Inicio de la página-EU

AYUDAS A LA ACCESIBILIDAD-EU

RAIMUNDO SARRIEGI

1838-1913


DONOSTIAKO DANBORRADA


         Ez dakizu zein izan zen Danborradaren jatorria, eta historiagile askok jatorria 1836 inguruan kokatzen badute ere, garaia eta moduari buruzko datuak hipotesiak besterik ez dira. Javier María Sadaren bertsioaren arabera, Kañoietan eta San Vicente iturrietan kokatzen da jatorria, okin eta urketariak goizean beren lanetarako uraren bila zihoazenean. Trinitate Kalean zehar, iturri hauek kokatzen diren kalean, guardiaren erreleboa ematera zihoazenak danborren soinuan desfilatzen zuten. Agian urtarrilaren 20 batean, hiriaren patroiaren egunean, zenbait gautxorik sagardotegiak itxi ostean, eta etxera edo sokamuturrerako bidean, zenbait lata edo kupel hartuko zituzten eta desfileari jarraituko zioten, aurrerago danborrada izango zenaren hastapen gisa.
         Dena den, hasierako danborradak ez du gaurkoarekin zerikusirik, hastapenetakoa nahiko eragabea eta mozorrotua zen eta ez uniformatua gaurkoa bezala.
         Sarriegiren martxak ezagunak egin ziren arte, gaur egun oso ezagunak diren “Pastelero” edo “Idiarena” (1)doinuak interpretatzen ziren eta Euterpe bezalako bandek jotzen zituzten. 1838an, José Juan Santesteban bere maisua zenak, San Sebastian egunerako lehen Martxa Zortxikoa konposatu zuen, eta horrela errepertorioa poliki-poliki berrituz joan zen, Sarriegi maisuaren abestiekin.
         Garai hartan Puyuelo kalearen 11. zenbakian kokatua zegoen La Fraternal elkartearekin hasi zen Danborrada inauterietako konpartsa izaten. Elkarte honek, Plaza Berrian ospatzen zen sokamuturrera abiatzeko danbor desfilea antolatu zuen 1870ean. Gerrate Zibila izan zen urteak salbu, 1874-1876, danborrada hauek Union Artesanarekin jarraitu zuten.
         1879an La Fraternal eta La Unión Artesana elkarteak ados jarri ziren inauteriak ospatzeko eta ospakizunaren baitan danborrada barneratu zuten, lehen aldiz ordenatua zegoelarik. 1881ean hiriko agintariek elkarte hauei ingelesek 1813 urtean utzitako danborrak eman zizkieten. Urte hartan goizeko dianaz gain, gaualdean Alde Zaharreko kaleetan zehar inprobisatutako erretreta antolatu zen. 1882an, Angelito Minondoren zuzendaritzapean, uniformatutako danborrada Lasala Plazatik atera zen, eta lehen aldiz, gauean ere atera zen. 1882 eta 1883an Euskal Erria aldizkarian Adolfo Morales de los Ríos arkitektoak jarri zituen argazkiei esker, kabalgatan parte hartu zuten talde eta jantziei buruzko xehetasun gehiago ditugu.
         Konpartsa ezberdinez osatutako San Sebastian jaia, inauteriaren ataria da, urtero aldaketa eta parte hartzaile berriak zituena. Urtetik urtera jaia garrantzi gehiago hartuz joan zen: mozorro dantzak, kontzertuak antzokietan eta abar egiten hasi ziren, beste ospakizun herrikoiei gehituz, txistua eta danbolinaren doinuan ospatzen ziren sokamuturra eta zezensuzkoa adibidez.
         1884 urtean, danborren aurretik zapadoreen eskuadra sartu zen konpartsan. 1885ean, Andaluziak izandako hondamendiak zirela eta, donostiarrek erabaki zuten jaietan kaltetuentzako funtsak lortzen saiatzea. Elkarteek Estudiantina antolatu zuten eta Sarriegik horretarako “Plegaria y Jota konposatu zuen Adolfo Combaren letra izan zuena. Hurrengo urtean “Ataque de Errico-semes” konposatu zuen Sarriegik.
         Baina guztietan aipagarrienak 1900eko inauteriak dira. La Unión Artesana elkarte guztietako ordezkariekin elkartu zen inauteri ahaztezinak antolatzeko asmoarekin. Urtarrilaren 20aren bezperan, gaueko 12etan, Union Artesanaren egoitzan, Lasala Plazan, bandera altxatu zen. Urte horretan, goizean ateratzen zen danborradan, jantziak eta musika estreinatu zituzten. Sarriegik Itsaskiak lurrean eta “Txipiroi baten atsekabeak” (2) konposatu zituen data honetarako. Heraldoek zaldi gainean ireki zuten konpartsa, atzetik txipiroiez mozorrotutako gastadoreak arrantzale batek gidatuta zihoazelarik. Atzetik, lanpernaz mozorrotutako danborrak eta barrilak, muskuilu eta lapen banda, eta zisneen gainean zihoazen igelak. Karroza zoragarri batek ixten zuen konpartsa, marinel motiboz hornituta, Easo Ederrarekin.
         Urtez urte danborradak ospatu ziren, urte batzuetan besteetan baino hobeago, zenbaitetan aurrekontu faltagatik festak distira galdu zuelarik. 1903 urtean, sokamuturra galarazteko erabakiaren ostean, Unión Artesana elkarteak danborrada ez ospatzea erabaki zuten. Gertakari honek donostiarrak haserrarazi zituen Cayetano Sánchezen ondoko bertsoek adierazten duten moduan:

“Isildu gure donostiako
ez baita festarik
iñauteriz jokatzen
erbada idirik...”.

