Duela 700 urteko grabazioak entzuteko aukera izango bagenu, zer entzungo lukete, zer kantatuko lukete, zein instrumentu joko lituzkete hiribildua osatzen zuten biztanleek?
Baina pentsa dezagun ez zirela orain garen ia 40.000 horiek. 1320an eta bere lehen mendean zehar, ez dirudi berrogeita hamar bizilagun baino gehiago izan zirenik. Nahiz eta beren sentimenduak azaleratzea gustatzen zitzaien. 1535ean Udalak erabaki zuen: “ningunos mozos e mozas no anden cridando [ohiuka]”.
XVI. mendera arte itxaron behar dugu, 1523an, lehen albiste musikala izateko, Debatik organoak ekartzen dituztenean, seguraski bertara itsasontziz iritsiko zirenak. Ordutik ditugu organo jotzaileak Errenterian, baina baita txistulariak ere (lehena 1547an agertzen da), San Joan jaietan jotzen. Ordutik, organoa eta txistua izan dira ondorengo belaunaldien oroimenean iraun duten musika-tresnak.
Elizaren barruan organoa ahotsek laguntzen zuten lehendabizi, eta une berezietan zenbait instrumentlguk ere parte hartzen zuten adibidez, Donostiatik zetozen biolinak eta tronpak. Abesbatzak XIX. mendean azaldu ziren.
Elizatik kanpo, txistua zen protagonista; auzotarrak dantzan aritzen ziren, normalean erromerietan, Magdalenaren basilikaren ondoan egiten zirenak kasu.
XVII. mendearen hasieratik, “Dozena bat gizonekin dantza edo kriskitin-dantza” aurkitzen dugu. XIX. mendean jada brokel-dantza edo makil-dantza gisa agertzen diren dantzak dira, eta gaur egunera arte mantendu dira Ereintza edo Iraultza bezalako taldeen baitan. Eta dantza Kukai eta Dantzaz Konpainia bezalako taldeetan garatu eta eboluzionatu da.
Garai erromantikoraino itxaron behar dugu, gure bizilagunen batek musika sorkuntzaren deia sentitzeko. Ignacio Tabuyo, abeslari eta konpositorea lehena, ondoren Nicanor Albisu, Julíán Lavilla, Valentín Manso, José Luis Ansorena, David Tellechea, Hipolito Zubillaga, Patxi Larrañaga edo Eunate Prieto izan ziren, Errenterian jaio edo Errenteriari lotutako musikagileak.
Izen esanguratsuen artean, Angel Echeverria abeslaria, Mª Josefa Valverde organista, Ignacio Ubiria gitarrista, Juan Etxebeste biolinista, Félix Lavilla pianista, Dora Alquiza abeslaria, Pedro Corostola biolontxelo-jotzailea eta haren anaia Patxi Corostola, Maite Arruabarrena eta Itziar Lesaka abeslariak eta Lourdes Lecuona biolontxelo-jolea ditugu.
Musika tradizionalaren esparruan hainbat dira errenteriarrek bildutako kantutegietan agertzen diren abestiak, edo hiribilduari lotutakoak. Nork ez du ezagutzen Donostiako hiru damatxo Errenderian dendari abestia …?. Baina, beharbada, bertsolaritza izan da sortzaile nabarmenak eman dituena, Xenpelar buru, Txirrita edo Xabier Olaskoaga ahaztu gabe, ereserki eta elkarteetako abesti testu ugari idatzi zituenak. Gaur egun Xenpelar Bertso Eskolak bizirik eta bultzadaz mantentzen du Errenteria-Oreretan bertsolaritzaren tradizioa.
Lehen musika ikasketak Udal Bandaren baitan eman ziren; txistua Ereintza Elkartean baitan irakasten zen. Aurrerago Errenterial Musikal sortu zen. Oinarri horretatik sortu dira Errenterian jarduera garatzen duten musika-erakunde ugarietako kide izan diren ehunka musikari.
Musika Kultur Elkarteko Bandak, aurretik . banden lekukoa hartu zuen eta bere musikarekin herriaren une garrantzitsu guztietan egon da.
Abesbatza ugari ere izan ditu Errenteriak, parrokiatik hasi eta gaur egungo formazioetara, Andra Mari korala, Landarbaso Abesbatza, Otxote Karnaba, Hirusta abesbatza, Zaria Koru Eskolako taldeak edo Gabonetarako sortzen diren hainbat abesbatzen taldeak.
XX. mendean zehar musika taldeak eboluzionatu eta hor ditugu adibide bezala, Guezala edo Los Incansables orkestrak, Iraultza Fanfarea, TNT edo Bihotz Erre, eta EMTE (Errenteriako Musika Tolen Elkartea) kolektiboko taldeak.
Aurreko guztiari DJak, errozioko peñak, dantza tradizionalaren sustatzaileak, areto, zumba edo funky dantzen akademiak gehitzen badizkiogu, musika-zale sare sozial garrantzitsua dugu, orain dela 700 urte bezala, musika bizitzaren ezinbesteko elementutzat ulertzen eta gozatzen duena.

XVI. mendera arte itxaron behar dugu, 1523an, lehen albiste musikala izateko, Debatik organoak ekartzen dituztenean, seguraski bertara itsasontziz iritsiko zirenak.

XVII. mendearen hasieratik, “Dozena bat gizonekin dantza edo kriskitin-dantza” aurkitzen dugu. XIX. mendean jada brokel-dantza edo makil-dantza gisa agertzen diren dantzak dira, eta gaur egunera arte mantendu dira Ereintza edo Iraultza bezalako taldeen baitan.

Garai erromantikoraino itxaron behar dugu, gure bizilagunen batek musika sorkuntzaren deia sentitzeko. Ignacio Tabuyo, abeslari eta konpositorea lehena, ondoren Nicanor Albisu, Julíán Lavilla, Valentín Manso, José Luis Ansorena, David Tellechea, Hipolito Zubillaga, Patxi Larrañaga edo Eunate Prieto izan ziren, Errenterian jaio edo Errenteriari lotutako musikagileak.

Lehen musika ikasketak Udal Bandaren baitan eman ziren; txistua Ereintza Elkartean baitan irakasten zen. Aurrerago Errenterial Musikal sortu zen.