Inicio de la página-EU

AYUDAS A LA ACCESIBILIDAD-EU

RAIMUNDO SARRIEGI

1838-1913


Jose Luis Ansorenak egindako biografia

I
Donostiako hiriaren garapena XIX. mendean

       

        Raimundo Sarriegi zer nolako gizartean jaio zen behar bezela kokatu ahal izateko, haren jaiotza dataren inguruan gertatutako gorabehera historikoak aipatuko ditugu, eskema moduan bada ere.
         Donostia hiri harresitua zen garai hartan. 1800ean, 5.000 pertsona inguru bizi ziren harresi barruan kokatutako 588 etxeetan, eta 4.000 baino gutxiago harresiaz kanpoko auzo eta etxaldeetan: San Martin, Santa Katalina, Amara, Aiete, Antigua, Ulia, Loiola, Ibaeta, eta abar (1).
         XIV. mendetik XVII.era bitartean, hau da, Erdi Aroaren azkenetan eta Aro Berriaren hasieran, gaskoi jatorriko pertsona mordoska etorri zen Donostiara bizitzera. Horregatik, euskara eta gaztelania ez ezik, Baiona inguruko gaskoia ere mintzatzen zen. Garai hartan finkatutakoak dira gaskoi jatorriko hainbat leku izen: Urgull, Aiete, Polloe, Ulia, Miramon, Monpas, eta abar.
         Gaskoia alaia eta jostaria zen, asmamen bizikoa, satirikoa eta baketsua.
         Esan liteke Raimundo Sarriegiren nortasuna aipatutako gaskoi ezaugarri horien eta euskal seriotasun klasikoaren nahasketa zela.
         1808an, frantsesak sartu ziren Gipuzkoan eta Donostia hartu zuten egonleku finkotzat, Motako gaztelua gotorleku nagusi zutela.
         3.000 gizon inguruk osatzen zuten goarnizio militarra.
         Hiria oso militarizatua zegoen eta ohikoak ziren soldaduen desfileak, danbor soinuak, diana, erretreta, eta abar. Ez ziren fata izaten hiritarren eta soldaduen arteko liskarrak ere, indarrak inbasoreari ematen dion harropuzkeriak haizatuta.

Anonimoa "Vista de la ciudad de San Sebastian, incendiada por el egoismo Ingles el año 1813" XIX. m Litografia
San Telmo Museoa


         1813ko abuztuaren 31ko Donostiako sutean mila donostiar baino gehiago hil ziren. Gizarte maila ahaltsuenetako beste hiru bat mila lagun aurretik ihes eginak ziren probintziako baserrietara eta hurbileko beste herri batzuetara, plazako gobernadoreak emandako ebakuazio aginduari esker. Harresiez kanpoko auzoak suntsituta geratu ziren setioaren lehen egunetan. Hirian, hogeita hamasei etxe besterik ez zen geratu zutik, Trinitate kalean guztiak, gaur Abuztuaren 31 deituan, alegia.
         Zoritxar ikaragarri haren oroipena gal ez zedin, 1963an, plaka bat ezarri zen San Jeronimo kalearen sarreran, gaztelaniaz alde batean eta euskaraz bestean. Honela dio euskarazkoak:

ABUZTUAREN XXXI MDCCCXIII
FRANTSES GUDAROSTEAREN MENDE ZEGOEN
HIRI HONETAN BAPATEKO ERASOAN SARTURIK
ALIATUEK HARRAPAKATU ETA SUTAN JARTZEN DUTE ;
HERRITAR TXIT ASKO LEPO EGINEZ

