“Errenteriako XIV. mendeko idiosinkrasiara hurbilduko gaituzten hainbat lan aukeratu ditugu”.

Khantoria taldeak kontzertu berezia eskainiko du ostiralean, hilak 23, Magdalena ermitan, Errenteria hiriaren sorreraren 700. urteurrena ospatzeko. Ander Berrojalbiz musikariak erromes eta marinelen soinuetan murgiltzen lagunduko gaitu.

  • Garai hartako, XIV. mendeko, zein gai eta soinu entzun ahal izango ditu ikusleak?

Hiribilduaren sorrera-data (1320) eta kontzertua eskainiko dugun eraikina – Magdalenaren ermita,  erromesen ospitalea ere izan zena – kontuan hartuta, XIV. mendean hiribilduaren idiosinkrasiara hurbilduko gaituzten hainbat lan hautatu ditugu. Done Jakue bideak zeharkatzen duen hiribildua denez, kultura-trukearen bidea, gregorianoa obrak entzungo ditugu, Magdalenari eskainiak, bideari lotutako ereserkiak (Dum pater, Pelegria naizena) eta bidaiariek abestuko lituzketen baladak (Bereterretchen Khantoria, Une mousse de Biscquaye); eta itsasoarekin duten loturagatik, jatorri iluneko abestiak (Jançu janto) eta bertsioak.

Obra hauek interpretatzeko, gure ohiko partaideez gain, Ander Berrojalbiz (biolina eta rabela), Maider López (biola) eta Virginia Gonzalo (organetto), Lorena Garcíaren (sopranoa) laguntza izango dugu.

  • Nola animatuko zenuke jendea Magdalena ermitara gerturatzera emanaldi honekin gozatzera?

Bizitza soilaren eta gure bizimoduaren artean aukeratzea eskatzen zaigun garai batean bizi gara. Agian orain arte, ez dugu hainbeste hausnartu gure bizimoduaren hainbat arloren inguruan; horregatik, zerbait egiteko erabaki bakoitza (kontzertu batera joatea kasu honetan) ekintza hutsa baino askoz gehiago da. Musika, entzundakoa edo eta gogora ekartzen duguna, beti izango da hausnarketarako lagun ona.

  • Khantoria taldeak hamar urte bete ditu 2020an. Zer balantze musikala egin dezakezue hamarkada honen inguruan?

Khantoria, antzinako musikarekiko zaletasuna eta honen inguruko ikerketa islatu ahal izateko proiektu bezala sortu zen, Musikaren Historian modu praktiko batean arakatzeko eta, era berean, bere istorioak kontatzeko. Ahalegin horrekin, hamar urte hauek musikari eta artista talde zabal batekin elkarlanean aritzeko aukera izan dugu, eta horrek are interesgarriagoa egin du bidaia; horrela jarraitzea espero dugu.

  • Beste zerbait gehiago gehitzeko…

Eskerrak eman behar dizkiogu Musikasteri programa honen enkarguarekin gugan jarritako konfiantzagatik. Beti da plazera Errenteriara itzultzea, musika hainbeste baloratzen duen lekura, bereziki euskal musika eta bere historia.