Inicio de la página-EU

AYUDAS A LA ACCESIBILIDAD-EU

RAIMUNDO SARRIEGI

1838-1913


 


INUDEEN KONPARTSAK



         1869an Sarriegik konpartsa honetarako musika konposatu zuen, 1885 arte abesti honen berri izan ez bazen ere. Urte hartan, Candelariaren egunean, La Fraternal elkarteak inudeen konpartsa antolatu zuen. Elkartearen egoitzatik Konstituzio plazaraino desfilatu zuten, jende askok atzetik jarraitu zielarik. Plazan, Sarriegiren musikarekin saioa eskaini zuten: inudeek tutua ematen zuten bitartean “prasku”-ek inguruan dantzatzen zuten, aurreskuarekin amaituz. Emanaldi honetan, hiriko beste pertsonaiek ere parte hartu zuten, medikua, alkatea edo apaiza esate baterako.
         Garai hartan, hiriko parke eta plazetan haurrak paseatzen ibiltzen ziren inudeak antzezten zituen konpartsa honek. Pertsonaia guztiak gizonezkoak dira, hortik datorkio inauterietako kutsua. 1912an Candelariaren eguna lan-eguna bilakatu zenean desagertu zen.
         1922 eta 1926 bitartean, haurrez osatutako konpartsa antolatu zuen Euskal–Billera elkarteak. Handik aurrera eta 1942 urtea arte ez zen gehiago ospatu eta urte honetan, Corpusaren egunean, ohiko ongintzazko zekorketa batetan parte hartu zuten.
         1977an Kresala elkarteak konpartsa berreskuratu zuen danborrada bat barneratuz. Otsaileko lehen igandean, eta elkartetik ateratzen, Alde Zaharreko kaleak zeharkatzen zituen Konstituzio Enparantzan amaituz.

 


ATSO ZALDIERIAREN KONPARTSA


         Zaldunak atsoen bizkar gainean doazen konpartsa, 1870 urtean sortu zen. Tabuyo jaunak zuzendu zuen, eta garai hartan Konstituzio Plazan antolatzen zen zezenketan jardun zuen (1).
         Sarriegik 1881ean, galop bat sortu zuen konpartsa honentzat, Díaz y Cía argitaletxeak Sarriegiren inauterietako gainerako musikarekin batera kaleratu zuena.
         Lan hau Groseko Kaldereroen Konpartsak berreskuratu zuen 1994an, eta 1998az geroztik, San Sebastian eguneko ohiko errepertorioaren barruan dago.

 

 

 

ERROMATAR ZALDUNAK OILARREN GAINEAN


         1882ko Inauterietako igandeko desfilea itxi zuen konpartsa honek. Oilarren gainean zihoazten ehun zaldunez osatutako konpartsa honetarako Sarriegik Oilarren Zaldieria izeneko galopa sortu zuen, txarangak eta korneta bandak interpretatu zutenak. Hurrengo egunean emanaldia errepikatu zuten, Momo Jainkoaren harreran Konstituzio Plazan, eta gauean Zirko Antzokian.
         Konposizio hau, Atsoen Zaldieriaren galoparekin batera, Groseko Kaldereroen Konpartsak berreskuratu zuen 1994an, eta 1998az geroztik, San Sebastian eguneko ohiko errepertorioaren barruan dago.

 

 

TXINATAR ABESLARIEN KONPARTSA


        

        1882ko inauterietako kabalgatako konpartsaren kororako sortu zuen martxa hau Raimundo Sarriegik. Ehun abeslarik interpretatu zuten eta 80 instrumentisten bandak jarraitu zien. Díaz y Cíak publikatu zuen 1898an.

 

 

 


LOREZAINEN KONPARTSA

 

        1818ko urtarrilaren 29an desfilatu zuen lehen aldiz Lorezainen Konpartsak, arrakasta handiarekin. José Vicente de Echagaray-k zuzendu zuen, Aita Joseperen paperean. Flora jainkosaren omenez egiten ziren udaberriko jaialdiak, aurrerago Lore Jokoak bilakatuko zirenak, gogora ekarri zituen konpartsa honek .
         1832, 1841 eta 1850ean Lorezainen konpartsak ospatu ziren ere. 1884ean Fraternal-ek eta Union Artesana-k Sarriegiren musikarekin antolatu zuten konpartsak garrantzi berezia du. Zezen Plazan ospatu zen eta prentsak bere antolaketa goraipatu zuen, bai eta aurretik ospatu zen kabalgata ere. Lehenik abeslari taldea zihoan, jarraian, lorezainen laguntzaileak eta atzetik “Aita Joshepe”-ren zuzendaritzapean, lorezainak. Oreinek bultzatutako Flora jainkosaren karrozaren atzetik musika banda zihoan.
         Honakoa zen konpartsaren musika: Martxa bat (Salve, Flora, gentil azucena), Himno del jardín (Dejamos guirnaldas), bi kontradantza eta zortziko bat. Hurrengo urtean zezen plazan beste bi kontradantza interpretatu ziren arrakasta handia izan zuten.
       1887an, musika honekin baina letra ezberdinarekin, Erreginordea eta Alfonso XIII Errege Jaunaren ohorezko konpartsa ospatu zen, “Laurak bat” gehituz.
        1998an, Groseko Kaldereroen Konpartsaren iniziatibaz eta José Mª Oiarzabalen laguntzarekin, obra hauek berreskuratu ziren eta 1999an Eskolak antzeztu zituen.