        Sutearen eraginez, bizirik irauteko oinarrizkoenik ere gabe geratu ziren donostiarrak. Hori zela-eta, sutetik bizirik ateratakoen hirutatik bat hil egin zen. Hala, Donostiako errolda izugarri jaitsi zen oso denbora laburrean (2).
         1813ko irailaren 8an, Zubietako Aizpurua baserrian bildu ziren Donostiako agintariak eta bizirik geratu ziren hainbat herritar, alkatea, Migel Antonio Bengoetxea, buru zutela. Han erabaki zuten hiriaren berreraikuntzari ekitea eta Pedro Manuel Ugartemendia arkitektoaren esku utzi zuten egitasmoa abian jartzea.
         Udaleko kideak behin hirira itzuli zirenean, bilerak etxe partikularretan eginez ekin zieten berriro udal zereginei. Lehenengoa irailaren 10ean egin zuten, Bartolome Olozagaren etxean, Trinitate kalean, sutetik salbatu zen bakanetako batean. Hala, txandaka egin zituzten bilkurak, baten edo bestearen etxean , harik eta, 1832an, Udaletxe berria inauguratu zen arte.
         Baina Ugartemendiak aurkeztutako planaren bideragarritasuna eztabaidatzen zuten bitartean, suak pasatako orubeak, zaborrak garbitu ondoren, etxolaz edo behin-behineko eraikinez bete ziren, denda eta saltokiak barne zirela, eta errentan eman zituzten, abusuzko baldintzetan, zenbait kasutan. Etxola horien jabeek edo maizterrek arazo larriak eragin zituzten hiria berreraikitzeko prozesuan.
         Manuel Nikolas Gogorza erregidorearen proiektua onartu ondoren, 1816an hasi ziren lanak. Irizpidea kale batzuk zuzentzea zen, izenak gordeta, eta etxe multzoak laukizuzen formakoak egitea. Era horretan, uniformetasun handiagoa lortu zen egungo Parte Zaharreko eraikinetan.
         Irizpide horri esker hobetu zen Escotilla edo San Jeronimo kalexka. Puyuelo kalea zen hiriko luzeena, kai aldeko Santiagoren Arkutik harresiaren beste muturreraino heltzen baitzen, Zurriola edo Santa Ana kaleraino, gaur Aldamar bada ere. San Joan kaleak ebakitzen zuen Puyuelo kalea, egun bezalaxe.
         Pedro Manuel Ugartemendiari laguntzeko beste arkitekto bat hartu zuten, Silvestre Perez, eta 1818tik aurrera berreraikuntzak askoz abaila handiagoa hartu zuen.
         1817an hasi ziren Konstituzio plaza egiten eta 1828tik 1832ra bitartean eraiki zen Udaletxea.
         1829an eraiki ziren Herri Eskolak egungo Sarriegi plazan, zeina aurrez Atotxa edo Higuera kalea baitzen, gero Eskoletako plazatxoa bihurtzeko. Hementxe jaso zuen gure musikariak lehen mailako hezkuntza.
         1818an, Udalak antzokitarako erabili nahi izan zuen Trinitate kaleko eraikin bat. Baina ez zen xede horretarako batere egokia, eta, haren ordez, harresi gotortuko ganga bat egokitu zuten. Azkenean, 1846an inauguratu zen Teatro Principal berria (gaur Antzoki Zaharra dagoen lekuan), zeinak gerora hainbat berrikuntza izango baitzuen, guztiz botatzera heltzeraino. Berriro eraiki eta 1931n inauguratu zuten bigarren aldiz.
         Bazen ohitura bat, Donostian, urtarrilaren 2Oan gauzatzen zena eta aurreko mendeetatik zetorrena. 1597an, San Sebastianen bitartekotzari esker hiriak izurri bat gainditu izanagatik, santuari esker ona adierazteko prozesioa egiten zitzaion Santa Maria parrokiatik Antiguako San Sebastian parrokiaraino, hondartza aldeko bidezidorretik bihurrika.
Udaleko eta Elizako agintari eta ordezkariak joaten ziren, atzetik, herritarrak erromeria jendetsuan zituztela.
         Baina 1830eko hamarralditik aurrera, sasoi horretako eguraldi gaiztoa zela-eta, harresien barruko kale arteetan egin zen prozesioa. Banda militarrak, danborrez eta xiruriz, egundoko burrunba ateratzen zuen hiri barruko kale estuetan, artean etxe asko eraikitze lanetan bete-betean zeudela. Prozesio horretan, Txistulari Bandak San Sebastianen Martxa jotzen zuen, 1838an Jose Juan Santestebanek idatzitako zortziko itzaltsua, zeina Juan Ignazio Iztuetak bere Gipuzkoako Dantzak bilduman jasotako Edate-dantzaren doinu ezagunean oinarritzen baita. 1860an utzi zitzaion prozesio hura egiteari.
         Baina bada beste ohitura bat oraindik bizirik dagoena. Udalbatza Santa Maria parrokiara joaten da urtero, abenduko hirugarren igandean, Koruko Andre Mariari esker oneko botoa berritzera, hiria 1688ko abenduaren 7an sute batetik salbatu zelako. Motako gazteluan 780 kintal sutauts zeuden gordeta eta ekaitz ikaragarri batean eroritako tximistak egundoko leherketa eragin zuen: Donostiak sumendi bat zirudien. Baina, zorionez, sua mendean hartu ahal izan zuten.
         Tradiziozko erritu horiek gorabehera, hiria normaltasuna berreskuratuz zihoan. 1840rako 10.000 biztanle bazituen, eta etengabe hazten jarraitu zuen. 1860an, 20.000 ziren donostiarrak; 1870ean, 30.000, eta 40.000 biztanletaraino heldu ziren, 1900ean.
         Donostia hiri aurrerakoi eta udatiarren egonleku bilakatu zen.
         Irrikaz zeuden donostiarrak harresiak botatzeko, oztopo gaindiezina baitziren hiriaren zabalkunderako eta harresiez kanpoko auzoekin bat egin ahal izateko. Baina horretarako Gerrako Ministerioaren baimena behar zen, eta iritsi zuten, azkenean.