        1905ean danborrada berpiztu zen. Donostiara jende ugari hurbildu zen, izan ere urte honetan bertan Maria Cristina zubia inauguratu baitzen. Sporti Clai, Port Arthur eta Amistad Donostiarra elkarteak izan ziren antolatzaileak.
        Mendearen lehen urte hauetan “danborrerista” eta “antidanborreristen” arteko eztabaida sortu zen, azken hauek danborradetako kideen jarrera salatzen zuten ganberrotzat joz. Halaxe jaso zuen “La Constancia: diario íntegro fuerista” medio tradizionalak. Egunkari honen erasoak urte askotan errepikatu ziren, baina danbor zaleak garaitu ziren eta poliki poliki beste danborrada batzuk gehitu ziren jaira.
        Aipagarria da 1913 urtea, hiriaren sute eta hondamendiaren mendeurrena eta Sarriegi hil zen urtea izan zelako. Lehen aldiz, lau elkartez osatutako danborrada batek desfilatu zuen irailean: La Unión Artesana, “Euskal Billera”, “Sporti-Clai” eta “Donosti Zarra”.
        Hurrengo urtean eta bere heriotzaren urteurrenean dolua adierazteko, ez zen danborradarik egin egun honetan (3). Horren ordez, musikariaren aldeko omenaldi hunkigarri bat antolatu zen, beste batzuen artean elkarte ezagunenak, Donostiako Orfeoia eta Udal Musika Bandak parte hartu zutelarik. Musikariaren etxeraino joan ziren eta bertan plaka estalgabetu zuten eta ekitaldiaren omenezko dokumentua eskaini zitzaion familiari.
        Lehen gerrate zibilaren urteetan (1914-1917) Espainiaren neutraltasunak Europa guztiko burgesiako familia ugari erakarri zituen hirira. Belle-Èpoque-aren garaia zen eta klub pribatuetan saloiko dantzak eta aparteko festak sarritan antolatzen ziren. Honek ez zuen eragotzi jai herrikoiek paraleloki normaltasunez ospatzen jarraitzea.
        Hogeigarren hamarkadako urte zoriontsuetatik bat aukeratu beharko bagenu 1927koa izango litzateke. Urte honetan Haur Danborradak parte hartu zuen lehen aldiz, Mauricio Echániz-ek bultzatuta eta Euskal-Billerak antolatuta. Desfilea irekitzen zuten zaldi gaineko heraldoek, gastadore txikiez jarraituta. Pilar Tabernak zeraman bandera eta bere anaiak, Alfredo Tabernak, zuzendu zuen Danbor Nagusi moduan. Atzetik danborrek eta barrilek desfilatu zuten.
        Euskal-Billerako haur danborradak ia etengabe bakarka jarraitu zuen 1961 arte (4), Donostiako beste ikastetxeetako konpainiak batzen hasi ziren arte.
        Beste data aipagarria 1929 urtea da, Donostiako Turismo eta Atrakzio Zentroa sortu zenean. Jaien antolaketan parte hartzen hasi zen beti ere Donostiako elkarte ezagunenen laguntzaz; Maiatzaren 4ean, Errepublikan bete-betean, Raimundo Sarriegi izena eman zitzaion ordu-arte Plaza de las Escuelas deitzen zitzaionari.
        Asalduzko urteak izango ziren zetozenak; festa makalduz joan zen gerrate zibilean erabat desagertu zen arte. Honen ostean, 1940ean, 2 danborrada baimendu ziren, Gaztelubide eta Unión Artesanarenak hurrenez hurren, baina ez ziren festarako garaiak haiek. 1965eko garai gris hartan, generalisimoaren bilobak haurren danborradako General moduan desfilatu zuen Donostiako kaleetan zehar.
        Denbora aurrera zihoan heinean, gizartean ematen ari ziren aldaketak danborradan ere nabarmendu ziren. 1980ean Kresala Elkarteko danborradan emakumeek parte hartu zuten suila eramanez, danborradako urketari moduan. Gainontzeko danborradek tradizioa galdu eta berarekin bat festa ere galduko zela argudiatu zuten. Hasiera haiek ez ziren errazak izan. Zailtasunak zailtasun, poliki-poliki emakumeak parte hartzen hasi ziren eta 90. Hamarkadan danborrada gehienek emakume urketariak barneratu zituzten eta egun, gehienak danborrada mistoak dira.
   


 (1) Abesti honi Iriyarena, Sheshenarena edo Zezenarena ere deitzen zaio. Jesús Mª de Arozamenak Sarriegiri egozten dio Viejas canciones donostiarras-en esaten duenaren arabera. Beste batzuk, Jose Ignazio Ansorena kasu, José Juan Santestebanena dala diote Cancionero Popular Vasco-n esaten denaren arabera.
(2) Pieza honen musika ez da gure eskuetara heldu.
(3) Urtarrilaren 25era pasa zen
4) 1937 - 1939 urteetan gerrate zibilagatik bertan behera gelditu zen; 1944an gizartearen protestagatik, 1950an elkartearen kontroletik kanpoko arrazoiengatik eta 1969an salbuespen egoeragatik (Sada, Javier. Hernandez, Tomás. Sociedad Euskal-Billera, 1901-2001. Donostia: Elkarlanean, 2001. 21 orr.)  


ERESBIL

Musikaren euskal artxiboa
Tel.: (34) 943-000868 • Fax: (34) 943-529706
E-mail: bulegoa@eresbil.eus