta, lagun batzuekin elkarturik, Los Gambaros txaranga sortu zuen, ordurako eratuak zeuden Los Achúas eta Los Señoritos taldeekin lehian.
        Agi danean, Los Gambaros txarangakoek, 1827ko ekainaren 20an, kale liskar bat eragin zuten Gitanada interpretatuz eta, batzuek esan zutenez, oihu subertsiboak jaulkiz. Los Achúas eta Los Señoritos txarangek auzitara eraman zituzten. Musika taldeen artean, gizarte maila desberdintasunak ez ezik, batez ere, ideologia politiko kontrajarriak zeuden. Ongi zehaztutako bi talde zeuden aurrez aurre: liberalak eta erregearen aldekoak.
        Epaiketa egin zenean, Pedro Albeniz deitu zuten gertatuaren lekuko gisa eta ordurako Santa Mariako kapera maisu zenak ondorengo hitz hauek esan zituen kaleko kantarien alde:
        "La noche del día veinte de este dicho mes, en el momento en que la música de jóvenes de esta ciudad estaba en la puerta del Sr. Alcalde Soroa, se hallaba este testigo en el balcón de su casa. Y que, lejos de haberse dado motivo alguno a que se turbase la quietud pública, se experimentó el mejor orden, sin haber cometido el más mínimo exceso ni causado insulto en ningún sentido. Que la música que se tocaba era perteneciente a la comparsa de Gitanos, que se celebró el Domingo de Carnaval de este año, compuesta por el declarante en París a petición de varios de los Señores individuos que constituyen el actual Ayuntamiento y de otros habitantes pacíficos y honrados de esta ciudad, a quienes quiso manifestar su agradecimiento y adhesión por la confianza y honor que se le dispensaba haciendo esta composición de música, reducida toda ella a letrillas, Tirana, estribillo, Bolero y una contradanza, y que todo lo cual es análogo al asunto de dicha comparsa de Gitanos, sin que absolutamente tenga relación con ningún otro canto, sea cual fuere la denominación que le quisiera dar" (2).
        Argi geratzen da Pedro Albenizek Jose Juan Santestebanen kantarien alde egin nahi zuela, ez zen alferrik Santesteban Musika Kaperakoa eta, ondorioz, Kapera Maisuaren esanetara zegoena.
        1834an, hogeita bost urterekin, Kapera Maisu izendatu zuten Jose Juan Santesteban eta Donostiako musikaren munduko izenik garrantzitsuena bihurtu zen. Madrilen, Parisen, Erroman, Napolin, Liornan, Florentzian, Bolonian eta Milanen egonaldiak egin zituen, musika ikasketak sakontzera eta hobetzera joanda.
        Geroztik, grina eta dedikazio handiz landu zituen bai musika erlijiosoa eta bai herri musika, eta musika irakaskuntzan lan egin zuen.
        Zortzikoak eta mota guztietako abestiak idatzi zituen: kalejirak, ereserkiak, dantzarako piezak eta abar. Herri doinuak ongi ezagutzen zituenez, ez zuen zalantzarik izan haietako zenbait bere festa giroko partituretan sartzeko orduan. Mota guztietako instrumentu taldeen animatzaile eta arduradun izan zen. Horregatik jarri zioten Maisuba goitizena.
        Konpartsak edo jaialdi publikoak antolatzen zituztenek harengana jotzen zuten beti. Hala, 1833an, Comparsa de Sastres idatzi zuen, 1834an, Himno a la reina Cristina, 1850ean, Comparsa de Jardineros eta Entierro de la Sardina. 1858an Himno para la inauguración del Ferrocarril del Norte, eta 1863an, Himno para el derribo de las murallas.
        Gainera, hainbat alditan, partiturak idatzi ez ezik, berak biltzen zituen instrumentu jotzaileak ere:
        "Cuando la reina Isabel estuvo en San Sebastián, en 1866, Santesteban reunió cuatro músicas y cinco charangas que formaron un total de trescientos nueve ejecutantes. Aquella enorme masa de instrumentistas tocó con admirable precisión, entre otras piezas, el zortzico Gernicaco arbola, Iru damacho y un pasodoble, composición del maestro" (3).
        Data horretarako, Raimundo Sarriegi gazteak, Jose Juan Santestebanen ikasle begikoenak, bereganatua zuen maisuak Donostiako jai ospakizunetarako ezarria zuen kale musikaren estiloa, herritarrek hain gogoko zutena, eta eragin ukaezina izango zuena Sarriegi gaztearen etorkizuneko partituretan.
        Bestalde, ordurako harresiak desagerturik zirela, Zumardi estreinatu berrian kontzertu era dantza programak interpretatzen ziren eta Strauss, Offenbach, Gounoud, Farbach, Pintado, eta abarren musika entzun zitekeen.
         Donostiarren bizitzako erdigune bilakatu zen Zumardia, batez ere herri musikaren erdigune, askotan jotzen baitzuen bertan Artilleriako Hirugarren Erregimentuko Bandak, Carlos Pintadoren zuzendaritzapean (4). 


 (1) Gaskue, Francisco. Recuerdos agradables. In Euskalerriaren Alde. I urtea, 11 zk., 341 (2. aldiz, La Gran Enciclopedia Vasca, Bilbao, 1974)
(2) Tellechea Idígoras, J. Ignacio. Nacionales y Realistas. Un episodio donostiarra (1827). Grupo Dr. Camino, Donostia, 1984, 23. or.
(3) Peña y Goñi, Antonio. La ópera española y la música dramática en España en el siglo XIX, Madril, 1881 645. or.
(4) Tellechea Idígoras, J. Ignacio. Los orígenes de la Academia Municipal de Música de San Sebastián. Grupo Dr. Camino, Donostia, 1992, 7. or.


ERESBIL

Musikaren euskal artxiboa
Tel.: (34) 943-000868 • Fax: (34) 943-529706
E-mail: bulegoa@eresbil.eus