 

 

KALDEREROEN KONPARTSA


         Konpartsa hau 1884an inauguratu zen. Sarriegiren ekoizpen honi buruz  “de las más hermosas que han salido de su inspirada pluma” (2) esan zen. Goizeko hamarretan Lasala plazatik ateratzen zen eta Donostiako kale nagusienak zeharkatzen zituen. Honela zegoen osatua: Bi heraldo zaldi gainean, zazpi zaldundun jendarme, konpartsari lekua irekiz hemezortzi jendarme oinez, ehunta hogei kalderero hungariar, 50 genizaroz osatutako musika banda, hungariarren familiak eramaten zituzten bi karro handi.
         Tribuko nagusiak ingude eta mailuarekin erritmoa jartzen zuen eta kaldereroek kontradenbora markatzen zuten euren zartaginekin.
         Konpartsaren espainolerazko letrak Adolfo Combarenak ziren eta euskarakoak Victoriano Iraolarenak.
         Candelariaren egunean ateratzen zen konpartsa honen aurrekaria 1828ko Turkiar Kaldereroen Konpartsa izan zen.

 Euskal Billera elkartearen kaldereroak, 1923


         1909an Euskal Billera elkarteak bere gain hartu zuen antolaketa. Pepe Artolak zuzendu zuen eta goizez atera zen. 1912an, jai eguna izateari utzi eta ez zen berriro ere ospatu.
         1924an Gaztelupe Elkarteak konpartsa berrantolatu zuen eta gauez ospatu zen. Gora behera ezberdinengatik tarteka ez da ospatu izan, 1972an Gaztelubideko kideek bere gain hartu zuten arte.
         1985ean Groseko Kaldereroen Konpartsa sortu zen. 2004tik aurrera emakumeak parte hartzen hasi ziren, abestuz eta zartaginei eraginez. Honen ondorioz konpartsa bitan banatu zen: bata mistoa, hots ofiziala, eta tradizionala edo jatorrizkoa, non emakumeek bigarren mailako papera duten zingara moduan.

 

 

 

ARTZAI KONPARTSA

 

       1886ean Union Artesanak eta La Fraternalek antolatu zuten ikuskizun hau. Konstituzio Plazaren ordez, Zezen plaza hautatu zuten ikuskizuna emateko. Arrazoia, beste batzuen artean, donostiar kopuru handiagoa hurbildu ahal izatea zen. Ikuskizuna jada ez zen doakoa baino ahalik eta preziorik merkeenak jarri zituzten, tendidu bat edo bi klase txiroenarentzat gordetzen zelarik.
        Konpartsan 200 pertsona baino gehiagok parte hartu zuten gizon, emakume, haur, abesbatza eta musikariak kontutan hartuta. Era berean, urteko sasoiak ordezkatzen zituzten lau karrozek hartu zuten parte. Modu honetan Artzai Konpartsak plazetan desfilatu ostean, dantza ikusgarriak eskaintzen zituen. Abesbatzek, Victoriano Iraolaren letrekin Raimundo Sarriegik konposatutako zortzikoa abestu zuten. Díaz y Cía argitaletxeak 1898.urtean Konpartsa honen kontradantza kaleratu zuen “El Carnaval de San Sebastian” izenburuarekin.

 Jatorria:Koldo Mitxelena

 


SARDINAREN EHORZKETA


         1886. urteko inauterietako asteartean, sardinaren ehorzketa ospatu zen arratsaldeko 8etan. Jai honetan berrikuntza batzuk egin ziren. Danborren banda kentzeaz gain, Santestebanen musika Raimundo Sarriegiren musikaz ordezkatu zen. Pieza berri hauek, inauterietakoak nagusiki, “El Eco de San Sebastian”-en azaltzen denaren arabera, publikoari ez zitzaizkion gehiegi gustatu.

 

 


IRUTXULO KONPARTSA


         “Marinelen konpartsa” bezala ezagutzen da ere. 1890ean hasi zen Raimundo Sarriegiren musikarekin. Izatez, ez da inauterietako konpartsa, abuztuan desfilatzen baitzuen. Badakigu Sarriegik musika konposatu zuela (3), baina tamalez, ez dugu musika hori jasotzerik izan.
         Aizkoraz hornitutako 150 haurrei, 52 musikariz osatutako taldeak jarraitzen zion. Atzetik, Marinel eta dantzariz osatutako 16 bikote zihoazen. Gizonezkoek arraunekin eta emakumeak koloretako gasekin. Atzetik, konpartsa amaitzeko, 8 marinel zahar eta Neptuno jainkoa sinbolizatzen zuen karroza zoragarriak zihoazen.
         Emanaldia zezen plazan eskaini zen eta dantza eta abestiz osatua zegoen.

 

 


 

(1) José Manterolak honen berri eman zuen Euskal Erria aldizkarian “Del carnaval del año 1870 recordamos la corrida de toretes, verificada en la misma plaza, y las maniobras, por vía de despejo, de la caballería sobre viejas, ejecutadas por primera vez, con general aplauso...”

(2) El Eco de san Sebastián, ostirala, 1884ko otsailaren 1a

(3) La Época (Madrid), 1890eko abuztuaren 2a


 


ERESBIL

Musikaren euskal artxiboa
Tel.: (34) 943-000868 • Fax: (34) 943-529706
E-mail: bulegoa@eresbil.eus