Juan Crisóstomo de Arriaga
Bilbon jaio zen, Somera kalean, 1806ko urtarrilaren 27an. Bi urte lehenago, 1804an, gurasoak, Juan Simón de Arriaga eta María Rosa de Balzola, Gernikatik Bilbora lekualdatu ziren, bost seme-alabarekin batera.
Aitak gaztaroan Berriatuan organista gisa jardun zuen, eta haren anaia Ramón Prudenciok, hamahiru urte zaharragoa, biolina eta gitarra jotzen zituen. Familia-ingurune horrek, eta 1811tik aurrera Ronda kaleko eraikin bereko ganbaran Santiago elizako kapera musikaleko tenore eta bibolin-jolea zen Fausto Sanz ere bizitzeak, Juan Crisóstomoren musika-bokazioa piztu zitekeen testuingurua osatzen dute. Bestalde, José de Sobejanok 1815 eta 1820 artean Santiago eliza bereko organista gisa lan egin zuen. Honek 1826an El Adam español o Lecciones metódico-progresivas de Forte piano metodoa argitaratu zuen, non 38. ikasgai gisa “Romance de Arriaga” izenekoa jasotzen den.
Arriagak, 11 urte besterik ez zituela, Nada y mucho izeneko obra idatzi zuen, Luisa de Torres y Urquijori eskainia. Gerraren oroitzapenek sortzen zuten giro sozial tentsatuan, aldi berean ingurune postilustratuetatik eta merkataritza-sektore indartsuetatik eratorritako jarduera sozial eta musikal bizi bat garatzen ari zen. Torres-Urquijo, Villabaso edo Juanita Mazarredoren etxeetako areto pribatuetan Arriaga ganberako musikaren jardunean trebatu zen.
1819an, 13 urte zituela, Los esclavos felices opera konposatu zuen, gaur egun zati batzuk baino kontserbatu ez direnak. Ordurako, Arriagaren familia-ingurunea Parisko hiriburura jauzia emateko beharrezko sostenguak bildu nahian ari zen.
1821eko azaroaren 29an, Juan Crisóstomok École Royale de Musique-n sarrera eskatu zuen. Bere ametsa kontrapuntu-eskolak hartzea zen, konposizioko bigarren maila, François-Joseph Fétisen klasean sartuz. 1822ko urtarriletik aurrera Guérinen biolin-klasean entzule gisa ere onartua izan zen. Bitxia bada ere, kontserbatorioko Luigi Cherubini zuzendariaren erreforma baina hilabete bat lehenago —atzerritarrei ikasle gisa soilik sartzea baimentzen ziena—, Arriaga 1823ko uztailaren 24an Pierre Baillot katedradunaren bibolin-klaseko ikasle bihurtu zen. Hilabete geroago kontrapuntuko bigarren saria eskuratu zuen, hurrengo urtean berritu zuena. Arriaga Fétisen laguntzaile izendatu zuten, eta eginkizun hori 1826ko urtarrilaren 12ra arte bete zuen, hil baino egun batzuk lehenago.
Parisen eman zuen azken garaian, Arriagak bere hiru hari-laukoetak argitaratu zituen, eta bere indarrak kantatak eta erromantzeak idaztera bideratu zuen (Médée, Ma tante Aurore, Oedipe à Colonne, Herminie, Agar dans le desert). Testuak eta instrumentazioa kontuan hartuta, Prix de Rome sari ospetsura aurkezteko asmoa zuela esan daiteke. Baina bere indar fisikoak mugatuak ziren. Juan Crisóstomo de Arriaga 1826ko urtarrilaren 16an hil zen Parisen, hogei urte bete aurretik. Hurrengo urtean, 1827an, Pedro Albéniz y Basanta piano-jotzaileak Arriagaren aitari idatzi zion:
« Zuen semea Parisen ezagutu nuen, eta berarekin ia sei hilabetez harreman estua izatea gozamen handia izan zen, azken eguna arte bisitatzea, hil zen arte, samin handia utziz […]. Bere gaitzaz bestelako ezer ezin dut esan, nire ustez bularreko arazo bat izan zuela, Kontserbatorioko Kontrapuntu sailak eskatzen zizkion lan nekezek eta etxean egiten zituen konposizio bereziek eraginda. Nik neuk, Fétis-ek, Reicha-k, Catel-ek, Boïeldieu-k, Berton-ek eta Cherubinik zuten iritzi bera nuen: orain arte egindako aurrerapenei eutsiz gero, zortzi urteren buruan Kontserbatorioko buruetako bat izango zen …».