Donostiako harresiaren eraispena (atzealdea Kontxa), 1864-1865. Hermenegildo Otero y Goñi. San Telmo Museoa.

 

 

 

 

 

 

 
         Jai handiak egin ziren 1864an, harresiak lurreratu izana ospatzeko. Berehalaxe, Kortazar zabalguneari ekin zitzaion eta hiri berria planifikatu zen. 1854tik, Gipuzkoako hiriburu izateak ematen zion itzalaz gainera, altxatu ziren eraikin ikusgarriek hiri garrantzitsuaren itxura eman zioten Donostiari.
         1885ean amaitu zen Diputazioko Jauregia. 1887an inauguratu zen Kasino Handia. Eraikin bikain hauen inguruan eratu ziren Donostiari behin-betiko itxura emango zioten gainerako eraikinak, lorategiak, plazak, eta gainerakoak.
         Hori guztia hiri berriaren eraikuntza gai hartuta. Erants diezaiogun donostiar baten iruzkin xume bat Donostiako gizarte bizitzako beste alderdi batzuk laburbiltzen dituena:
         "El siglo XIX no se portó bien con San Sebastián: cenizas en 1813; los Cien Mil hijos de San Luis en 1823; cólera en 1834; bloqueo carlista de 1835 a 1837; nueva epidemia colerica en 1858; otro asedio de los carlistas de 1875 a 1876.. . Únanse estos graves y bélicos acontecimientos a infinitos motines y pequeñas revoluciones... Pero el donostiarra está lleno de entusiasmo, de fe en sí mismo y de algo que es infinitamente más serio: de fe en su pueblo (3)."  


(1) "Demografía eclesiástica de Donostia" In 1800, Junior aldizkaria, 1920ko abuztua.
(2) Rodriguez Sorondo, Mª del Carmen. Arquitectura Pública en la ciudad de San Sebastián. (San Sebastián. Grupo Dr. Camino. 1985). Kapitulo hau idazterakoan, liburu honen edukian oinarritu naiz gehienbat
(3) Arozamena, Jesús Mª. San Sebastián, Biografía sentimental de una ciudad, Samarán ediciones, Madril, 1963, 96 or. 

 

 


ERESBIL

Musikaren euskal artxiboa
Tel.: (34) 943-000868 • Fax: (34) 943-529706
E-mail: bulegoa@eresbil.eus